Ezezagun estimatu hori,
Ez dakit zu ohartuko ote zinen, baina aste honetan bitan egin dugu topo metroko bagoi berean, goizeko ordu berean, biok Ibaizabalen eskuinaldetik Bilborako norabidean gindoazela. Betaurrekoak dituzula badakit, eta ile beltza, baina ez naiz horregatik gogoratzen zurekin, baizik eta eskuetan zuk Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa eta nik Harkaitz Canoren Silueta eleberriak generamatzalako. Eta, hain zuzen ere, Durangoko Azokaren atarian, euskal kulturgintzaren neurriaz pentsatzeko aitzakia eman dit kasualitate horrek.
Charles Baudelaire poetak bere Gaitzaren loreak liburuan badu À une passante izeneko poema bat, eta harekin akordatu naiz gure enkontrua deskribatzen saiatzerakoan. Parisko kale bizietako jendetzaren joan-etorriaren zalapartaren erdian emakume batekin izandako begirada truke iheskor bat kontatzen du poemak, eta, adituen hitzetan, hiri modernoaren esperientzia biltzen du poetak keinu horren bidez.
Gure begiradek ez dute topo egin, baina uste dut euskal autore beraren bi liburu irakurtzen joateak piztu didan harridurak esaten duela zerbait egun euskal kulturak bizi duen dentsitate faltaz. Egunotan Durangoko Azokan kontzentratu den igurtzi hori guztia lausotu egiten delako Durangoko Azokatik kanpo geratzen den munduan. Horregatik, baliteke gurea izatea euskara idatziak duen historia bihurgunetsuan bi ezezagunek metroko bagoi berean bi egunez autore beraren bi liburu ezberdin irakurtzen elkar harritzen duten lehen aldia.
Eta eskerrak ere eman nahi dizkizut horregatik. Zurekin topo egiteak amestu behar genukeen kulturgintzaren izpi bat ere helarazi didalako. Merezi dugu halako kasualitateek harridurarik piztuko ez duten mundu bat. Durangoko Azokatik kanpoko Durangoko Azoka bat.
Agian hurrengo batera arte, adeitsuki.