Zinema akademia baten zutoinak jartzeko asmoz batzar bat egingo dute apirilaren 23an, Bilbon

Zinemagintzako profesional talde batek antolatuta, topaketa bat egingo dute ehunka aktorek, zuzendarik eta ekoizlek, besteak beste. Etorkizuneko akademia baten ildoen inguruko ideiei buruz eztabaidatzea da helburua.

Koldo Almandozen 'Azken agurra' filmaren filmaketaren artxiboko irudi bat. DAVID HERRANZ
Koldo Almandozen 'Azken agurra' filmaren filmaketaren artxiboko irudi bat. DAVID HERRANZ
kristina martin
2026ko apirilaren 10a
16:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko zenbait aktorek, zuzendarik eta ekoizlek osatutako talde batek aspalditik darabil buruan zinemaren akademia bat sortzeko asmoa. Ideia hori modu kolektiboan eta parte hartzailean mamitzen hasteko garaia dela iritzita, batzar bat antolatu dute Bilbon, apirilaren 23an.

Talde sustatzaile horrek gonbidapena igorri die sektoreko lankideei. Idatzi horretan balizko akademia baterako oinarri batzuk iradokitzen dituzte. Hala ere, gutunean argi uzten dutenez, amets hori elikatzeko eta hazteko funtsezko deritzote zinema arloko ahalik eta kide gehienen ekarpenari eta parte hartzeari. Izan ere, sektoreak dituen behar batzuk antzeman ostean, marraztu dute dagoeneko horiek asetzeko lagungarria izango litzatekeen akademia baterako zirriborroa. Jantzia josten hasteko, ordea, nahitaezkoa da sektorearen partaidetza eta konpromisoa. Asmo horrekin antolatu dute batzar bat: hitzordua apirilaren 23an ipini dute, Bilbon. Hitzordu horretara gerturatzeko gonbidapena bidali diete zinemaren eta ikus-entzunezkoen sektoreko ehunka profesionali.

Hortaz, apirilaren 23an, ostegunarekin, hasiko dira etorkizuneko akademia horretarako hazia ereiten. Horixe da topaketa horren asmoa, profesionalek jaso berri duten gonbidapenean azaltzen denez: «Sektore osoari hausnarketa bateratu baten hasierara gonbita egitea, elkartu, hitz egin eta elkarrekin pentsatzeko zein tresnak lagundu dezaketen euskal zinemaren oraina eta etorkizuna sendotzen».

Dena dela, jakin badakite sektorea askotarikoa dela, eta «euskal zinema» zer den erabakitzeko irizpideak adostea korapilatsua izango dela. Horregatik, tentu handiz ari dira, eta aurretik argi utzi dute eztabaida irekia dela: «Gure zinema ofizio, ibilbide, lurralde, hizkuntza eta belaunaldi askotako komunitate batek osatzen du. Proiektu bakoitza posible egiten duten pertsona askoren lan kolektiboaren emaitza da, sormen, teknika, arte eta antolakuntza arloetatik». Diotenez, «testuinguru honetan, hausnarketa bateratu baterako leku komun bat irekitzeko beharra sortzen da».

Akademia horren osaeran lehen urratsak baino ez dira, nabarmendu dutenez, baina Bilboko topaketarako helburu eta egiteko batzuk jadanik aurreratu dituzte ekinbidearen bultzatzaileek, eta honela argitu dute gutunean: «Komunitate profesional gisa elkar ezagutu eta aitortzea, esperientziak, kezkak eta erronkak elkarri kontatzea, sektoreko arloen arteko loturak sendotzea, eta datozen urteetan euskal zinemaren garapena nola lagundu pentsatzea».

Euskal Herriko zazpi lurraldeak

Akademiaren ereduari eta egiturari dagokionez, berriz, oinarri batzuk aipatu dituzte. Lurraldetasunari dagokionez, Euskal Herriko zazpi lurraldeak hartuko lituzke: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa, Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Eta hizkuntzaren inguruko aipamena ere egiten dute. Euskal Herrian hiru hizkuntza ofizial daudela gogorarazi arren, honako hau ere badiote: «Akademiaren egiteko nagusien artean dago euskararen erabilera eta gure zinemaren hizkuntza aberastasuna sustatzea».

Beste xede batzuk ere zerrendatu dituzte, esaterako, ikus-entzunezkoen sektorean ari diren profesionalen arteko topaketa bultzatzea; bikaintasun artistikoa eta teknikoa aitortzea; sorkuntza, ekoizpena, hedapena eta nazioarteko proiekzioa babestea; eta etengabeko prestakuntza eta ezagutzaren trukea sustatzea. Horretaz gain, akademia horrek beste zeregin batzuk ere izango lituzke, hala nola memoria, historia eta ondare zinematografikoa zaintzea; belaunaldien arteko elkarrizketa bultzatzea; aniztasuna, berdintasuna, berrikuntza eta ikus-entzunezko sorkuntza modu berriak babestea; eta sektoreko lanbide guztiekiko errespetua sustatzea. Bidea urratzen hasiak dira, baina hasi aurretik mugak ipintzea bide aproposa ez dela iritzita, zera azpimarratu dute: «Ideia hauek ez dira programa itxi bat, baizik eta kolektiboki landu beharreko hausnarketa ildo posibleak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA