Euskal kultura zabaltzeko solasaldi birtualak egingo dituzte atzerriko ikasleekin

Etxepare Institutuaren eta Mintzaneten bidez, ikasleek aukeratutako sortzaileekin egingo dituzte elkarrizketak

Eider Rodriguez idazlea izan da solasaldiaren probako gonbidatua. ETXEPARE.
Araitz Muguruza.
Donostia
2013ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Mundu osoan zehar euskara eta euskal kultura ikasten ari diren 34 unibertsitatetako ikasleek aukera izango duteeuskal sortzaileak ezagutzeko, solasaldien bidez. Birtualak izango dira, eta gelan bertan aukeratuko dute zein artistekin egingo dituzten elkarrizketak. Etxepare Institutuak eta Mintzanetek elkarrekin abian jarri duten proiektua da, atzo sinatu zuten hitzarmena bi eragileek, baita lehenengo proba egin ere.

Proiektuak helburu argia duela adierazi du Maria Jose Olaziregi Etxepare institutuko sustapen eta eratzerako zuzendariak: «Artistak gerturatu nahi ditugu nazioartean daukagun sail horretara, eta, era berean, nazioartean euskal kulturaren zabalkundea egin nahi dugu». Proiektua malgua, gertukoa eta gaurkotua dela gaineratu du, horretarako, teknologiak beren alde ipini eta ematen dizkieten erraztasunak aprobetxatuta.

Espero dute hilero elkarrizketa bat egitea. Gela bakoitzak aukeratuko du norekin hitz egin, eta haren inguruko lanketa bat egingo dute ikasgelan. «Tresna pedagogikoa» dela nabarmendu nahi izan du Olaziregik. Solasaldien inguruko bideoak sareratuko dituztela ere, jakinarazi du.

Ekimenaren aurkezpenean solasaldiek hartuko zuten itxuraren proba egin zuten, atzo. Poloniako Adam Mickiewicz unibertsitatean euskara ikasten ari ziren sei lagun poloniarrek Eider Rodriguez idazleari hainbat galdera egin zizkioten, idazlearen Katu jendea liburua hizpide hartuta. Amaia Dones da hango irakaslea, 50 ikasle ditu, eta urtean 540 eskola ordu ematen dituzte. Rodriguezek ere egin zizkien galderak ikasleei.

Gertuago ere erabilgarri

Solasaldiak sortzaileekin egingo dituzte, baina Ritxi Lizartza Mintzanet plataformako arduradunak gogoratu du «edonork» erabil dezakeela ataria. Nazioartekoratzeko jauzia orain emanagatik ere, hainbat arrazoigatik euskara praktikatu ezin duten euskal herritarrentzat ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.