Euskaldunak konkistan

Kepa Larreak Amerikan Gaztelako koroaren menpeko garaian ibilitako euskaldunen lorratzari jarraitu dio ‘Antilletan galdurik’ saiakeran (Pamiela). Izen mordoa batu du, piratak eta askatzaileak tartean.

Kepa Larrea, 'Antilletan galdurik' saiakeraren egilea
Kepa Larrea, 'Antilletan galdurik' saiakeraren egilea. GORKA RUBIO / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2023ko abenduaren 27a
05:15
Entzun

Milaka euskaldunek egin zuten Amerikarako bidea, kontinente horren zati handi batek Gaztelako koroaren menpe eman zituen hirurehun urteetan. Kepa Larreak (Basauri, Bizkaia, 1956) euskaldun haietariko askoren lorratzari jarraitu dio Antilletan galdurik liburu plazaratu berrian (Pamiela), han egin zutenari edo egin ez zutenari begia jarrita. Pertsonaia ospetsuz eta izen apalagoz, zerrenda adierazgarria osatu du Larreak, eta tartean gobernariak, mertzenarioak, abenturazaleak, kortsarioak eta askatzaileak aipatzen ditu.

Espainiako historiografiak ez du inoiz hango suntsipenik aitortu. Areago, eman zaion anker ospea besteek sortutako kondaira beltzari zor zaiola ere zabaldu izan da, eta, hain zuzen, «uste interesatu hori eraistera dator Antilletan galdurik», Jesus Etxezarraga idazle eta Larrearen lagunak dioenaren arabera. Kondaira beltza makulu hartu beharra, baina, ulergarria zaio liburuaren egileari: «Ez naiz inperio baten jabe izan sekula, baina larria izan behar du den-dena kartaz eginiko dorretxe bat balitz bezala galtzeak». Kondaira beltzak, ordea, ez dezake arrastoa estal, eta garai hartako kronika eta epaietan funts handia aurkitu du: «Goi-goian zeudela sinetsita, harrokeria handiz kontatu baitzuten zer egin zuten». Amerikar indigenek, berriz, edonork egingo zukeena egin zutela dio. Hots, «Gabriel Arestik aldarrikatu zuen moduan, beren etxea defendatu».

Gaztelar okupatzaileek erakutsitako ankerkeriaren froga dira, besteak beste, Albariño maputxearen eta hiru Tupac Amaruen kasuak, eta horietan ere «euskaldun batek baino gehiagok izan zuten zerikusirik», Larrearen arabera. Gabriel Tupac Amaru atxilo hartu zutenean, «zehatz-mehatz kontatu zuten nola hilko zuten, hura eta haren familia osoa, eta horren errua Peruko erregeordeak izan zuen, hau da, Lekarozko (Nafarroa) Agustin Iturriagak». Maputxeek borrokan jarraitu zuten, ordea, eta haren lehengusu Diego Tupac Amaru ere hil egin zuten, Urzainkiko (Nafarroa) Nekoetxea delako baten aginduz. «Engainuz eta jesuiten laguntzaz» harrapatu zutela argitu du Larreak: «Komentuan babes hartuta zegoen; gezurra esanda aterarazi, eta ateak itxi zizkioten».

Gaztelarren idatziez gainera, hangoen iturriak ere baliatu ditu; esate baterako, Fernando de Alba Ixtlilxuchitl-ena; «Azteken ondorengoa izan zen, mestizoa, eta esaldi gogoangarri bat utzi zuen Mexikoko konkistaren gaineko bere liburuan: 'Zerua emango ziguten aitzakian, lurra kendu ziguten'». 1829an idatzia da.

Lexikoa oztopo

Ikerketarako oztopoetako bat lexikoa izaten da, eta Amerikan gertatutakoa izendatzeko modua bera ipini du adibidetzat: «Zer izan zen hura, aurkikuntza? Konkista? Elkarretaratzea?». Berriki «paktu» hitza erabiltzen hasi direla nabarmendu du, «baina Hernan Cortes gizon armatuz, korazaz, zaldiz, zakurrez eta abarrez lagunduta joan zen. Zer paktu egin liteke horrelako baldintzetan?», galdegin du.

Nahaspila sor lezaketen beste elementu batzuen artean, eufemismoa da aipagarrienetako bat. Horien artean, arreta emateko modukoa iruditzen zaio Larreari baketu hitza. «Historia liburuek dioten gisan, hara iritsitakoan indioak baketu egin omen zituen». Hortaz, baketzea eta hiltzea sinonimotzat jo ditu, eta gaineratu du hobe izango zatekeela «bakean utzi izan balituzte, baketu baino».

Mestizaje hitzak ere badu mamirik. Idazlearen ustez, «bortxaketaren parekotzat» jo beharko litzateke, «mestizo gehienak bortxaketaren ondorioz sortu baitziren, eta beti zentzu berean, hau da, gizon zuriak emakumezko indiarra bortxatuta, eta ez gizon indiarra emakume zuriarekin elkartuta». Hilketak bezala, Hernan Cortesen ibilerak ere kontatu zituzten, eta «zelan erabiltzen zituen emakumezkoak batetik bestera; emanez, salduz edota oparituz».

Hitz inozorik gutxi dago Larrearen aburuz, batez ere historia tradizionalean: «Erromatarrak edo feniziarrak penintsulara iritsi eta bizimodua ezarri egin zutela esaten dute liburuek; arabiarrek, aldiz, inbaditu egin zutela».

Indio edo indiar hitzak ere eman dio zer pentsa, eta azkenik erabiltzearen alde egin duela azaldu du. «Hitz itsusia dirudien arren Atahualpa Yupankik aldarrikatu egin zuelako, Yo soy el indio esanez». Gauza bera egin zuen Eduardo Galeanok ere.

Pertsonaia batzuekin ur handitan sartu izanaren susmoa gailendu zaio Larreari; adibidez, Katalina Erausoz jardun duenean: «Bizitza osoan gezurretan aritu baldin bazen, zer dela-eta esan behar zuen egia bere autobiografian? 150 urte geroago idatzi zela kontuan hartu behar da». Erauso lekaime eta era berean alferez izan zenik auzitan jarri du Larreak: «Lekaimea ez ote zen beste norbait izan». Cyrano de Bergeraci bezala gertatu zitzaiola dio, hots, pertsona historiko izateari utzi eta pertsonaia literario bihurtu zela Erauso.

Balantzea egin beharko balitz, euskaldunak «ekintza txar guztietan eta on batzuetan» egon zirelakoan dago Larrea, eta, gertaera onen artean, Xabier Mina gerrillariaren ekarpena nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.