Altzoko Erraldoiaren mitoa deseraiki, eta haren istorioak kantu bihurtu. Hori izan du premisa nagusi Joseba Tapiak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1964) Mister Eleizegi lana ontzeko orduan.
Erlazionatuta
Zerk egin zizun murmur belarrian Miguel Joaquin Eleizegiren istorioetatik? Zerk bultzatu zintuen Altzoko Erraldoiaren istorioak musikatzera?
Horrela ibiltzen gara gu, gai bila, eta ez dago asko ibili beharrik ere askotan. Apoaren edertasuna grabatu genuen Koldok [Izagirre] eta biok 1998an; hura izan zen lehena nire bakarkako ibilbidean, eta bururatu zitzaigun hamargarren hau ere elkarrekin egin genezakeela. Eta, horrela, urrutira joan beharrik izan gabe, etxean bertan aurkitu genituen istorioak. Erabat barneratu ginen Miguel Joaquinen istorioetan, eta ikusi genuen ederki balia genitzakeela istorio horiek gure metaforak eta kezkak azaltzeko, edertasunaren ingurukoak eta abar...
Izenburutzat Altzoko Erraldoia jartzea azkar baztertu zenuten. Gastatuegia akaso?
Bai, pertsonaia oso ezaguna baita. Denek ezagutzen dute Altzoko Erraldoiaren istorioa, baina trikitia falta zuen. Eta, batez ere, gai hain unibertsala izanik, baztertuen eta itsusi ustekoen inguruko burlak oso zabalduak baitaude... beharrezkoa zen beste izen bat jartzea.
Batetik bestera ibili zen, ibili zuten, Miguel Joaquin Eleizegi. Ibili zen Londresen ere, Tamesis ibaiaren abaroan. Tamesis kantuko esaldi batek honela dio: «... entzun, Mister, ez ukatu, beti txikia urkatu. Lapur handiaren pekatua Tamesisek du xurgatu». Gogora dakar Txirritaren hau: «... lapur txikiak kastigatzeko nonahi badago kartzela, handiak libre ikusten dira, pasioan dabiltzala...». Musikaren munduan ere halatsu?
Ez dugu ezer asmatu. Mundu honen desmartxa deskribatzen ari gara, Txirritaren garaitik edo askoz lehenagotik. Eta berdin jarraitzen dugu. Eta pertinentea da, nire ustez, berriz ere gogoratzea hemengo gatazka zertan datzan. Baztertuen, pobreen kontrako gerra batean gaude gaur egun ere. Begira gure ekarpena zein izan den, betikoa, baina horixe iruditzen zaigu interesgarriena gure jendeari kantatzeko.
«Ez dugu ezer asmatu. Mundu honen desmartxa deskribatzen ari gara, Txirritaren garaitik edo askoz lehenagotik. Eta berdin jarraitzen dugu. Eta pertinentea da, nire ustez, berriz ere gogoratzea hemengo gatazka zertan datzan. Baztertuen, pobreen kontrako gerra batean gaude gaur egun ere»
Musikan hain bogako dauden plataforma digitalen ozeano zabal horretan, berez eta ustez denek lekua behar duten horretan, zer leku du txikiak?
Kezka horretan gabiltza denok, eta ez dakigu erantzuten. Sartu egin gara. Aukera erraza izan dugu sartzeko, baina orain zalantzak hor dauzkagu, horrek guztiak onurarik ekarri ote digun. Oso eztabaida interesgarria sortu da. Aurrera joan gara, pentsatu gabe norantz. Eta Spotifyren aitzakia polita izan da eztabaida mahai gainean jartzeko. Eztabaida hori interesatzen zait. Alde horretatik, ezer egin genezake? Balio izan dit konturatzeko ezer ez dela hain-hain beharrezkoa. Askok esan zidaten neure buruaz beste egiten ari nintzela Spotifytik aterata. Interesatzen zaidana eztabaida da, eta, batez ere, gure gremioan, gure mundu musikal honetan jendeak zer pentsatzen duen jakitea, norabidea berriro planteatzeko. Igual ez dugu ezer egingo, baina polita litzateke zeozer egingo bagenu.
Tamesis kantuko beste esaldi bat: «... inglesenak omen dirade munduko mundu osoak…». Musikari erreparatuta, denbora luzean hala izan dela dirudi. Orain, akaso, musika latinoak hartu die aurrea-edo. Txikiak ez al du dena galtzeko horretan ere?
Dena dauka galtzeko, eta dena irabazteko. Nik, buelta emanda, esango nuke salbatuko garen bakarrak bazterrekoak garela, eta zorte handia dela euskaraz kantatzea. Beti esan izan digute kontrakoa: «Euskararekin nora zoaz? Gutako inork ez du ulertzen zuek zer kantatzen duzuen». Hala ere, kurioski, hori esan didaten toki bakarra Espainia da, eta, hortik kanpo ibili naizenean, inork ez dit horrelakorik esan. Beraz, zalantzan jartzen dut hori ere.
