Artea

Ez dakizuna egitea, ez dakizunarekin

Azken bost urteetan sortutako eskulturak bildu ditu Angel Bados artistak Bilboko Carreras Mugica galerian. Jorge Oteizaren oihartzuna eta Europako artea ez ezik, arabiar kultura ere izan du sorkuntzarako solaskide.

Angel Bados artistaren erakusketa Carreras Mugica galerian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Angel Bados artistaren erakusketa Carreras Mugica galerian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko azaroaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Eskultura Berria mugimenduan kokatu zuten kritikariek 1980ko hamarkadan, Txomin Badiola, Pello Irazu, Maria Luisa Fernandez eta Juan Luis Morazarekin batera, eta Oteizaren eta Txillidaren osteko euskal artegintzako izen nagusietariko bat da harena. Baina urte luzez aritu da Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederren Fakultatean irakasle ere, eta beste hamaika artistaren erakusketak ere muntatu ditu lehen mailako museo eta galerietan. Eta, dioenez, urteetako jakintza metatu horrekin guztiarekin ere, ez dakien horixe da Angel Bados artistari (Olatzagutia, Nafarroa, 1945) sorkuntzarako interesgarrien zaion lehengaia. Hain zuzen ere, lehengai horrekin osatu ditu Bilboko Carreras Mugica galerian ikus daitekeen Ahanzturaren aurka. Omenaldiak eta eskaintzak erakusketako eskulturak.

«Une batetik aurrera, jakintza ez da nahikoa», hasi du azalpena artistak: «Baina orduan hasten da ez dakizuneranzko abentura. Ez dakizuna egitea, ez dakizunarekin. Hor hasten da nik kontingentzia deitzen dudana, eta zoritzat ere har daitekeena, azken batean zerbait gertatzeko edo ez gertatzeko aukera baita kontingentzia, eta hor sartu behar da erabat, soluzioaren bila». Gero, ordea, pieza «amaitu» egiten da, eta, Badosen hitzetan, «orduan iristen da [Jacques] Lacanek asetzearen muga deitzen zuen horretara. Baina gerta daiteke denbora batera berriz ere pieza hartu eta pixka bat urrunago jotzeko aukera dagoela ikustea ere, eta, dena galtzeko arriskua egonik ere, aurrera egitea erabakitzen duzu. Hori da jolasa, eta, niretzat, baita bide bakarra ere».

Baina, onartu duenez, etenaldi baten ostean heldu da erakusketa.

2019an Isabel Bakedano artistari eskainitako atzera begirako garrantzitsua antolatu zuten Bilboko Arte Ederren museoak eta Nafarroako zein Nafarroako Unibertsitateko museoek. Aurrez ere adostua zuten erakusketa, baina 2018an, bat-batean hil zen Bakedano, eta, geroztik, Bados aritu zen haren Madrilgo eta Iruñeko estudioak husten eta antolatzen. Lagunak ziren bi sortzaileak, eta, horregatik, Badosek egin zituen Bakedanoren erakusketarako komisario lanak ere. Eta, hain justu, erakusketa hura bukatutakoan itzuli zen Bados tailerrera.

«Nik sekula ez dut tailerra utzi», azaldu du Badosek. «Baina irakaskuntza izan dut lanbide nagusia, eta horra bideratzen nuen nire denbora eta energia gehiena, eta, beraz, tailerreko sorkuntza moteldu egiten zuen horrek». Are gehiago moteldu zen prozesua Bakedanori eskainitako erakusketarekin, eta koronabirusak eragindako osasun krisia heldu zen justu orduan. «Atseden denbora baten ondoren ez da batere erraza izaten lanera itzultzea. Eta asko lagundu zidan Isabelen oroitzapenak horretan. Oso pintore ona zen, eta lan bikainak egin zituen azken urteetan. Bazekien denbora ihesi zihoakiola, eta formatu txikiarekin lan egiten hasi zen. Horrela, egiten ari zena gustuko ez bazuen, erraza egiten zitzaion brotxakada bat eman, dena eraldatu eta berriz lanean hastea, lantzen ari zen koadro horren hondarrak ere baliatuta. Asko lagundu dit horrek. Inora ez zihoala iruditzen zitzaidana desmuntatu eta berriz ere hasten lagundu dit. Eta erakusketa honetako pieza gehienak, ohartuz gero, erraz desmunta daitezke».

Aurrez ere hainbat aldiz erakutsi ditu Badosek bere lanak Bilboko galerian, eta hasiera-hasieratik identifika daiteke haren lana aretoan.

