Zinema

Eva Marie Saint Hollywoodeko aktorea hil da, 102 urterekin

Elia Kazan zinemagilearen eskutik egin zuen lehen zinema lana, 'On the Waterfront' pelikulan, eta taldeko emakumezko aktorerik onenaren Oscar saria jaso zuen. Alfred Hitchcocken 'North By Northwest' filmeko interpretazioagatik ere laudatu dute adituek.

Eva Marie Saint aktorea. ANDREW KELLY / EFE
Eva Marie Saint aktorea. ANDREW KELLY / EFE
Inigo Astiz
2026ko urriaren 7a
13:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hollywoodeko 1950eko hamarkadako izarretako bat izan zen Eva Marie Saint aktorea (New Jersey, AEB, 1924-Los Angeles, AEB, 2026). Asteartean hil zen, 102 urterekin, zinemaren historiari hainbat eszena ikoniko utzita.

Aktore ikasketak egin zituen Ohioko unibertsitatean, eta telebistan egin zituen lehen lanak. 1954an hartu zuen parte lehenengoz film batean. Elia Kazan zuzendariaren On the Waterfront pelikulan izan zen zehazki, eta Marlon Brando aktorearekin batera aritu zen bertan. Zortzi Oscar sari lortu zituen film hark guztira, eta Saintek ere orduan irabazi zuen taldeko emakumezko aktorerik onenarena, bere lehen film hartako lehen lan hari esker.

Alfred Hitchcock zuzendariaren North By Northwest filmean Eva Kendall agente sekretuaren rola jokatu zuen, eta adituek bereziki laudatu izan dute Saintek pelikula horretan egindako lana. Horietan ez ezik, Exodus (1960) filmean ere egin zuen lan, bai eta Stalking Moon izenekoan ere (1969).

Izar bizimoduari uko

Hogei film ingurutan hartu zuen parte guztira. Baina gehiago ere izan zitezkeen, aktoreak esandakoen arabera hainbat rol garrantzitsuri egin baitzien uko familia zaindu ahal izateko. Haren hitzetan, ez baitzuen izar bizimodua izateko interes berezirik.

Telebistan ere hainbat lan egin zituen gerora, eta Emmy sari bat jaso zuen People Like Us draman egindako interpretazioagatik. 2006an egin zuen zinemako bere azken agerpenetako bat. Clark Kenten amaordearen rola jokatu zuen Superman Returns filmean orduan, eta, gerora, Mariette in Ecstasy pelikulan ere hartu zuen parte, 2019an.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA