Eva Salaberria kudeatzaileak dimisioa emanda, beste fase bati ekin dio Donostia 2016k

Kultur hiriburutzaren fundazioak lantaldean sartuko diren zazpi kide berriak aukeratu ditu

Erredakzioa
Donostia
2013ko ekainaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eva Salaberria orain arte Donostia 2016ko kudeatzaile eta koordinatzaileak ez du karguan segituko, berak hala erabakita. Kultur hiriburutza gidatzen duen Fundazioaren patronatuak bilera egin zuen herenegun, eta han egin zen ofiziala Salaberriaren dimisioa. Donostia 2016k ohar baten bidez adierazi duenez, «Salaberriak amaitutzat ematen du Donostia 2016ren zuzendaritzan egindako lana, baina eutsi egiten dio bere baldintzarik gabeko konpromisoari, eta etorkizun laburrean proiektuan lan egiten jarraitzeko asmoa azaldu du».

Salaberria 2009ko azaroan izendatu zuten koordinatzaile eta kudeatzaile, eta orain hutsik gelditu da postu hori. Fundazioak ez du aurreratu haren ordez norbait kontratatuko duen edo haren lanak lantaldeko beste kideen artean banatuko dituen. Azkenaldian, Salaberriak eta Fernando Bernues kultur zuzendariak partekatu dute kultur hiriburutzaren zuzendaritza Igor Otxoa proiektuen arduradunaren laguntzarekin.

Patronatuaren bileran, Fundazioaren gobernu taldeko erakundeetako ordezkariek hartu zuten parte: Juan Karlos Izagirre, Nerea Txapartegi eta Amaia Almirall Donostiako Udalaren izenean, Ikerne Badiola (Gipuzkoako Foru Aldundia), Cristina Uriarte eta Joxean Muñoz (Eusko Jaurlaritza) eta Jose Luis Herrador Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkariordeak.

Bilera horretan bertan, Donostia 2016 bulegoko lantaldea osatuko duten zazpi kide berrien izendapena onartu zuten. 2012ko abenduan jarri zuten abian postu horiek betetzeko lehiaketa; 2.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena. Hauek izango dira azkenean, kultur hiriburutzaren bulegoan lan egingo duten pertsonak: Garbiñe Muñoa (zuzendaritza ekonomiko-finantzieroa), Enara Garcia (Parte-hartze arduraduna), Eneko Garate (Nazioarteko arduraduna), Itziar Elizondo (Komunikazio arduraduna), Xabier Paya (Ahotsen Itsasargiaren arduraduna), Inesa Ariztimuño (Bake Itsasargiaren arduraduna), eta Ainara Garcia (Bizitza Itsasargiaren arduraduna).

Hamar milioi gutxiago

Donostia 2016k 62 milioi euroko aurrekontua izango du 2012-2020 urte bitarterako. Fundazioaren patronatua osatzen duten lau erakundeek eskatu zioten 2016ren zuzendaritzari aurrekontua berrikusteko —72 milioikoa zen orain arte—, eta horrek egindako proposamena onartu zuen patronatuak. Ez da kultur hiriburutzaren aurrekontuak izan duen aurreneko murrizketa; hasiera, 89 milioikoa baitzen 2009-2020 urte bitarterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.