Musika

Euskal Herriko Orkestra Barrokoak Zuberoako maskaradei heldu die bere lehen ikuskarian

Gaur Bilboko Arriaga antzokian izango dira, eta larunbatean, Donostiako Kursaalean. Miren Zeberio eta Enrike Solinis orkestraren sortzaileek Euskal Herritik kanpo ari diren musikariak bueltan ekartzea eta harrobia indartzea dute helburu, besteak beste.

Euskal Herriko Orkestra Barrokoa. EHOB-K UTZIA
Euskal Herriko Orkestra Barrokoa. EHOB-K UTZIA
garbine ubeda goikoetxea
Tolosa
2026ko otsailaren 26a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Musika klasikoak edo modernoak bezala, antzinako musikak ere garaian garaiko baliabideak, instrumentuak eta irizpideak eskatzen ditu interpretatzerakoan, jatorrizko soinuari ahalik eta fidelen izateko. Horretan adituak eta arituak dira Miren Zeberio (Tolosa, Gipuzkoa, 1983) eta Enrike Solinis (Bilbo, 1974) musikariak: 2006an Euskal Barrok Ensemble taldea osatu zuten, zeinak urteotan sona eta estimua lortu baititu nazioarteko jaialdietan. Eta hori aski ez, eta Euskal Herriko Orkestra Barrokoa sortu dute orain. Euskal Herritik kanpo dabiltzan arloko musikariak itzularazi, haiek hemen dabiltzanekin batu, harrobia indartu, pedagogia egin, eta, ahal dela, orkestra barroko profesional finko bat eratu; horiek lirateke musika zale amorratu hauen ametsak, baina bidea ez da laua, ez bederen Euskal Herrian. Momentuz, Masquerade ipini dute martxan, haien ahalak ez ezik Europako barroko garaiko musika, kantu molderik esanguratsuenak eta dantzak ere erakusten dituen ikuskaria. Gaur Bilboko Arriaga antzokian izango dira, eta larunbatean, berriz, Donostiako Kursaalean.

Ikuskariaren izenari igar dakiokeenez, Euskal Herriko Orkestra Barrokoaren lehen ikuskariak Zuberoako maskaradekin du lotura. Solinisek euskal kulturaren zaleei bota die amua: «Entzungo den musika oso polita da edozeinentzat; ez da astuna, erraz sartzen da, eta denetik dago: euskal dantzak, Euskal Herrian XVII. mendean jotzen zen musika, Julio Sotoren bertsoak...».

Euskal Herriko Orkestra Barrokoaren proiektuari heltzea behar bati erantzuna ematea bezalatsu izan da Solinisentzat: «Hemengo musikari asko kanpora joan gara ikastera, eta kanpoan joz bizi gara. Batzuetan, kanpoko orkestra baten bitartez etorri izan gara hona. Euskal Herriko Orkestra Barrokoa sortzea pauso naturala da».

«Orkestra instituzionalek sekulako aurrekontua izaten dute, baina gure filosofia bestelakoa da. Herriz herri mugitu eta entsegu irekiak eginez jendearekin sinergiak sortu nahi ditugu»

ENRIKE SOLINISMusikaria

Orkestra barrokoen funtzionamendu orokorraz mintzatu da Zeberio: «Normalki proiektuka egiten da lan. Entsegu epe bat izaten da, astebetekoa edo bi astekoa, eta gero kontzertu bat edo kontzertu bira bat izaten da. Musikari bakoitza bere lekutik dator, eta gero bere lekura itzultzen da». Instrumentuei dagokienez, orkestra barrokoetan ez dago, konparazio batera, tronboirik edo tronpetarik, ezta gaur egungo biolinik ere, ezpada lautea, arrabita, klabezina edota animalia tripaz egindako musika tresnak, besteak beste. Musikari kopuruari begiratuta ere, bestelakoak dira orkestra barrokoak. Solinis: «Orkestra sinfoniko batek ehun lagun izaten ditu, eta orkestra barroko batek, berriz, hogei inguru. [Johann Sebastian] Bachenak, esaterako, hamabost lagun zituen. Eta aretoak ere kopuru horren araberakoak ziren, ez gaur egungoak bezain handiak».

