Euskarazko zinema, agerikotasun bila

Euskal zinemagintzaren industria txikian bada sormenerako gaitasun nahikorik, baina, ekonomikoki bideragarria izateko, filmak erakusteko ibilbidea bermatzeari ere arreta jarri behar zaiola ohartarazi du Miren Manias ikerlariak bere tesian.

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2015eko uztailaren 31
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Kultura da zinema, baina baita industria ere. Tamainan txikia, euskarazkozinemagintzaren kasuan, baina industria azken batean. Eta ez da merkea izaten film bat egitea. Ongi dakite hori ekoizleek, beren bizkar hartzen baitute produkzioen kostuen zatirik nagusiena. Auzia sakon aztertu du Miren Manias ikerlariak (Oñati, Gipuzkoa, 1984), Euskarazko zinemaren produkzioa eta finantziazioa: hamaika film luzeren azterketa ekonomikoa izenburupean osatu duen tesian. Eta ondorio argi bat atera du: ekonomikoki bideragarria izateko, besteak beste, sustapen politika zehatzak behar ditu euskarazko zinemagintzak, eta lanak erakusteko ibilbideari arreta berezia jartzea.

Mondragon Unibertsitatean zela, Ikus-entzunezko Komunikazioko lizentziaren amaierako proiektu gisa, euskarazko hiru filmen produkzioa aztertu zuen Maniasek: Aupa Etxebeste! (2005, Asier Altuna eta Telmo Esnal), Kutsidazu bidea, Ixabel (2006, Fernando Bernues eta Mireia Gabilondo) eta Eutsi! (2007, Alberto Gorritiberea). «Lan hura ekoizle zuzendari eta ekoizle eragileei egindako sakoneko elkarrizketetan oinarritu zen, eta elkarrizketa horietan gehien aipatzen zen hitza dirua zela ikusi nuen; dirua, eta kezka etorkizunari begira euskarazko zinemaren bideragarritasun ekonomikoaz. Hemen pelikula bat egitea oso zaila zela konturatu nintzen, eta are zailagoa euskaraz». Beste datu batek eman zion atentzioa ikerlariari: 1989tik, Antxon Ezeizak Ke arteko egunak ondu zuenetik, euskarazko fikziozko film luzerik ez zela filmatu 2005ean ekoizpenen gorakada bat sumatu zen arte. Zer ikertu bazegoela iritzita, EHUrekin harremanetan jarri, eta 2011n hasi zen orain aurkeztu berri duen tesia lantzen, Ramon Zalloren gidaritzapean.

2005-2012 urteen artean egindako euskarazko pelikulen uzta ikertu du Maniasek; euskarazko hamabost film luze pantailaratu ziren tarte horretan, eta horietako 11 aztertu ditu. Lehen ondorioa: ez dagoela finantzatze eredu edo joera komun bat. «Hala ere, aurrekontuen batez bestekoa bada antzekoa guztietan: 1,5 milioi eurokoa». Finantzatze publikoaren arloan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, bi zutabe nagusitatik jasotzen dute dirua ekoizpenek: diru laguntzen bidez (Eusko Jaurlaritzatik bereziki), eta ikus-entzunezkoen erregulazioaren bidetik, telebista kateek haien etekinen zati bat zineman inbertitu behar baitute legez —%6 kate publikoek, kasu honetan ETBk, eta %5 pribatuek—. Finantzatze pribatua, berriz, «oro har ekoizleen inplikazioaren eta baliabideen eskutik izan da, eta, ondorioz, proiektuen kostu ekonomikoaren zati handi bat beren gain hartuta. Oso inbertsio pribatu eskasa dago ekoiztetxeak ez diren bestelako eragileen aldetik; ez dago interesik gure zineman inbertitzeko», dio Maniasek.

Zinemarena, halako inbertsioetarako «oso sektore interesgarria» dela uste du ikerlariak, baina arriskatua ere bada. «Ez dago ziurtasunik inbertitu duzuna bueltan jasotzeko; pelikula baten arrakasta ez dizu ezerk bermatuko, eta zaila da finantzatze pribatua erakartzea». Horri, halaber, beste hainbat zailtasun gehitu behar zaizkio, tartean egungo zerga politikak, «ez dutenak batere laguntzen, egun kenkariak gutxienekoak baitira». Europakoen artean, Kanaria uharteetakoa aipatu du eredugarritzat, pizgarriei esker Europa zein AEBetako produkzio ugari joaten baitira hara filmatzera. Ildo horretan, finantzatze pribatua euskal zinemagintzaren «ahulguneetako bat» dela uste du ikerlariak.

Finantzatze publikoaren ildotik ere, oro har, gauzak ez daude errazagoak. Europako araudiak, Maniasen ustez, ez ditu halako lanak batere laguntzen. «Ez dago inolako politika edo lege espezifikorik, ez diskriminazio positiborik, hizkuntza gutxituetan egiten diren pelikulak laguntzeko. Europako Batzordeak kultur aniztasuna aldarrikatzen du, gero praktikan jartzen ez duena; kontraesana da. Errealitatearen zati bat ezabatzea ere bada, euskaraz edo galizieraz egiten den zinema aniztasun horren parte delako». Horri gehitu behar zaio Espainiako Kultura Ministerioak hizkuntza gutxituetan sortutako lanak laguntzeko zuen diru sail espezifikoa kendu izana 2011. urtean.

