«Euskal musikagintzaren industria heteropatriarkala, matxista, hiperkapitalista eta normatiboa da». Esaldi horrek laburbildu dezake Jone Exposito Alberdi soziologoak eta Oli Artola Apeztegia Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatuak Jakin aldizkarirako egindako euskal musikagintzaren egungo erretratua. 2024ko kontzertuetan emakumeek izan duten presentzia aztertu dute bertan, eta, horrez gainera, eszena horretan bizitakoei buruzko elkarrizketa sakonak egin dizkiete Amets Aranguren, Areta Senosiain, Ines Osinaga, Miren Narbaiza, Nahia Zubeldia eta Sara Zozaia musikariei. Hain zuzen ere, euskal musikagintzaren azterketa feminista egin dute aldizkariaren 267. zenbakiko bi artikulu nagusien egileek. Eszenako genero arrakala aztertu dute, esaterako, Expositok eta Artolak, eta Euskal Herriko eszena transfeministaren egungo egoeraren eta etorkizuneko erronken berri eman du Udane Barinagarrementeria Lakak.
Emakumezkoen presentzia da Artolak eta Expositok aztertu duten lehen elementua. Iazko lehen bi hiruhilekoetako udal programazioak, jaialdiak eta gune autogestionatuetako kontzertuak aztertu dituzte horretarako, eta, zehaztu dutenez, arakatutako lagin horretan gutxiengo nabarmena dira emakumezkoak. Hamar emanalditik bitan bakarrik topatu dute emakumeren bat oholtzan —egitarauen %20,8n, zehazki—, eta agendaren %10,3 baino ez dute hartzen emakume hutsez osatutako taldeek. Ondorioz, gizonezkoek edo gizonezkoek soilik osatutako taldeek hartzen dute zuzeneko musika eskaintzaren ehunekorik handiena.
Baina badira ñabardura batzuk. Aztertu dutenez, erakunde publikoek antolatutako kontzertuetan, adibidez, emanaldien erdietan baino gehiagotan topa daiteke emakumeren bat oholtzan. Emakumeek osatutako taldeak eta emakumezko kideren bat duten proiektuak batuz gero, programazioaren %66 osatzen dute. Eta, datuaren ondoren, Miren Narbaizaren gogoeta jasotzen du segidan artikuluak. «Diru publikoa dagoen lekuetan daude kupoak», dio lehenik, eta hala borobiltzen du ideia gero: «Gu ez gaude hor kupoengatik, hor gaude gizarte matxista batean bizi garelako».
Baina datuez harago, musikariek oholtzan sentitu izan duten presioaz esandakoak ere bildu dituzte artikuluan Artolak eta Expositok, bai eta euren gorputzen sexualizazioari buruzkoak ere. Eta, hain zuzen ere, saretzea aipatu dute guztiek aurrera egiteko gakotzat.
Euskal Rock... Erradikala?
Punk mugimendutik eratorritako zuk zeuk egin filosofian oinarrituta eratu diren musika eszena transfeministak aztertu ditu Udane Barinagarramenteria Lakak bere artikuluan. EHUko Antropologia Feministan doktoregaia da, eta hark idatzitakoa da Jakin-en azken zenbakiko bigarren artikulu nagusia.
Gizartea eraldatzeko asmoz sortutako punk mugimenduak ere indarkeria egiturak birsortzen dituela azaldu du Barinagarrementeriak, esaterako. Hori orokorrean, eta Euskal Rock Erradikalaren esparruari buruzko kritika bat ere egiten du testuan, zehazkiago. «Eszena superpolitizatu gisa kontatua bada ere, testuinguru hartan politikaren zer ulerkera gailentzen zen aditzera ematen dute irakurketok. Eta horrekin bakarrik nahikoa litzateke, gaur egunetik, erradikaltasunari galdera ikur bat behintzat jartzeko».
Dioenez, 2010eko hamarkadaren bueltan hasi ziren feminismoa ardatz zuten ikerketa, irratsaio eta musika ekimenak. Eta, besteak beste, Emarock proiektua, Emakumeok Plazara eta Mefsst! Musika Errebolta Feminista aipatu ditu adibide modura. Ikerlariaren hitzetan, zera erakusten dute esperientzia horiek guztiek: baztertuak diren subjektuen presentzia hutsa ez dela aski musikaren esparruko genero antolaketa eraldatzeko. «Beharrezkoa da esperientzia musikala konfiguratzen duten askotariko dimentsioei erreparatzea eta horietan eragitea».
Halaber, Euskal Herriko musika eszena transfeministak dituen zenbait erronka ere zerrendatzen ditu Barinagarrementeriak bere artikuluan. Hala nola eszenaren «zuritasun ia erabatekoa», alkoholaren zentralitatea, bai eta «bollera subjektuarekin identifikatzen direnen eta gainontzeko genero disidentzien presentziaren arteko desoreka» ere.
Eraldaketa ekosoziala
Kulturak gizarte eraldaketarako duen gaitasunari buruzko gogoetak bildu ditu Jokin Bergara Egurenek Kultur bat basamortuari artikuluan. EHUko Ekonomia Aplikatua Saileko irakaslea da, eta, artikuluan, kultur sorkuntzak etorkizun ekosozial bat sortzen laguntzeko joka dezakeen rolaz idatzi du.
Bergararen hitzetan, eraldatu egin da intelektualaren figura, eta kultur sortzaileak jadanik ez dira «zentzu komunaren sortzaile». Egungo gizartean, ingeniariek, publizistek eta komunikatzaileek betetzen dute intelektual organikoaren funtzioa. Eta, horregatik, egilearen ustez, litekeena da euskal kulturaren nolakotasunak proiektu ekosoziala hedatzearen alde egin dezaketen ezaugarriak izatea. Euskal sortzaileak, sortzaile ez ezik, editore, kazetari, diseinatzaile, publizista edo telebista aurkezle ere izaten direlako maizenik. «Bizitzak birtokiratu eta komunitate forma berrituak produzitu beharko ditugun XXI. mende agoniko honetan, asko esan, sortu eta antzezteko parada eta premia historikoa dator. Etika eta estetika sozialista bat egon zen bezala, gaurko errealitatearen birsorkuntza estetiko eta sentsibleak koordenatu ekosozialetan kokatua egon beharko du, ezinbestean. Euskaraz bada, hobeto».
Horrez gainera, Maddi Kintana Morcillo hizkuntzalariak Baiona, Angelu eta Miarritzen (Lapurdi) egindako euskararen erabilerari buruzko artikulu bat ere badakar aldizkariak, bai eta Joseba Permach EHUko Ekonomia eta Kudeaketa Saileko irakasleak ekonomia irudikatzeko baliatzen diren metaforei buruzko beste bat ere. Eta aldizkariaren ohiko sekzioak ere badakartza azken zenbakiak. Itziar Ugarte Irizarrek, esaterako, Oier Iruretagoiena Arregi artista elkarrizketatu du Jakin filosofatzen atalean, eta Shu Oterok, Jokin Bergara Egurenek eta Cira Crespok sinatutako artikuluak topatuko ditu irakurleak Egunen gurpilean atalean.