Zuk gustuko duzu istorio txikiei erreparatzea, istorio txikien bidez kontatzea norbanako eta komunitate modura gertatzen zaigun zera hori. Eta pertsonaiak, bertsoak zein koplak erabiltzen dituzu. Zenbaitetan, gainera, ez egun idatzitakoak, ez derrigorrean behintzat. Tximela kapitaina eta Agur Intxorta maite: 1936-37 gudako kantuak diskoetan, kasurako. Horretan ere topatzen duzu materiala gero kantuetara ekartzeko.
Bai, hor beste eztabaida oso interesgarri bat dago. Zenbaitentzat gu beti izan gara trikitilari gazteak. Guri titulu hori jartzen ziguten, trikitia izorratzera etorri ginen trikitilari gazteena, edo trikitia rock munduan sartu genuenona, eta abar. Eta arrazoi zuten, halaxe etorri baikinen, trikitia izorratzera. Baina izorratu behar hori ez ote den premiazkoa. Hor eztabaida sortzen da: lehengokoarekin zer? Zenbaitentzat, lehengokoa ez da ukitu behar, lehengokoa ez da nahastu behar berriekin. Orduan, nire ustez, interesgarria da galdera hori, zeren inork ez digu esplikatu eztabaida horretan zer gertatzen den eta zer bide hartu behar den.
Nik atera dudan ondorioa da bi mundu ezberdin direla. Bat, hildako mundu bat, berreskuratu beharreko mundu bat, edo hobeto esanda, gorde beharreko mundu bat. Nahi bada, antropologia lan bat egiteko, ikusteko lehengoak nola bizi ziren, nola dibertitzen ziren, nola janzten ziren, eta abar. Baina badauka beste atal bat musika eragin hori hartzeko garaian: gure mundura ekartzearena. Eta gure mundura ekartzeko, ezinbestekoa da zikintzea eta puskatzea. Horri eskerrak, bizirik mantentzeko aukera daukagu. Bestela, nostalgia batean eta estetika hutsean gelditzeko arriskua dago. Eta esango nuke gure gaur egungo arriskurik handienetako bat hori dela. Euskal mundua ez dute nahi estetikatik harago. Lehengoetan aurkitzen dudana interesgarria zait gaur egunerako baliagarri zaidalako. Tira, bestela ere interesgarria da, baina ez naiz ni horretan ari.
«Guri titulu hori jartzen ziguten, trikitia izorratzera etorri ginen trikitilari gazteena, edo trikitia rock munduan sartu genuenona, eta abar. Eta arrazoi zuten, halaxe etorri baikinen, trikitia izorratzera. Baina izorratu behar hori ez ote den premiazkoena»
Ez duzu inoiz erreparorik izan belaunaldi oso desberdinetako jendearekin elkarlanean aritzeko, kolaboratzeko eta abar. Nolako harremana duzu belaunaldi gazte-gazteagoekin? Ziur asko ezezagutzagatik, baina askok ezustekotzat hartu zuen Chill Mafiakoekin egindako kolaborazioa, adibide bat aipatzearren. Nola ikusten duzu euskal musikaren egungo panorama?
Mugimendua egon badago; nik uste dut inoizko engrasatuen dagoela, gainera. Maila handia dute gure gazteek. Gure garaian ez genuen hainbesteko jakinduriarik, eta gaur egun, alde horretatik oso trebe ikusten ditut, eta, gero, baita ederki hanka sartzen ere. Baina nik esaten dut kostako zaiela guk adina hanka sartzea. Sar dezatela hanka, beldurrik gabe.
a ala b
Areto txiki bat ala jaialdi handi bat? Biak gustatzen zaizkit. Niretzat problema da bi horietan zer mailatako gauza eskaintzen duzun. Izan liteke gauza eder bat areto handi batean jotzea, eta txikietan ere bai.
Autotunea, bai ala ez? Ni hor teknikaren alde nago. Edertasuna bilatzeko baldin bada, nik baiezkoa esango nuke, eta printzipioz ez nioke ezeri esango ezetz.
Folklorea, bai ala ez? Gero zikintzeko baldin bada interesatzen zait niri.
Ez Dok Amairu ala Euskal Rock Erradikala? Biek harrapatu ninduten; edade tarte horretan egongo nintzen. Ez Dok Amairuren kontzertu dezente ikusi ditut, eta Errobi zuzenean ikusteko aukera ere izan nuen. Eta rock erradikalak, noski, bete-betean harrapatu ninduen.