Baina sortu ostean, zer?

2000ko hamarraldiaren hasieran hainbat politika aldaketa izan ziren euskal ikus-entzunezko sektorea sustatzeari begira. 2005etik aurrera izandako ekoizpenen gorakadak neurri horiekin zerikusirik izan zezakeen galdera mahai gainean jarri zuen Maniasek bere ikerketan, eta ondorio argia atera du: «Harremana %100ekoa da. Ez da kasualitatea 2005etik aurrera urtero gutxienez euskarazko fikziozko film luze bat egotea; izan dira bi eta hiru ere estreinatu diren urteak, 2008an salbu».

Politika aldaketa horien artean, nagusiak hiru izan ziren: Euskal Ikus-entzunezkoen Liburu Zuria (2003) deritzona idatzi izana, sektoreko eragileen beharrak eta jorratu beharreko lehentasunak jasotzen zituena; 2000. urtean Kulturaren Euskal Plana diseinatu izana; eta 2007an Ikus-entzunezkoen Finantzatze Dekretua ezarri izana. «Horrek guztiak lagundu du azken urteetako emaitza bultzatzen. Badago harremanik, baina ez nuke esango euskarazko zinemaren loraldirik dagoenik, badirelako ahul dauden hainbat eta hainbat alderdi». Aztertutako 11 pelikulek «errealitatearen zati bat soilik» erakusten dutela ohartarazi du. «Orain, ikusita zer lortu dugun, ahalegina egin behar da ahul dauden arlo horiek hobetzeko eta indartzeko. Diagnostiko bat behar du honek, ez bakarrik administrazioaren partetik: sektoreko eragile guztiak mahai baten bueltan eseri beharko liratekeela uste dut —sortzaileak, aktoreak, ekoizleak, banaketa etxeak, zinema aretoetako jabeak...—, aurrera begira eman beharreko baldintzen arauketarekin eta lanen promozioarekin zerikusia duten ahulgune horiez hitz egiteko».

Izan ere, Maniasen ustez, produkzio maila «kuantitatiboki eta kualitatiboki txukuna» lortu da, baina arazoa ez da ekoiztearekin amaitzen: «Beharbada falta zaigu egiten dugun horri balioa ematea, prestigioa ematea, kanpora ateratzea, inbertsio pribatua erakartzea, telebistarako euskarazko edukiak lantzea... Hobetzeko gauza asko daude». Baita euskarazko filmen ibilbide komertzialari begira ere, «oso mugatua eta laburra» baita kasu gehienetan, eta erakutsi ezean argia baita ondorioa: «Ikus-entzunezkoak ez badituzu ikuslearen begien aurrean jartzen, definizioz, ez dira existitzen». Etxean nahiz kanpoan ikusten du zer egina ildo horretan. «Etxeko audientzia bat bermatuta dago, baina eskasa da, ez da nahikoa; ikusi behar da etxean nola berreskuratu lan horiek, euskarazko filmak ez baitira egiten soilik euskal hiztun komunitatearentzat; gazteleraz hitz egiten dutenentzat edo kanpora ateratzeko ere badira, eta denak ez dira ateratzen». Telebistaren eta zehazki ETBren ardura aipatu du, fikziozko produktuak sortu edo bikoizteko; «ez baditu etxeko lanak egiten, jai dugu».

Bertako aretoek egun dituzten funtzionatzeko moduek ere ez dute lanok ikusaraztea errazten. «Diruaren diktadurak agintzen du hor, gauzak diren moduan. Banaketa etxeek katalogoen bidez funtzionatzen dute, eta aretoetako jabeek denak batera erosi behar dituzte. Hala, euskarazko film bat leku bila doanean, askotan ez dute izaten, katalogo osoa erosi baitute, bestela agian hurrengo hilean ez baitiote eskainiko, eta abar...». Horren aurrean, euskarazko pelikulekin diskriminazio positiboa egin beharko litzatekeela uste du Maniasek, areto jabeak lagunduz pelikula horiek eman ditzaten, egun eta ordutegiekiko besteen baldintza berberetan. «Estrategia bat diseinatu beharra dago, diskriminazio positiboan oinarritua, baita kanpora ateratzeari begira ere».

