Zinema estreinaldiak

«Ez al da bekatua?»

Urska Djukic esloveniarrak bere lehen film luzea plazaratu du: 'Kaj ti je deklica'. Eskola katoliko bateko 16 urteko neska bat da protagonista, eta bere sexualitatea ezagutzen ari da.

'Kaj ti je deklica' filmeko irudi bat. BERRIA
'Kaj ti je deklica' filmeko irudi bat. BERRIA
Odile Bourguignon Goñi
2026ko maiatzaren 13a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hori ez al da bekatua?». Zuhaitz artean ezkutatuta, 16 urteko neska batek galdera hori botako dio lagunari, jolasaren eta eginbeharraren arteko bidegurutzean, ezin erabaki. Txangoa egin dute eskolak antolatuta: Esloveniako eskola katoliko batetik Italiako moja komentu batera. Koruko zuzendariak antolatu du hiru eguneko erretiroa, eta komentu hartan entseatuko dute neskatoek, distrakzioak distrakzio. Nerabezaroa ala helduaroa, laguntasuna ala koruaren zurruntasuna, sexualitatea ala erlijioa. Kaj ti je deklica (Zer duzu, neskato) filmean barne gatazka horiek guztiek zeharkatuko dute Lucia protagonista, eta haren eboluzioa gertu-gertutik ikusi ahal izango du ikusleak.

Belarrien eta ahoen lehen planoak, ilearekin jolasean ari diren hatzak, sakelakotako teklen hotsa eta eltxoen burrunba. Urska Djukic zinemagile esloveniarraren lehenengo film luzeak irudien, soinuen eta zentzumenen bidez kontatu du filmeko nerabeek zer darabilten buruan.

Lotsatia eta bakartia da Lucia, eta ez darama denbora asko oraingo eskolan. Lortu du lagun talde bat osatzea, baina batekin dago erosoen: Ana Mariarekin. Komentua berriztatzen ari diren langile batzuek —horietako batek, bereziki— aitzakia emango diete neskatoei sexuari eta desirari buruz hitz egiteko, baina besteek desio duten mutil gazte horrek ez ezik, protagonistari interes berezia piztuko dio adiskideak ere. Hala, filmak sexu iratzartze baten erretratu doi bat egingo du.

Emakume «zintzoak»

Koruaren erlijio abestiek lagunduko dute filma, eta, aldi berean, presente egongo da katolizismoaren sinbolismoa ere. Horrek guztiak kontrastea egingo du nerabe taldearen oinarrizko nahi eta desirekin. Finean, bakarra izango da dilema: non dago norbera izatearen eta men egitearen arteko oreka? Egia ala erronka izeneko jokoaren bidez, neskatoek balantzan jarriko dute dilema hori; noiz eginbeharraren alde, noiz kontra. Esaterako, protagonistak musu eman beharko dio ezpainetan Ama Birjinaren estatua bati.

Djukic zinemagilearen filmari Sonic Youth musika talde estatubatuarraren abesti batek eman dio ingelesezko izena: Little Trouble Girls. Talde horretako Kim Gordonek eta Kim Dealek besteen onespena lortzearen truke zintzo plantak egiteari buruz abestu zutenean, «konprenitua izatearen sentsazio bitxi bat» izan zuen zinemagileak. Hala adierazi zuen: «Zure alderdirik basatiena eta instintiboena ezkutatzen irakasten dizute, desegokitzat jotzen delako. Baina uste dut hortxe datzala, hain zuzen ere, emakume baten indar handiena. Akaso horregatik izan da horren erreprimitua eta kontrolatua historian».

'Kaj ti je deklica'

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_17785141015575) (/EZEZAGUNA)
Obsession filmaren fotograma bat. BERRIA

'oBSESSION'

Mutil bati bere betiko maitasun platonikoak pizten dion desio erromantiko desesperatuak sorginkeria bat eragingo du: maite duen neska berarekin obsesionatuko da, bere itzal izateraino. Ametsa amesgaizto bihurtuko da, eta zoritxarreko ondorioak eragingo ditu.

'PIZZA MOVIES'

Krisi betean dagoen kultur kazetari eta zinema kritikari batek dena uzteko eta negozio bat hasteko konbentzituko du senarra. Baina ez du edonolako negozio bat hasi nahi: Hollywoodeko zineman oinarritutako pizzeria bat ireki nahi du, pizza bakoitzak film edo aktore bat omendu dezan.

'HUGO 24'

Hugok 23 urte ditu, baina ez da heldu oraindik. Bere 24. urtebetetze egunaren bezperan, elkarrizketa bat izango du etxe agentzia bateko kideekin. Haren ametsetako lana da, baina, abandonatua izateko beldurrez, Hugo ezin aurrera egin dabil. Etxeko jabearen mehatxu batek azkar erreakzionatzera behartuko du: 24 ordu barru etxegabetuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA