Zinema

Euskal kondairarik beltzenei gorazarre

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Astean egingo du estreinakoa 'Gaua' Paul Urkijoren hirugarren film luzeak: gaur, 23:30ean, Kursaalean. Azaroaren 14tik goiti iritsiko da zinema aretoetara.

Iñake Irastorza, Paul Urkijo, Xabi Lopez eta Erika Olaizola, 'Gaua' filmaren afixaren aurrean. JON URBE / FOKU
Iñake Irastorza, Paul Urkijo, Xabi Lopez eta Erika Olaizola, 'Gaua' filmaren afixaren aurrean. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2025eko urriaren 31
18:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskarazko kultur produktuen aurkezpenetan ohikoa ez den kazetari eta argazkilari multzo baten aurrean egin du gaur Gaua filmaren gaineko agerraldia Paul Urkijo zinema zuzendariak (Gasteiz, 1984). Harekin batera, Xabi Lopez Jabato, Iñake Irastorza eta Erika Olaizola aktoreak eta Ander Sagardoi ekoizlea solastatu dira filmaren prozesuaz eta emaitzaz. Kondaira ilunei egindako omenaldia eta askatasunaren aldeko aldarria omen da Gaua; Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Astean eta zehazki Gau Beltzerako antolatutako ekitaldian proiektatuko dute, gaur, 23:30ean, Kursaalean. Azaroaren 14tik goiti iritsiko da zinema aretoetara.

Fantasia eta errealitate historikoa nahasiz egin du denboran atzera Urkijok, eta XVII. mendean inkisizioaren agindupeko sorgin ehizak gogorren jo zuen haranean girotu du bere lanik berriena. Filmaren izenburuak iradokitzen duen bezala, eguzki izpirik gabeko orduei atxiki zaizkien sineskeriak eta izaki mitologikoak astindu ditu.

Objektiboki begiratuta, gaua ez da unerik aproposena izaten filmaketan aritu behar duenarentzat. Urkijo: «Lokalizazio errealetan nahi izaten dut grabatu, eta gauez zaildu egiten da hori. Fantasia iluneko filma da Gaua, baina oso momentu ederrak ditu, baita emozio handikoak ere. Iluntasun horretan dauden argiak bilatu nahi izan ditut».

«Fantasia iluneko filma da Gaua, baina oso momentu ederrak ditu, baita emozio handikoak ere. Iluntasun horretan dauden argiak bilatu nahi izan ditut»

PAUL URKIJO Zinemagilea

Kattalin da filmeko protagonista nagusia (Yune Nogueiras), eta hari konektatuta daude gainontzeko pertsonaia guztiak, bereziki Maritxu lagun mina. Hala uste du Maritxuren larruan sartu den aktoreak, Erika Olaizolak: «Garai hartako errepresio latz horretan, nire pertsonaia prest dago arriskuak hartzeko eta horren prezioa ordaintzeko. Sen hori dauka Maritxuk».

Sineskeriak azaleratu eta astintzeko helburu horretan, Maritxuk ez ezik, Graxianak (Elena Irureta), Beltrak (Ane Gabarain) eta Remek ere (Iñake Irastorza) aparteko garrantzia dute. Arropa garbitzeko aitzakian, hirurak latsarrian biltzen dira gauez, eta halaxe egingo dute topo Kattalinekin. Istorio beldurgarriak kontatuko dizkiote Kattalini, eta, haren harridurarako, protagonistetako baten gisan agertuko da denetan. Irastorza hiru emakumezko horien izaeraz mintzatu da: «Kanpoan diote sorginak garela, eta beharbada badira, beharbada ez hainbeste. Seguru nago herriko hiru emakume sendo garela, hitz egiteko eta elkarren artean aske izateko biltzen garenak, garai gogor horretan». Besterik ere nabarmendu du aktoreak: «Iruditzen zait argi asko piztuko dituela filmak, eta jendea pozik aterako dela, gauza gogorrak ikusita ere. Azkenean, oso film baikorra dela uste dut, eta garai honen ispilu ere bada».

