Ostiralekoa. Enrike Solinis. Musikaria

«Euskara eta arabiera lotzeak balio sinboliko handia du»

Euskal Barrok Ensemble taldearen izenpean 'Subh' eta 'Euskelelea' plazaratu ditu. Lehenak Al-Andalus gobernatu zuen gatibu baskoiaren historia dakar. Bigarrena haurrentzako istorio musikatua da.

JON URBE / FOKU.
garbine ubeda goikoetxea
Tolosa
2023ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Musika eta historia, kultura eta dibulgazioa, euskara eta arabiera, Erdi Aroa eta gaurko eguna. Amalgamak eskaintzen ditu Enrike Solinisek, eta lehen kolpean ohikoak ez diruditen konexioetara eramaten gaitu, Miren Zeberio lagun duela. Musikan jarduteaz gain, Erlea argitaletxea sortu dute elkarrekin, eta hortxe ikusi dute argia Subh disko liburuak eta Euskelelea ipuin musikatuak. Azken honetan Juan Kruz Igerabideren hitzak eta Irrimarraren marrazkiak batu zaizkie Euskal Barrok Ensembleko musikariei.

Nor zen Subh? Nola iritsi zineten haren historiara?

Nik dudan erreferentziarik garrantzitsuena Arana Martijarena da. Txikitandik dut bere Música vasca liburua. Mendez mendeko ibilbide bat osatzen du bertan, Historiaurretik hasita, eta pasarte mordo bat aipatzen da. Apur bat bortxatuta beharbada, baina atal guztietan bada hemengo kulturaren aipamenik. Nire gogokoena Calam da, XI. mendekoa. Emakume esklabo kantaria zen. Erdi Aroko musika dudanez lanbide, beti izan dut kontu hori buruan, eta halaxe aurkitu nuen Subhen historia, emakume esklabo kantaria baitzen hura ere.

Gero, Sevillan nintzela, Manuela Cortes Granadako unibertsitateko katedradunarengana jo nuen, eta oso argigarria izan zen, berak dagoeneko hainbat liburu baititu gai horren gainean. Aurten argitaratu duena, hain zuzen, Al-Andaluseko emakume esklabo kantarien gainekoa da.

Datu fidagarriak eman zizkizun?

Hark esanda dakit arazorik handiena zein den, alegia, arabieraz dauden eskuizkribuetan ez zela normalki emakumerik aipatzen. Debekua zuten, batez ere Almohade inperioaren garaian, eta horrek bete-betean hartzen du XI. mendea. Baina Subhen erreferentzia ageri da, beti kalifaren esklabo gisa, edo, kalifarekin ezkondu eta semea jaio ostean, hurrengo kalifaren ama Al-Baskunsiya gisa. Ikerketa batek dio azken bost kalifen amak euskaldunak izan zirela. Emakume azalzuri ileargiak bilatzen zituzten.

Bahitu eta esklabo bihurtzeko.

Maite dut diskoan egin dugun liburua, baina pertsonaia hain da erakargarria, batzuetan perspektiba ere galtzen da. Hain zuzen, emakume esklabo batez ari gara, bai, eta beldur naiz ez ote duen printzesa baten ipuina ematen zenbaitetan. Hori azpimarratu nahi izan genuen, baina, oro har, nabarmenago joan behar zuen.

Musikaria ere bazen.

Mirentxuk [Zeberio Etxetxipia] eta biok harreman handia egin genuen Kanadan Irango musikari batzuekin. Ikerketan dihardute, eta diote, bahitu ostean Kordobara lehenik eta handik Bagdadera eramaten zituztela emakume haiek, arabiera eta kantua ikastera. Gero, atzera berriz Kordobara. Ederrak ez ezik, oso azkarrak ere bazirelako hartzen zituzten harem-ean, kaligrafia ona zutelako eta ongi kantatzen zutelako.

Subh aitzakia dela diozu.

Bai, gure burutazio musikalak zabaltzeko. Eta dibulgatu nahi duguna hobeto azal dadin, formatu zabalagoa eman diogu, disko batek izan dezakeena baino. Hartara, argixeago ikusten da barruan dagoena, batez ere ikonografia. Horrek balio handiagoa ematen dio proiektuari.

Proiektua gauzatzeak dirutza eskatuko zizuen.

Zer esango dizut. Jarri genuen Laboral Kutxaren logoa, 300 ale eros zitzaten lortu nuelako azken unean. Horrek lagundu egin digu, baina hein txiki batean, hemen dagoen lanak ez baitu inolako logikarik diru aldetik. Arabierara itzultzea, esate baterako, ordaindu egin behar da, baina musikaren bidez euskara eta arabiera lotzeak balio sinboliko handia du.

Egia esan, kontzertuetan-eta saltzen dira diskoak, baina salmenta horretatik bizitzea zaila da. Bide horretatik atera litekeena proiektuan parte hartu duten guztiekin ospatzeko erabiltzen dugu. Egiten dugu, egin nahi dugulako.

Garai hari ahalik eta fidelena izateko, orduko musika tresnak sortu dituzue.

Erdi Aroko musikan eta, horrela egiten da. Anakronikoa dirudi, baina garaiko doinua eta soinua gaurko egunera ekartzen saiatzen gara. Horixe dugu lanbidea.

Jende ezagun ugari batu duzue.

Bai. Julio Sotok, adibidez, bi bertso eder egin ditu, doinu zaharretan. Metafora polit batez historia laburbiltzen du, baina erreflexio moduko bat ere badakar. Doinuetako bat Bentara noa, bentatik nator da. Sarri bilatzen dugu elizako kantuek kantu herrikoietan izandako eragina, eta alderantziz. Kasu honetan, Laboak darabilen doinu horrek Burgosko Codex de las Huelgas mojen monasterioarekin du lotura.

