Azken urteetan euskararen inguruko azterketak plazaratzen ari da Juan Martin Elexpuru idazle eta Euskal Filologiako doktorea. Hark plazaratutako ikerlanak dira, besteak beste, Iruña-Veleiako euskarazko grafitoak (Arabera, 2004), Euskararen aztarnak Sardinian? (Pamiela, 2017), Euskararen ustezko kidetasunak Italian eta Korsikan (Pamiela, 2021) eta Euskarazko izenak erromatar garaiko aldare eta hilerrietan (Nabarralde, 2024). Azken horren jarraipen gisa aurkeztu du Elexpuruk bere lan berria: Euskararen mende magikoak. Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren editorearekin batera aurkeztu du.
Goi Erdi Aroan, kristo ondorengo V. mendetik hasi eta IX. mendera euskarak izan zituen hainbat aldaketari heldu die idazleak, eta horien inguruko teoriak zalantzan jarri ditu. Haren esanetan, Erromatar Inperioa erori berritan zegoen garai hartan, ordura arte zeuden hiri gehienak desagertu ziren, eta jendea baserri mundura itzuli zen berriro: «Historia halako tunel ilun batean sartu zen». Orduko oso dokumentazio gutxi daude —«eta euskarazko berbak zituztenak gutxiago»— , baina, hala ere, euskarari «gauza harrigarriak» gertatu zitzaizkiola kontatu du Elexpuruk. Lau ataletan banatu du azterlana, aldaketa horietako bakoitza landuz: euskalduntze berantiarra, -a artikulua, euskara batu zaharra, eta euskalkien sorrera.
Euskalduntze berantiarrarena da, batez ere, filologoen artean, «gairik eztabaidatuenetako bat». Elexpuruk azaldu duenez, teoria klasikoaren arabera, Euskal Herriko mendebaldean ez zen euskaraz hitz egiten, bertan bizi zirenak zeltak ziren eta. Zelten inperioa erortzean, baskoiak Euskal Herriko mendebaldera jo, eta eremu hori euskaldundu zuten. 2010ean teoria «berritzaile» bat gailendu zitzaion horri: baskoiek ez zekitela euskaraz, baina akitaniarrek, ordea, bai; beraz, haiek izan ziren euskara mendebaldera eramatearen arduradunak. Filologoa ez dago ados teoria horrekin: «hondarraren gainean eraikita» dagoela uste du, eta, argudioen bidez, hori demostratzen saiatu da: «Batez ere datu linguistikoak erabili ditut, nahiz eta historian eta arkeologian ere sartu naizen».
Filologiaz harago
Idazleak esan du -a artikuluarena ere «oinarri ahulen» gainean eraikitako teorietako bat dela. Euskararen mende magikoak-en, garai hartako toponimia eta pertsona izenak aztertu ditu, beste hainbat arloren artean. Antzinako testu horietan -a artikulurik ba ote zen ikusi nahi izan du. 2006an Iruña-Veleian topatutako euskarazko testuen faltsutasuna -a hori zeramaten hitzengatik frogatu zutela kontatu du Elexpuruk. Izan ere, sua eta polita bezalako hitzak ageri ziren horietan, eta hainbat teorien arabera, garai hartan —Kristo ondorengo III. mendekoak zirela zioten— hitzek ez zuten artikulu hori eramaten. «Horrek frogatzen du nik kapitulu honetan aipatutakoak ez direla filologoen eztabaidak bakarrik».
«Teoria klasikoaren arabera, neurri batean tribuen jarraipena dira euskalkiak: autrigoiena, karistiarrena, barduliarrena eta baskoiena, esaterako»JUAN MARTIN ELEXPURUIdazlea eta filologian doktorea
1981. urtean Koldo Mitxelenak, Goi Erdi Aroko garaiaz ari, «mende ilun horietan» euskara batua bazegoela adierazi zuen Hizkuntza komuna eta euskal dialektoak testuan. Euskara batu horri euskara batu zaharra esaten diote, eta egilea Mitxelenak idatzitako horren testuingurua azaltzen saiatu da hirugarren atalean. Euskara batu zaharraren ondoren sortu ziren euskalkiak, eta horren ingurukoak bildu eta zalantzan jarri ditu laugarren kapituluan. Elexpuru: «Teoria klasikoaren arabera, neurri batean tribuen jarraipena dira euskalkiak: autrigoiena, karistiarrena, barduliarrena eta baskoiena, esaterako».
Egileak badaki filologiaren munduko hainbatek agian ez dituztela gustuko izango jorratu dituen gaiak eta horiek zalantzan jartzeko moduak, eta horretaz aritu da liburuaren epilogoan: «Ulergarria da haserrea; zuk bizitza guztian gauza bat sinetsi eta erakutsi baduzu, eta gero sasiletradu bat etortzen bazaizu esanez gauzak ez direla horrela, ez da harritzekoa barruak asaldatzea». Hala ere, honela amaitu du epilogoko testua Elexpuruk: «Gaiztakeria bat egin duen mutikoa sentitzen naiz. Eta ez nintzateke sentitu behar».
«Zintzotasuna»
Mendigurenek idazleari galdegin dio ea Euskararen mende magikoak zer motatako irakurleentzat ikusten duen egoki. Lehenik, «filologoen kontuak» aipatzen direnez, mundu horretan dabilen jendearentzako dela azaldu du. Baina, hala ere, gehitu du publiko euskaltzale orokorrarentzat ere egokia izan daitekeela.
Bestalde, Elexpuruk egindako «ariketa zintzoa» azpimarratu du editoreak: «Zintzoki azaldu ditu teoria bakoitzaren atzean dauden elementuak, argumentuak manipulatu gabe». «Beti saiatu naiz horretan», erantzun dio egileak. Teorien inguruan esan dena, horien testuingurua, eta beste batzuen argudioak azaltzen saiatu dela aipatu du, inongo «nahas-mahasik egin gabe».