Euskal Herriko Orkestra Barrokoaren gaur egungo aurrekontua minimoa dela dio Solinisek: «Orkestra instituzionalek sekulako aurrekontua izaten dute, baina gure filosofia bestelakoa da; ez du ikustekorik soldata finkoekin. Herriz herri mugitu eta entsegu irekiak eginez jendearekin sinergiak sortu nahi ditugu. Zoritxarrez, baldintzak ez dira oso onak».

Musikarien egoera laboralaz ere aritu dira bata zein bestea. Zeberio: «Orkestretan dabiltzan musikariak freelance modura aritzen dira batik bat, eta bestelako lanak hartzen dituzte hileko saria osatzeko eta sektorean dagoen prekaritateari aurre egiteko». Irakasle lanarekin uztartzea izan liteke irtenbideetako bat, baina ez bakarra. Zeberio: «Gure arteko musikari bat okindegi bateko obradorean aritzen da kontzerturik ez duenean. Edonola ere, biak bateratzea ez da batere erraza».

Prekaritatea

Solinisek Euskal Herriko musikarien kalitateari jarri dio azpimarra: «Artista on asko dago, baina horietarik asko kanpoan dira. Haiekin batera urtean behin programa berri bat antolatzea litzateke gure helburua. Hemen bagara orkestra bat osatzeko lain, bai kopuruz, bai eta kalitatez ere». Nonbaitetik hasi behar, eta konfiantza dagoen tokitik hasi dira proiektuari forma ematen. Solinis: «Lehen pausoak emateko, gure curriculumaz baliatu gara, eta ezagutzen ditugun programatzaileengana jo dugu». Hain zuzen, halaxe lortu dituzte Arriagako eta Kursaaleko saioak. 

Baina areto jakin batean jotzeko kontratua lortzea ez da beti nahikoa proiektu batek aurrera egin dezan; besterik ere behar izaten da, Zeberioren arabera: «Kontzertu horiek egiteko jasotako diru sariarekin ezin duzu aurrez ordaindu 25 lagun lanean jartzeko plana: ostatua, dietak, bakoitzaren soldata... Kalitatea ezinbestekoa da guretzat, eta, horretarako, garrantzitsua da entseguari denbora eskaintzea».

Alde horretatik, Laboral Kutxatik eta Galdakaoko Udaletik (Bizkaia) heldu zaie bultzada. Bi erakunde horien babesari esker, zazpi eguneko prestakuntza egonaldia antolatu dute Galdakaon. Solinis: «10.000 euro eman dizkigute, eta toki bat utzi digute, eta horren truke entsegu irekiak egin ditugu bertan, ikus-entzule ororentzat. Gure lanari buruzko azalpenak ere ematen ditugu; besteak beste, eskoletako eta euskaltegiko jendeari».

«Kontzertu horiek egiteko jasotako diru sariarekin ezin duzu aurrez ordaindu 25 lagun lanean jartzeko plana. Kalitatea ezinbestekoa da guretzat, eta, horretarako, garrantzitsua da entseguari denbora eskaintzea»

MIREN ZEBERIOMusikaria

Izan ere, musikaren garrantziaz edota hark dakarren onurari buruz lan dibulgatiboa egitea ere xede du Euskal Herriko Orkestra Barrokoak; baita gazteei bidea erraztea ere. Horretarako, akademia baten gisako sistema hobetsi dute, Zeberiok azaldu duenez: «Deialdi bat zabaldu genuen musika tresna barroko bat jotzen duen 40 urtez beherako jendeak curriculumak eta bideoak bidal zitzan. Askok eman dute izena, eta horien artetik bost aukeratu ditugu». Bost lagun horiek ere, gainontzeko profesionalen pare, Arriagako eta Kursaaleko kontzertuetan parte hartuko dute.

Zeberio egoeraz kezkatuta agertu da: «Kursaalera datorren edozein orkestrak laguntza instituzional handia du bere herrialdean. Horregatik etor daiteke hona prezio jasangarri batean. Hemen ez dago halakorik». Alta, funts instituzional bat baino gehiago, arreta eta inplikazioa eskatzen dute. Solinis: «Laguntzarik onena programatzea da. Emaitza goi mailakoa izango da beti. Orkestra kontratatzea hemengo jendeari lan ematea eta sinergiak sortzea da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.