Flamenko kantari bat ere badugu, Rosario La Tremendita. Izan ere, Al-Andalusetik bidali egin zituzten moroak, baina musika bertan gelditu zen. Kantu mozarabiar bat berreskuratu dugu, duela bostehun urte inguru desagertu zena, gutxi gorabehera. Berreskuratze hori ez genuen halere modu klasikoan egin nahi, flamenko kantari batekin baizik, oso gustukoa dugulako flamenkoa. Azkarateko estudioetara ekarrarazi, eta halako disminuzio batzuk grabatu genituen harekin, oso politak. Halaxe joan gara gure unibertsoa osatzen.

Al-Andaluseko kantuak Marokon aurkitzen dira, eta horietako batek Ipar Euskal Herriko mutil dantza batekin sekulako antza du. Mirentxu konturatu zen horretaz. Jarri dugu, batetik, Mixel Etxekopar mutil dantza hori jotzen, eta, bestetik, Marokoko kantu hori, eta nahastura bat egin dugu. Izan ere, berdin-berdinak dira. Konexioak bilatzen saiatzen gara beti. Guretzat garrantzitsua da, baina handik datorrenarentzat are garrantzitsuago. Hausnarketa hori beti dago gugan.

Maika Etxekoparrek ere parte hartu du.

Subhen rola jokatzen du, nolabait. Moaxaja bat kantatzen du. Garai hartako musika da moaxaja. Al-Andalusen sortua dela esaten da, baina baita Euskal Herrian ere, ezin baita ahantzi hango kalifen eta Subhen jatorria.

Maikaren senarra ere ageri da; sortzez aljeriarra da, eta arabieraz mintzo da lan honetan. Bere ekarpenaren bidez, garai hartan arabieraz, euskaraz nahiz beste edozein hizkuntzatan, azentu desberdinekin egiten zela aldarrikatu nahi dugu. Horixe da gure paranoia.

Zu, denen zuzendari.

24 orduz diharduen morroia esatea zehatzago da. Gainontzeko guztiek ere asko jarri dute. Bestela, ezingo zatekeen.

Miren Zeberiok eta biek Erlea argitaletxea jarri duzue martxan, aurten. Zer helduko da Subh-en atzetik?

Egia esanda, lehen proiektua Euskelelea ipuin albuma zen, baina inprentan dago oraindik. Irrimarrakoek sekulako lana egin dute hor, baita Juan Kruz Igerabidek ere. Ez du estetika klasikorik, eta partiturak ere baditu barruan. Herri kantak, antzinako musika, guk sortutako piezak... Gauza polit asko du.

Areatzako eta Tolosako ikastoletan egindako saioak dira horren abiapuntua. Umeek oso ondo hartzen zituztela ikusi genuen, eta Irrimarrakoengana jo genuen, marrazkiak egin zitzaten. Horrekin batera, euskelele instrumentuak ere egin ditugu.

Nahi ditugun proiektuak burutzen ditugu Erlean, musika eta historia uztartuz beti, hori baita Mireni eta bioi gustatzen zaiguna. Beste lanetarako izan dugu banatzailerik, baina honetan ez, ezta bestelako laguntzarik ere.

Duela zortzi urte, Euskel Antiqua diskoa atera genuenean, 10.000 disko saldu genituen atzerrian, eta gauza bat esango dizut: kanpoan askoz hobeto hartzen dituzte horrelako lanak, Euskal Herrian baino. Kanpoan sekulako grina dute gure kultura zer den jakiteko. Alemanian izan gara festibal batean, eta hor jendea harrituta euskal ondarearekin, baita gurekin ere. Ez nuen uste. Hemen ez da balioesten askotan, eta kanpoan bai. Berez, egiten duguna, norbere kulturaz ikertu eta lan egin, beste herrialde batzuetan ere egiten da, normaltasunez.

Subh kanpoan saltzeko prestatu duzue, liburuak dakartzan itzulpenetan ikusten denez.

Batez ere kanpoan garatzen dugulako gure lana. Eta horretarako, pertsonaia euskaldunak hautatzen ditugu beti, euskaldunak eta, era berean, nazioartekoak. Eta zein nazioartekotuagorik Subh baino. Inork ez du ezagutzen, baina, zentzu askotan, Euskal Herriak izan duen pertsonaiarik garrantzitsuenetako bat izan da. Esklabo izan eta potentzia garrantzitsu batean boterera iritsitakoa, eskuizkribuetan ageri dena, eta euskaldun gisa ageri ere, beti. Subhek toki guztietara eraman zituen bere euskal erroak.

Euskelelea haurrentzako diskoa dela eta, zer plan duzue?

Ezin iritsiz gabiltza, dena egin behar baitugu guk, ipuina kudeatu, azala, euskeleleak... Aurki emanaldia izango dugu Kursaalen, eta hurrengo hilabetean pare bat gehiago ere izango dira.

Euskelelea-n musika kontzeptu asko datoz esplikatuta. Esate baterako, zer den tarantela bat. Eta euskelele deitu dugun musika tresnan Erdi Aroko teoria aplikatzen da, nola jartzen ziren sokak, zer zentzu zuen soka bakoitzaren koloreak, eta abar.

Bitxikeria bat euskelelea dela eta: Madrildik itzulpena eskatzen ari zaizkigu. Hango umeek euskaraz abesten dituzte kantak, eta ulertu nahiko lituzkete.

Jonan Ordorika ere aipatu nahi nuen. Disko barruan argazki batean ageri da, Araitz ibarreko umeekin batera, haiekin egindako grabaketaren ostean. Belarritik tiraka eraman behar izan nuen, ez baitzuen argazkian atera nahi. Beste lan askotan bezala, hemen ere doan egin zuen lan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.