Euskarazko zinemagintza «saretzea» izango du xede aurtengo Euskal Zine Bilerak

Gaur hasiko da Lekeitioko zinema jaialdiaren 48. aldia, eta asteartera arte iraungo du. Euskal zinemagileak «elkartu» eta «harremanetan jarri» nahi dituzte antolatzaileek. Pantailak Euskaraz egitasmoari emango diote Begiradak saria.

Itziar Ituño, Xabat Lertxundi Aiertzaren Ziklope film laburrean.  EUSKAl ZINE BILERA
Itziar Ituño, Xabat Lertxundi Aiertzaren 'Ziklope' film laburrean. EUSKAl ZINE BILERA
edurne begiristain
2025eko urriaren 16a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lekeitioko herria (Bizkaia) sortu zenetik zazpiehun urte bete dira aurten, eta Euskal Zine Bilera jaialdiak urtemuga borobil hori baliatuko du zinemaren zirrikituetan murgildu eta «harriz harri» eraikitzen diren istorio txikiei erreparatzeko. «Istoriorik txikienak ere badakielako askoren arteko elkarlanean soilik egingo duela aurrera», antolatzaileek nabarmendu dutenez. Gaurtik asteartera arteko egitarau mardula ondu dute festibalerako, eta, ohi denez, film laburrak izango dira izarrak. Denera, hogei lan lehiatuko dira.

Mende erdi bat da herriko gazte batzuek, euskarazko ikus-entzunezkoei lekua egiteko asmoz, Euskal Zine Bilera lehen aldiz antolatu zutela. Ordutik, fotogramaz fotograma eta pixelez pixel euskarazko film laburren topagune bilakatu da Lekeitio urtero. Aurten, 48. aldia du jaialdiak, eta, Xabier Arrate Zine Bilerako koordinatzaileak azaldu duenez, euskarazko zinemaren bilgune izateaz gainera «sarea egiteko aukera» ere izatea nahi dute. Hain justu, euskarazko zinema «elkartu» eta «harremanetan jartzea» izango da aurtengo helbururik behinena: «Euskal zinemagileak harremanetan egoteko babesleku bat eskaini nahi dugu».

Arratek azpimarratu duenez, garrantzi berezia du euskara hutsez egiten den zinema jaialdirik zaharrena zazpiehun urte bete dituen herri horretan egiteak. Horixe bera azaleratu nahi dute aurten: «Barrura begira jarri gara, eta, horrela, euskarazko zinema egiten duten sortzaileak Lekeition batu nahi ditugu». 

«Euskal zinemagileak harremanetan egoteko babesleku bat eskaini nahi dugu»

XABIER ARRATEEuskal Zine Bileraren antolatzailea

Gaurtik larunbatera egingo dituzte Sail Ofizialeko filmen proiekzioak, Ikusgarri aretoan. Hauek dira proiektatuko dituzten hogei lanak: Exergo (Jorge Moneo Quintana), Markelen gurutzea (Alberto Bilbao Ariztimuño), Berandu (Lorea Azpeitia Anta), Eraman zutela (Mikel Balerdi Arruabarrena), Dear Death (Maddi Hernaez Susperregi), Pentsatzen dut (Karmele Mitxelena), Xiberoa kantuz loraturik. Txoriekin hizketan (Ane Rotaetxe eta Larraitz Zuazo), Olentzerori eskatu nion (Amaia San Sebastian Larzabal), Kamarada (Jon Iñigo Hidalgo Gereñu), Planetagatik (Eneko Muruzabal Elezkano), Maritxu, nora zoaz? (Alex Altuna Tojal), Inkognita (Julen Gorosabel Ortega), Kume (Xabier Larrazabal), Arditurri (Ander Arrieta Odriozola), Ehiza (Aitzol Saratxaga), Erreka zoko hortan (Ekaitz Bertiz), Bidean (Imanol G. Gurrutxaga), Ziklope (Xabat Lertxundi Aiertza), Dinosaurioak (Koldo Almandoz), Azkena (Ane Inss Landeta eta Lorea Lyons).

Bost sari emango dituzte: filmik onenaren saria, zuzendaritzarik onenaren saria, gidoirik onenaren saria, EITB Ikuslearen saria, eta Benito Ansola saria —2001ean edo ondoren jaiotakoentzat da—. Itziar Atienza, Beñat Sarasola eta Miren Aperribai izango dira epaileak.

Zine Bilerako koordinatzailearen esanetan, lehiaketarako aukeratu diren lanak «denetarikoak» dira, batez ere generoari eta lurraldetasunari dagokienez, eta, ohi bezala, fikzioa eta dokumentalak dira gehienak. Gainera, zinemagile hasiberrien eta beteranoen filmek «maila berean» lehiatzeko parada izango dute, «oreka» bilatu dutelako zinema amateurraren eta profesionalaren artean, Arratek esplikatu duenez.

Aitortza eta proiekzio bereziak

Euskal Zine Bilerako antolatzaileek urtero omentzen dituzte euskarazko ikus-entzunezkoen munduan «ekarpen berezia» egiten duten pertsona, eragile edo bestelakoak, Euskal Zinemaren Begirada saria emanez. Aurten, Pantailak Euskaraz mugimenduaren lana aitortuko dute. 2021az geroztik mugimendu horrek egindako «aurrerapausoak» aitortu nahi dituzte, eta etorkizunean bide beretik jarraitzeko «pizgarri» izan nahi dute.

Ohiko lehiaketaz gain, zenbait proiekzio berezi ere eskainiko ditu jaialdiak. Hiru izango dira. Asier Altunak zuzendutako Karmele filma proiektatuko dute, hiru saiotan —bihar, igandean eta astelehenean—. Bestetik, Akelarre: marearen kontra dokumentala estreinatuko dute igandean. 1970eko hamarkadan sortutako musika taldearen 30 urte baino gehiagoko ibilbideari errepasoa egiten dio lanak; Xabier Zabala Agirrezabal eta Carlos Iglesias Serrano dira zuzendariak. Bi lanetako egileekin solasaldiak antolatu dituzte igandean.

Azkenik, Asier Ibaibarriagak eta Edurne Martinek zuzendutako Txillarreko sukaldaria dokumentalak itxiko du jaialdia, asteartean. Egun berean, dokumentala amaitzerakoan, zuzendariekin solasaldia egingo dute.

Euskaraz nola sortu

Gazteei euskaraz sortzeko aukera badagoela erakustea da Euskal Zine Bileraren beste helburuetako bat, eta horretarako bi egitasmo abian jarriko dituzte jaialdiak irauten duen egunetan: Harrobia eta Klixka. Lehenak gazteei ikus-entzunezkoen bidez euskarazko sorkuntza hurbiltzea du xede, eta aurten, berrikuntza gisa, bideo-podcastak sortzen eta ekoizten irakatsiko dute. Bigarrenarekin, berriz, ikastetxeetan tailer praktikoak emango dituzte ikus-entzunezko sortzaileekin batera. Arrate: «Etorkizuneko zinemagileak alfabetatu eta haien sormen grina elikatu nahi dugu».

Euskal zinemaren ondarea ere presente egongo da, Atzo8 programaren bitartez; aurten, euskal zinemagintza analogikoaren garrantzia eta memoria berreskuratzea izango dute xede, eta Irati Gorostidiren OT-IL filma online ikusteko aukera egongo da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.