Kontsumo joeren aldaketa

Maniasek ikertutako tarteari dagokionez, Aupa Etxebeste! izan zen aretoetara ikusle gehien erakarri zuen euskarazko lana: ikusmina ere bazegoen aspaldiko partez euskarazko film bat ikusteko aukera izateagatik, eta 71.000 lagun inguru bildu ziren hura ikustera. Ordutik aurrerakoek, 2012ra arte bederen, ikusle kopuru xumeagoak izan zituzten. Eskaintza badenean, eskaria ote falta dena? Hainbat faktoreren eragina ikusten du Maniasek. «Ez dut esparru horretan sakondu, baina baditut susmo batzuk. Batetik, euskarazko lanak ez direla baldintza berberetan erakusten aretoetan, eta, beraz, ikusleak ere ez du produktu horietara baldintza berdinetan iristeko biderik. Bestetik, egia da askotan euskal kultura interesatzen zaigula aldarrikatzendugula, baina gero ez dugula ezer egiten kontsumitzeko; hor badago lan pedagogiko bat egin beharra, euskarazko pelikulak erakusten hasita, bestelakoak bikoiztuz edo azpidatziekin emanez... kontsumo joera batzuk bultzatzeko. Horrek hizkuntzaren normalizaziorako bidea ere zabaltzen du».

Horrekin batera, euskarazko lan guztiak ez direla «onak» izan edo denek ez dituztela ikuslearen espektatibak gainditu uste du, «normala den bezala, industria guztietan gertatzen den bezala». Gakoa, beste edozein hizkuntzatan bezala, kontatzeko istorio on bat sortzea baita. Eta horretarako sorkuntza prozesuan ere inbertitu beharra dagoela ohartarazi du. «Arlo artistikoan, hau da, gidoian eta aktoreengan, %10 baino ez da inbertitzen, eta horrek hasieratik mugatzen du lan horren arrakasta». Filmaketan eta postprodukzioan inbertitu ohi da kopururik handiena, nahiz eta 2010etik kostuak murriztu diren. «Baina altuak dira oraindik, eta horrek azkenean gidoia, aktoreen lana... alde artistikoarekin lotura duen guztia hipotekatzea bultzatzen du». Filmen aurrekontuak atalez atal aztertuta, sormen faserako batez beste %4 baino ez dela jartzen ikusi du; %15 inguru egin osteko promoziorako; eta %75 joaten da filmaketa eta postprodukzio fasera. «Hori arazo bat da».

Bada, gainera, aretoetako zenbakietan eragiten duen bestelako faktore bat: zinemaren kontsumo joeran azken urteotan gertatzen ari den aldaketa orokorra. «Formatu eta gailu berriak daude, Internet, plataforma berriak... Jada ez gara zinema aretoetara hainbeste joaten, eta esango nuke zinemaren industriak mundu mailako trantsizio handi bat bizi duela testuinguru berri horretara egokitzeko, azken batean produktuen monetizazioaren bila, etekina ez baita aurreko ereduaren bide berberetatik eskuratzen. Balio kate berri horretan, hainbat enpresa sortu dira, eta beste eragile pila bat ezabatu: bitartekariak, agenteak, banaketa etxeak... eta haiek ere ez dute nahi galdu orain arte lortutakoa». Horrek guztiak aretoetan gutxieneko audientzia bat bermatzea ez duela errazten uste du, eta euskarazko zinemaren industriak halako plataformetan oraindik «gutxi esperimentatu» duela dio Maniasek.

'Loreak', inflexio puntu?

Krisi ekonomikoak sektore guztiak jo dituen garaiotan, zinema ez da salbuespena izan. Euskarazko zinema industriak, baina, bere txikitasunean, mailari eutsi diola azaldu du Maniasek. «Egun, euskarazko film bat egitea ez da beste garai batean baino zailagoa ekonomikoki; orain gaztelerazko lanen aurrekontuekin ez da alde handirik. Baina kulturalki, agian, ez da hain erraza hemen pelikula bat egitea, zeren egin, bai, egiten duzu, baina gero nora doa?», galdetzen du. Horregatik uste du gerora film horrek egingo duen ibilbideari arreta gehiago jarri behar zaiola. «Pena da, askotan, kanpora atera direnean, euskarazko pelikulek hobeto funtzionatu baitute etxean baino». 80 egunean aipatu du adibide gisa (2010, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga).

Horretarako, baina, sektoreko eragile guztien gogoeta beharrezkoa dela uste du. «Honek guztiak diagnostiko bat behar du, eta etorkizunari begira eman beharreko baldintzen inguruan gogoeta egitea. Eta baldintza horiek, gure ustez, zuzenean lotuta daude arauketarekin eta filmen promozioarekin. Egiten dugun horri prestigioa eman behar zaio, erakutsi, eta, horretarako, estrategia bateratu bat behar da».

Egoera dena izanik ere, etorkizunari baikor begiratzen dio, eta Garañok eta Goenagak iaz estreinatutako filmaren kasua bereziki nabarmendu du. «Oraindik urte batzuk pasa beharko dira agian, baina uste dut Loreak beste inflexio puntu bat markatzera etorri dela, edo, behintzat, sinistu nahi dut alarmak piztu dituela». Gogorarazi du euskara hutsean filmatutakoen artean Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu den lehen filma izan dela, Espainiako Goya sarietara izendatua egon zela, atzerrian jaialdi ugaritan eskaini dela, eta orain AEBetan zinema aretoetan jatorrizko hizkuntzan estreinatuko dela. «Loreak hori esatera etorri da, zerbait ari dela aldatzen euskarazko zinemagintzan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA