KRITIKA. Musika

Ez da burua jaisteko unea

Hemen beharko luke
Andoni Tolosa.
2025eko azaroaren 2a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

'hemen beharko luke'

Txuma Murugarren. Gaztelupeko Hotsak. 

Bai, bai, serio, Txuma Murugarren autotunearekin. Bai, bai, halaxe da, Txuma rock elektronikoarekin jolasean. Ez, ez, ez da txantxetarako, «ni ez naiz poeta, ni harakina naiz» tirokatzen du, diskoa entzuten hasi eta haren ahotsa agertzen den lehenengo aldian. Hortik atera kontuak. Oreretakoaren zakarkeria arti hori! Ados, badakigu den-dena ez dela agerikoa, eta lehenengo gordinkeria geruzaren harresiaren ondoren zain daukagula kantariaren mundu poetiko aberatsa: argi-ilunez, egunerokotasunez, emozioz, intimitatez betea. Eta halaxe gertatzen da Hemen Beharko Luke diskoarekin.

Ez naiz kantuak egin digun ongietorri indartsuaren ondoren, Dena amildu dator, galerez ari den arnas ertaineko balada bat (Murugarrenen espezialitateetako bat). Ez dakit barkatuko diogun deabruzko autotune hori erabili izana. Baina Txuma da, izpiritu libre bat, inondik inora. Beste balada bat dator gero; Ezer ez da berez, sintetizadore ia ochenteroz eta perkusio elektronikoz beteta, baina, eta hau ere berezkoa du musikariak, lelo eder eta melodikoki argitsu batekin altxatzen dena.

Azkenean! Gitarra akustiko bat agertuko da Berantetsia-n, eta hirugarren balada da segidan. Benetan, zera bakarrik falta da, argiak itzali, diskotekako bola piztu eta dantzan hastea. Errezital kantatuan, edo kantu errezitatuan, ari da Murugarren, hitzak zizelkatzen bezala, jokaleku ezin hobea haren ahots kraskatuarentzat. Erritmo ertaineko pop kantu melodiko bat da Lizar bat; beste moldaketa batzuekin, eta beste ahots batekin, hit bat ere izan zitekeena. Baina zertarako, bikaina bada dagoeneko. Eta lagunak, eta autoak, eta gaua, eta errua... agertuko dira Lagunak joan, disko honetako laugarren baladan, musikariaren ikonografian ohikoak diren elementuak. Eta kito, ia bukatu da (ez dira garai onak disko luzeentzat) eta kantu-bilduma honen sarrera indartsuarekin bat egiten duen amaiera gihartsua dator: Ez eman amore. Atarikoan bezala gitarra elektrikoak eta base elektronikoak suelto dabiltzan egoskorkeriari eskainitako ereserkia: Ez da burua jaisteko unea.

Eskerrak Txumak ez duen burua jaitsi, eta ausartu den, berriro ere, bere imajinario musikal eta poetikoari elementu «ezerosoak» gehitzen. Uztarketa horrekin jolastu du, eta kontrakoa gerta zitekeen arren, hain berezkoa duen kantu-moldea aberastu baino ez du egin. Ez larritu, hortxe daude, kantu guztietan, Rafa Acevesen pianoak. Edozein modura, disko honekin, batez ere, oraindik, zer esan ugari duela erakutsi du Murugarrenek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.