Kultur transmisioa

Euskal kultur sorkuntzaren transmisioari buruzko jardunaldia antolatu dute

Hainbat eragileren artean antolatu dute jardunaldia. Urriaren 19an izango da, Azpeitiko Basazabal jauregian. Egitasmoaren helburua ziklo baten hasiera izatea da, eta ziklo horren bitartez euskal kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzea eta sendotzea.

Euskal kultur transmisioari buruz hausnartzeko jardunaldiaren aurkezpena, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Nagore Arin.
2019ko urriaren 3a
12:54
Entzun

Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa sendotzeko jardunaldia antolatu dute Udako Euskal Unibertsitateak, Jalgi elkarteak, Elkar fundazioak, Hik Hasi egitasmoak, Ikas Elkar enpresak eta Azpeitiko Udalak. Gaur aurkeztu dute jardunaldia, Donostian. Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa: sormenean hezi, kulturan bizi du izena, eta urriaren 19an egingo dute, Azpeitian (Gipuzkoa). Egitasmoaren helburua ziklo baten hasiera izatea da, eta ziklo horren bitartez euskal kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzea eta sendotzea. Hala, kultur bitartekaritza izango dute hizpide, eta, lehen saio honetan, hezkuntza arautuaren ertzetik aztertuko dute kulturgintzaren eta kultur transmisioaren egoera.

Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendariak adierazi duenez, "ardura hartuta eta arduraz" antolatu dute jarduna, ikusirik azken hamarkadetan eraldatu egin direla kultur sorkuntza zabaltzeko, transmititzeko eta gizarteratzeko moduak. Eraldaketa horren ondorio gisa sortu dira sorkuntza testuinguru berriak, eta, transmisioaren alorrean ez ezik, bilakaera izan da kulturgintzaren industrian, kazetaritzaren parametroetan, hezkuntza arautuan, kultur sorkuntzaren berariazko irakaskuntzan, kultur kritikaren ekarpenetan eta abarretan. Horregatik, ertz askotatik landu nahi dute kultur sorkuntzaren transmisioaren egoera, eta jardunaldiz jardunaldi kultur bitartekaritzaren hainbat eremu jorratu nahi dituzte. Hezkuntza arautuaz gain, etorkizunean lantzeko gaiak izango lirateke, esaterako: transmisioa eta kazetaritza, transmisioa eta hezitzaileen formakuntza, transmisioa eta argitalpena, eta beste hainbat ikuspuntu.

Modu horretan, bitartekaritza horretan lanean diharduten eragileen egoera ikusgarri egin nahi dute, baina, batez ere, eragile horiekin batera esparruz esparru kultur bitartekaritzaren erronkak zehaztu. Elkargune bat izan nahi dute, aurrera begira kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruan hausnarketa gunea eta eragin gunea bilakatzeko. Horretarako, dei egin diete gaiaren inguruan interesa edo kezka duten guztiei, baina, bereziki, hezkuntza arloko profesionalei, hezkuntza zein kultur arloko ikertzaileei, kultur arloko sortzaileei eta kulturaren transmisioan lan egiten duten profesionalei. Urriaren 19an izango da, Azpeitiko Basazabal jauregian, eta joan ahal izateko matrikula zabalik dago oraindik: www.ueu.eus webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.