Disko formatu ohikoa alde batera utzita, Basque Selfie pelikularen soinu banda eta gidoia aurkeztu ditu Korrontzi taldeak. Musikari lanetan aritu ez ezik, Agus Barandiaran trikitilari eta abeslariak ez ohiko beste zenbait zeregin bete ditu: aktore eta gidoilari ibili da. Egitasmoaren nondik norakoak jakinarazi ditu Bilboko Euskal Museoan egindako agerraldian.
Disko-liburu gisa, “euskal tradizioa eta modernitatea” uztartu nahi ditu lan berriak, Barandiaranen esanetan. Musikariaren bizipen bat du oinarri filmak, eta era berezian bizi izan du horregatik egitasmoa: “Ni ez naiz aktorea, ni musikaria naiz. Istorio bat nuen, kontatu behar zen istorio bat”.
Bizipenak bere familiaren 1540. urteko baserria du ardatz. Orain bost urte Barandiaranen familia baserria eraitsi nahi izan zuten, haren tokian errepidea eraiki asmoz. “Momentu oso gogorra eta tristea” izan zela azaldu Barandiaranek, baina euskal kulturaren eta progresioaren “talka” azaleratzen du. Hausnarketara bideraturiko lana ere bada Basque Film Barandiaranentzat: “Autoerretratu bat da. Kamera euskaldunon aurrean jarri, eta gure buruari argazki bat atera diogu”.
Joaquin Calderon izan da filmaren zuzendaria, eta beste zenbait euskal aktorek osatu dute lan taldea: Itziar Ituño, Itziar Aizpuru, Aizpea Goenaga eta Kandido Uranga, besteak beste. Filma Donostiako Zinemaldian eta Hazparneko (Lapurdi) Zinegin festibalean aurkeztu dute dagoeneko. Otsailaren 8an egongo da euskal zinemetan ikusgai.