Bihar hasiko da Ziburuko liburu eta disko azoka. Baltsan elkarteak eta Argia-k antolatu dute urteroko euskara hutsezko kultur hitzordua. Aurten 43 argitaletxe izanen dira, eta orotariko egitaraua prestatu dute, Ladix Arrosagarai (Ziburu, 1959) antolatzailearen arabera. Azokaz gain, sei ekitaldiz osatu Azokaroa antolatu dute; apiril hondarrean hasi eta joan den astean bukatu zen. Ekitaldiak herriz herri antolatu ondotik, Ziburu euskararen arnasgune izateko prestaketa betean dira.
Azokaroa bukatu berri da. Zer balorazio egin duzue?
Ez dugu oraino baloraziorik egin. Lehen inpresioa da ongi joan dela. Jende kopuruaren aldetik aski gorabeheratsua izan da, baina sumatu dugu Azokaroa antolatu dugun tokietan hango jendea hitzorduetara joan dela. Hori zen gure helburua funtsean: jendea azokara hurbiltzeaz gain, guk azoka herrietara eramatea. Adibidez, Donibane Lohizunen Ekaitz Bergaretxeren liburu aurkezpena egin genuen eta 30 herritar inguru bildu ziren. Oro har baikorra da egiten dudan balorazioa, eta, ondorioz, pentsatzen dut manera berean segituko dugula heldu den urtean.
Euskara hutsezko azoka sustatzen duzuenez, Euskaraz bagara lemarekin zabalduko duzue aurtengo azoka.
Garrantzitsua da guretzat euskara hutsezko azoka antolatzea euskarak herri egiten gaituelako. Parean ditugun etsaiak kolonialistak dira, eta euskara suntsitu nahi dute. Gainera, haiek biziki argi dute hizkuntzak egiten gaituela. Biziki argiki esplikatu zuen joan den azaroan Emmanuel Macronek Frantziako Akademian egin diskurtsoan frantses nazioa frantsesak eta Estatuak fabrikatzen dutela. Hain zuzen ere, euskara suntsituz eta ordezkapen prozesu bat plantan emanez eraikitzen dituzte nazioak. Guk aldarrikatu nahi dugu herri bizi bat garela eta, hizkuntzaz gain, kulturak ere herri egiten gaituela, eta horregatik sustatu nahi dugula euskarazko sorkuntza. Biziki herri dinamikoa eta bizia gara, eta sortzaile biziki onak eta orotarikoak ditugu. Orduan, babestu, sustatu eta zabaldu behar da gure kultur eskaintza.
Gisa horretan Aurelia Arkotxa idazle eta irakaslea omenduko duzue.
Egia da lehen bi azoketan ez zela omenaldirik egin, eta ondotik hasi ginela hori egiten. Janbattitt Dirassar, Luzien Etxezarreta eta Daniel Landart izan dira orain arte omendurikoak. Denak gizonezkoak dira, eta emazte bat izatea nahi izan dugu aurten, eta heldu den urteetan ere horrela izatea nahi genuke. Egia da euskal kulturan gehienbat gizonak aipatzen direla, baina emazteek ere sekulako lana egin dute. Aurelia Arkotxa proposatu genuen, eta aho batez bozkatua izan zen. Prozesu bera izaten dugu azokan liburu aurkezpenak hautatzeko. Argia-k eta Baltsanek hautapen batzorde bat egiten dugu urteko berritasunak hautatzeko. Oreka bat xerkatzen dugu argitaletxeen artean eta literatur generoen artean. Bertzalde, gizonen eta emazteen arteko oreka ere zaintzen dugu, baita Iparraldeko eta Hegoaldeko idazleen kopurua ere.
«Azokak erakusten du euskarak herri izateko bidea ematen digula eta zatitzen gaituen muga hori gainditzeko eta ezabatzeko balio duela»
Bide batez, nehoiz baino argitaletxe gehiago izanen dira azokan.
43 argitaletxe izanen dira aurten. Tartean, argitaletxe berri batzuk; hala nola Nabarralde, Talaia, Rolariak eta Euskaltzaleen Biltzarra. Berri ona da hori, argitaletxeek badakitelako ez dutela denborarik galtzen. Iaz, konparazione, kalkulatu genuen bisitari kopurua kontuan harturik bakoitza liburu batekin abian zela etxera, guti gorabehera. Salmenta ederrak egiten dira. Durango bati konparatuz ez du deus ikustekorik, baina badakigu beste azoka batzuetan argitaletxeek ez dutela liburu bakar bat ere saltzen.
Egitarauko berritasunen artean, zein azpimarratuko zenuke?
Aurten Gipuzkoatik Rolariak elkartea etorriko da, eta rol partidak eskainiko ditu euskara hutsean. Arratsaldean izanen dira, herriko etxearen aitzinean. Aurkeztuko diren sei liburuen artean, berriz, Jose Auxtin Arrietaren Palinpsestoa entsegu liburua azpimarratuko nuke, Maiatzekin argitaratu duelako. Hori ederra da disko eta liburu azokak nazionala izateko xedea baitu. Bi aldeetako antolatzaileak, argitaletxeak eta jendeak batzen ditu azokak. Horrek erakusten du euskarak herri izateko bidea ematen digula eta zatitzen gaituen muga hori gainditzeko eta ezabatzeko balio duela.
Umorearen mugak ezabatzeko parada eskainiko duzue aurten ere.
Euskaraz egiten denari plaza bat ematea eta jendeari ezagutaraztea da gure helburua. Egia da 2021ean Pantzo Irigarairekin hasi ginela umorezko saio bat egiten, eta aurten Maialen Berra gomitatu dugu. Frantziako Estatuan stand up fenomenoa biziki hedatu da, baina azken urteetan ere erakutsi dugu euskaraz sor daitezkeela mota horretako ikuskizunak. Anitzetan guhauren buruaz irri egiteko eta gure akatsak zuzentzeko baliatzen dugu umorea. Horren karietara, euskal hiztunari egun bat proposatu nahi diogu euskaraz lasai bizitzeko, jendea ezagutzeko parada eskainiz eta estres linguistikorik gabe ibiltzeko. Frantsesaren eta gaztelaniaren presiorik gabe, euskaraz naturalki aritzeko plaza eraikitzen dugu Ziburun.
«Frantsesaren eta gaztelaniaren presiorik gabe, euskaraz naturalki aritzeko plaza eraikitzen dugu Ziburun»
Doinuelen izateak ere laguntzen du helburu hori betetzen?
Bai, sare nazionala da Doinuele, eta garrantzitsua da bakoitza bere xokoan izan ordez esperientziak trukatzea eta elkartasun sare bat sortzea. Bederatzi plaza gara, eta aurten Hondarribitik ere gurekin harremanetan sartu dira taldea integratzeko. Sare hori pixkanaka hedatzea garrantzitsua da, euskarazko kultur zaleari bidaia bat proposatzeko euskara hutsezko bederatzi plazetan barna euskal literaturaz eta musikagintzaz gozatzeko.
Euskaldunentzat arnasgune bat baino gehiago da Ziburuko azoka?
Iaz, norbaitek erran zigun Bertsolari Txapelketa Nagusiak bezalaxe Ziburuko azokak ere sekulako bultzada ematen diola euskararen aldeko borrokan segitzeko. Jendeak anitz eskertzen du gure lana, pilak kargatzeko plaza bat delako gure azoka.