«Iruditzen zait argi asko piztuko dituela filmak, eta jendea pozik aterako dela, gauza gogorrak ikusita ere. Azkenean, oso film baikorra dela uste dut, eta garai honen ispilu ere bada»

IÑAKE IRASTORZA Aktorea

Bide horretatik jo du Urkijok ere: «Gaua-k kondaira ilunenei egiten die gorazarre. Agerian jartzen du nolako gezurrak asmatu zituzten garai hartako inkisidoreek emakumeei eta beste zenbait kolektibori jazartzeko, eta iluntasunaren bidez askatasunaren aldeko aldarria egiten du».

Peioren rola ere estuki lotuta dago protagonista nagusiari, haren senarra izanki. Lopezek egiten du Peiorena, eta aurreko pertsonaien ifrentzuan azaltzen da: «Besteek argia irudikatzen dute, baina nire pertsonaiak, Kattalinen senar Peiok, argirik gutxi du». XVII. mendeko «kristau sektario» gisa aurkeztu du Peio, eta rol horretan egin behar izan duenaz mintzatu da Lopez: «Iluntasun horren barruan, pertsonaiaren barruan dagoen gizakia aurkitzea izan da nire zeregina; haren beldurrak, minak eta zailtasunak agertzea».

Gaua Irusoinen lehen fantasiazko filma da, eta horrek ekoiztetxean sortu dituen gorabeherak hartu ditu hizpide Sagardoik: «Paulek [Urkijo] amildegira eraman gaitu; erronka handia izan da zentzu guztietan, baina baita esperientzia polita ere. Bide berriak urratu ditugu harekin batera, eta oso harro eta oso eskertuta gaude emaitzarekin».

«Paulek [Urkijo] amildegira eraman gaitu; erronka handia izan da zentzu guztietan, baina baita esperientzia polita ere. Bide berriak urratu ditugu harekin batera, eta oso harro eta oso eskertuta gaude emaitzarekin»

ANDER SAGARDOI Ekoizlea

Ezaugarri tekniko eta historikoez ere mintzatu dira filmaren egileak; besteak beste, jantziez. Urkijo: «Garai hartara jotzean, oso jantzi grisak erakusteko joera dago, baina guztiz bestelakoa zen. Jantziak oso koloretsuak izaten ziren, eta saiatu gara xehetasun historiko horiek sartzen». Irastorzak segida eman dio gai horretan: «Uste nuen emakumeek ederrago sentitzeko jartzen zituztela buruko zapi korapilatu horiek, eta filmari esker jakin dut horien funtzioa emakumezkoak argiki markatzea zela; ezkonduak eta ezkongabeak bereiztea, besteak beste». Pertsonaiek darabilten hizkera dela eta, Xareta azpieskualdekoa hobetsi dute, besteak beste Zugarramurdi, Urdazubi eta inguruan girotua baitago filma.

Ezerk poztu badu Urkijo, batez ere efektu berezien emaitzak poztu du: «Ez nuen pentsatzen gaueko munstro horiek hain ederrak aterako zirenik». Naturaz gaindiko izaki mitologikoei forma emateko iturri nagusiak Joxemiel Barandiaranek eta bestek bildutako kondairak izan dituzte, baina horietan ez da zehaztapen fisiko handirik ematen, Urkijok esan duenez: «Pertsonaia horiek oso lausoak eta aldakorrak dira. Gauekok, esate baterako, forma asko ditu». Akelarrearen iruditeria ere hartu du adibidetzat: «Elite intelektualak eta inkisizioak gezur handi bat sortu zuten horren inguruan, eta gezur horren azpian zegoena azaleratzen eta izaki mitologikoak ahalik eta ederren agertzen saiatu gara».

Sorgin ehizaren helburuaz tinko mintzatu da Urkijo: «Arrazoi politikoak izan ziren horren atzean; ez ziren erlijiozkoak izan, hala sinetsarazi nahi izan duten arren. Orduan kontatutako gezurra hartzen dut hizpide, baina gaur egungo ikuspegitik egin dut, eta gaur egungo inkisidoreez ere ari naiz». Nabarmendu du gezur horiek indarkeria eta izua finkatzeko estrukturak izan direla, eta bere horretan jarraitzen dutela gaur egun ere: «Halaxe ari da gertatzen Gazan, 6 urteko ume bat terrorista dela esan, eta hura hiltzeko eskubidea hartzen baitute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.