«Gerta daiteke denbora batera berriz ere pieza bat hartu eta pixka bat urrunago jotzeko aukera dagoela ikustea, eta, dena galtzeko arriskua egonik ere, aurrera egitea erabakitzen duzu. Hori da jolasa, eta, niretzat, baita bide bakarra ere»

ANGEL BADOSArtista

Gela erdian kubo itxura duten bi eskultura handi jarri ditu artistak, eta haien inguruan kokatu ditu gainerako lanak, lurrean sakabanatuta haietako asko. Txikiagoak dira zoruko beste pieza horiek, eta elkarrekin multzokatutako zur puskaz, harriz, metalezko xaflaz eta ontziz osatuta daude. Oihalak eta paperak ere badituzte haietako batzuek. Horietaz gainera, espazioa antolatzen laguntzen duten zur puska koloreztatu luze batzuk ere jarri ditu artistak lurrean, eta badira hormetan eskegitako beste pieza batzuk ere. Aulkiak identifikatu daitezke haietako batzuen kasuan, eta plastikozko landareak eta tolestutako irudiak ere baliatu ditu artistak beste batzuetan. Tartean, baita kufija bat ere.

(ID_15405075) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2025-10-10, Bilbo. Angel Bados artistaren erakusketa Carreras Mugica galerian
Angel Bados artistaren lanak Bilboko Carreras Mugica galerian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Tituluak ere garrantzitsuak izan dira oraingoan. Badosek azaldu duenez, lagunak zein pieza sortzerakoan solaskide izan dituen beste artistak izendatzeko baliatu ditu tituluak. Eta hortik erakusketaren izenburua. Baina, artistak dionez, tailerreko lanari zentzu moduko bat emateko «tranpa» soil bat izan da hori. «Solaskide bat topatzeko modu bat izan da. Kazetaritza, literatura edo poesia bezala, artea ere munduarekin harremanetan jartzeko modu bat da. Baina mundua, horrela aipatuta, abstraktuan, zentzu unibertsalean helezina da».

Eta, beraz, horregatik omenaldiak eta eskaintzak. Tranpa modura. Helezinari heltzeko.

Muga egoera 

Garrantzi berezia dute erakusketan kultura eta arte arabiarrak ere. Bados: «Oteiza areto bazterrean dago, han nonbait. Ez da ezertan zuzenean esku hartzen ari, baina, hala ere, beti dago hor. Baina arabiar munduak, arkitektura helenistikoaren ondoan Turkian ikusitako mundu bizantziarrak eta bestek erakusten didate badagoela nireaz bestelako modu bat. Elikatu egiten nau horrek. Arabiar munduaren monumentua ulertzeko moduak edota haien estetikak ez daudelako gure kanonean». Eta, halere, dioenez, bi ispilu horien artean dabil bere lana erakusketan. «Omenaldiak aipatu ditut lehen, eta solaskide bat izateko edo nori hitz egin izateko behar bati egiten dio horrek erreferentzia. Baina, horretaz gainera, beste ezberdin bat ere behar duzu. Zeuretik aterako zaituena. Eta ni eroso nago muga egoeretan».

«Zeure burua pixka bat ordenatzeko eta erregulatzeko lekua da tailerra. Munduarekin harremanetan jartzeko leku bat da, zeureago diren baldintza batzuetan»

ANGEL BADOSArtista

Umetan Olatzagutian eta Ameskoabarrenan (Nafarroa) bizitakoak ere ikusten ditu Badosek bere lanen oinarrian. «Umeon artean gatazkaren bat pizten zenean, eskura nituen materialekin jolasten hasten nintzen. Hori barruan geratu zitzaidan. Eta hemen ere badago hori». Eta, dioenez, horregatik itzultzen da tailerrera oraindik ere. «Zeure burua pixka bat ordenatzeko eta erregulatzeko lekua da tailerra. Bidean ez galtzeko sortutako asmakizun moduko bat da. Aukera ematen dizu leku bat errekonozitzen jarraitzeko, baita leku hori erabat itxita eta babestuta ez dagoenean ere. Munduarekin harremanetan jartzeko leku bat da, zeureago diren baldintza batzuetan. Azkenaldian horrela ikusten dut artea. Artean, artearen sisteman, kulturan, politikan eta munduan gertatzen direnei adi nago. Baina gero gertatzen ari denari aurre egin ahal diodan lekura joaten naiz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.