Futbola eta politika ez direla nahastu behar esaten dutenei honela erantzuten die Ekain Rojo kazetari eta ikerlariak (Donostia, 1983): «Futbola estatuak justifikatzeko sortua dago, eta bertan ez dira estatu gabeak onartzen». Kolektibotasuna indartzeko sortu zen tresna, eztabaida ideologiko bihurtu da hasieratik bertatik Rojoren ustez, eta hori arrazoitzen du Futbola eta nazio eraikuntzaEuskal Herrian eta Espainian liburuan (Utriusque Vasconiae).
EHUko doktorego tesiaren «muina» da liburua, eta abiapuntu 1920ko Olinpiar Jokoak ipini ditu Rojok, Lehen Mundu Gerra amaitu berria zen garaian. «Nazionalismoek gorakada handia izaten dute mundu osoan, eta Euskal Herrian eta Espainian are handiagoa izan zen gorakada hori». Izan ere, Espainiak koloniak galdu zituen garai bertsuan, Euskal Herriaren nazio identitatea gizartean presentzia hartzen hasi zen. Nazionalismoen irtenbide bihurtzen da futbola, batez ere Espainiarentzat: «Kolektiboaren errepresentazio onena da, horren beharra zuen». Ludikoa bakarrik ez dela, alegia.
Olinpiar Jokoetan bigarren gelditu zen Espainiako selekzioa. Orduko taldeko jokalari gehienak euskaldunak zirela gogoratu du Rojok: «Madrilgo egunkari batean aipatu zuten euskaldunek Espainiako selekzioan jokatzea ez zitzaiela ongi iruditzen. Euskal Herrian ere ez ziren ados, selekzio propioa sortzearen lehen aipamenak orduan egin baitziren». Horregatik, adierazi du futbolak sorreratik bertatik eragin duela eztabaida ideologikoa.
1937an Euzkadi selekzioak nazioarteko bira egin zuen. Hego Amerikan aritu ziren jokatzen. Francoren diktaduran nazio bakarra zegoen Espainian, eta hori hala izan zedin euskal taldeetako zuzendaritzetan falangeen ordezkariak sartzen zituztela nabarmendu du Rojok: «Horretara beharturik zeuden».
Gaur egun, berriz, egoerak antzera jarraitzen du. Rojoren arabera, Espainia saiatu da «batasuna» ikusarazten, nahiz eta ez zaion ongi atera. 2009an Espainiako ereserkiari Bartzelonako eta Athletic zaleek jo zizkioten txistuak dira horren adibide.
Hego Euskal Herrira iritsi ziren atzerritarren aldean gizarte maila altuagokoak ailegatu ziren Ipar Euskal Herrira. «Futbola erdi maila edo baxuagokoen kirola izan zen hasiera batean; errugbia, aldiz, altuagokoena, eta haiek Iparraldera joaten ziren oporretara». Handik kirol desberdinekiko ohitura, eta bi aldeen beste ezberdintasunetako bat.
Ez delako ludikoa soilik
Futbolaz eta nazio eraikuntzaz egindako tesia argitaratu du Eneko Rojo kazetari eta ikerlariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu