«Poesia idazten zuen bere bakardadean, eta antzerkira gerturatu zen bere ideiek oihartzun kolektiboagoa izan zezaten». Poetarena da Gabriel Arestiren aurpegirik ezagunena egun, baina antzerkigintzan egin zuen lanaren garrantzia ere nabarmendu nahi du Idoia Gereñu ikerlariak (Tolosa, Gipuzkoa, 1980). Filosofian lizentziaduna eta Giza Zientzietan doktorea da Gereñu, eta Donostiako Jarrai teatro konpainiari buruz egin zuen tesia; baina, horrez gainera, Katiuska antzerki taldeko zuzendaria ere bada, eta, hain justu, Arestiren antzerkigintzari buruzko hitzaldia eskainiko du gaur Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan. Aurten 50 urte dira Aresti hil zenetik, eta, horregatik, hari buruzko bi eguneko jardunaldi akademikoa antolatu du Euskal Herriko Unibertsitateko Gabriel Aresti Katedrak. Atzo hasi zituzten saioak, eta Gereñuz gainera, Kirmen Uribe, Alexander Gurrutxaga eta Mikel Aierbe ere izango dira gaur.
Gabriel Aresti poetaren itzalpean geratu al da Gabriel Aresti antzerkigilea?
Bere garaian Arestiren lana ezaguna izan zen antzerki munduan, baina gaur egungo belaunaldiok poeta bezala ezagutzen dugu. Oso ezezaguna da haren antzerkigintza, baina apustu handia egin zuen horren alde. Guztira, sei antzezlan idatzi zituen, eta haietako bi estreinatu. Aresti lehena izan zen euskal teatrora halako berritasun bat ekartzen. Euskal Herrian teatro modernoa Jarrai taldearekin hasi zela esaten dugu, baina Arestiren antzezlana dago Jarrairen punta-puntan.
Bere erreferentzien artean Arestik batera aipatzen ditu hala Luigi Pirandello italiarra nola Pedro Ignacio Barrutiaren XVIII. mende erdialdeko Gabonetako ikuskizuna. Bi mutur horiek uztartzea izan zen haren berrikuntza?
1960ko hamarkada hasieran gatazka bat izan zen teatro zaharraren eta teatro berriaren artean, eta Arestik gazteriak zekartzan ideia berriak antzerkira eraman zituen. Gerraurreko antzerkiaren kostunbrismoa baztertu nahi zuten, baina horrek ez du esan nahi atzeko guztia baztertzen zutenik. Arestik argitaratuta atera ziren Francisco Xabier Muniberen El borracho burlado, Peñaflorida kondearen Gabon sariak eta Barrutiaren Gabonetako ikuskizuna, adibidez. Atzera ere begira ari ziren, beraz, eta bere antzezlanetan ere ikusi daiteke hori. Idatzi zuen lehen lana, adibidez, Mugaldeko herrian eginikako tobera, tobera bat da, eta Jarrairekin 1964an estreinatu zuen Beste mundukoak eta xoro bat piezak ere pastoralen jokoen antza dauka. Gerraurreko antzerkiarekin hautsi nahi izan zuten, eta herri antzerkiaren kutsua ekarri.
Eta, horrekin batera, antzerkigile garaikideagoen lanak ere euskaratu zituen.
Oso diskurtso argia zuen horri buruz. Antzerkia euskaraz egin beharra defendatzen zuen, baina horrek ez zuen esan nahi, berak esaten zuen bezala, teatro «txarra» egin behar zenik. Begiak zabaldu behar zirela esaten zuen, eta munduan egiten ari ziren antzezlan aurrerakoi horiei begira ikasi egin behar zela. Antzezlan horiek euskarara ekartzearen aldekoa zen horregatik, eta itzulpen batzuk ere egin zituen. Kriseilu taldeko kide ere izan zen, gainera, eta talde harekin taularatu zituen itzulitako lan horiek, eta haietakoren bat ere zuzendu zuen. Euskarazko antzerkiak ere sortu behar zirela defendatzen zuen halere, eta horretarako batez ere dramaturgoak eta zuzendariak falta zirela uste zuen.
«1960ko hamarkada hasieran gatazka bat izan zen teatro zaharraren eta teatro berriaren artean, eta Arestik gazteriak zekartzan ideia berriak antzerkira eraman zituen»
Eta nola idatzi behar ziren euskarazko antzezlan horiek?
Antzerkiak euskara batuan idatzi behar zirela proposatzen zuen Arestik, eta, gero, konpainiako zuzendariaren ardura zela antzerkia egingo zuten lekuaren arabera egokitzea.
Deigarria da nola sortu zuen Jarrai taldearentzat prestatutako Beste mundukoak eta xoro bat antzezlana. Ez zuen testua bere kasa idatzi gero taldeari bidaltzeko. Horren ordez, taldearekin bildu eta hartu-eman horretan oinarrituz sortu zuen pieza. Ohikoa al zen hori orduan?
Oso berritzailea zen hori. Aktoreen izen berak zituzten pertsonaiek, gainera.
«Behin baino gehiagotan jarri dugu Arestiren lanak taularatzeko aukera mahai gainean, baina ez da erraza garai bateko testuak gaur egunera ekartzea»
Eta zer harrera izan zuten haren lanek?
Bi bando zeuden, eta, beraz, batzuk oso aldeko eta beste batzuk oso kontrako izan ziren. Baina Zeruko Argia-n, adibidez, badago itxura batean teatro zaharraren aldekoa dirudien norbaitek bidalitako oso aldeko testu bat ere.
Ikerlaria ez ezik, antzerkigilea ere bazara. Zergatik uste duzu ez dela geroztik haren antzezlanik taularatu?
Behin baino gehiagotan jarri dugu gai hau mahai gainean, baina ez da erraza garai bateko testuak gaur egunera ekartzea. Alde batetik, fideltasunari eutsi behar zaiolako baina gizartea ere asko aldatu delako. Hori zaila izaten da. Baina, horrez gainera, nik uste dut jendeak ez dituela ezagutzen Arestiren lanak. Idatzi zituenik ere ez badakigu, zaila da oholtzaratzea. Baina esango nuke orain ere atzera begiratzeko mugimendu bat sortzen hasi dela.