Kritika. Dantza

Ez didate ezer galdetu

'Averno' dantza ikusgarria. MARCAT DANCE
'Averno' dantza ikusgarria. MARCAT DANCE
Agus Perez.
2025eko abenduaren 23a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

‘Averno’

Konpainia: Marcat Dance. Zuzendaritza eta koreografia: Mario Bermudez. Entsegu zuzendaria: Catherine Coury. Musika-diseinua: Jose Pablo Polo. Dramaturgia: Isabel Vazquez. Argiak: Mamen B. Gil. Jantziak: Moises Nieto. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Data: abenduak 20. 

Averno (Infernu) dantza lanarekin aurkeztu du bere burua Jaengo (Espainia) Marcat Dance konpainiak Donostiako Viktoria Eugenia antzokia ondo beteta zegoela.

Izenburuari kasu eginez, argi frontal gorri baten kontra ikusi ditugu hasiera batean dantzarien siluetak. Sute baten moduko hots gor inguratzaile batean bilduta zeuden eta beren itzalak agertokiko laino artifizialean proiektatzen ziren.

Hasierako giza multzoa desegin denean beren eboluzio geldoak deskribatu dituzte dantzariek eskortzoak eginez behegainean, eta hots gorrean erritmo intentsiboa nagusitu ahala gorputzen alternantziak sortu dituzte zutik jarritako hiru dantzariren eta lurretik jarduten zuten beste lauren artean. Hondar koloreko argi berean agertu dira emanaldi osoan zehar, baina amaiera aldera berde koloreko argi batek argitu ditu tarte labur batez, aldaketa kromatiko horretarako ziorik aurkitu ez dugun arren.

Badirudi une jakin batean koreografoa nekatu egin dela esandako hiru gehi lau banaketa horretatik, eta hortik aurrera sei gehi bat erakoa izan da dantzarien formazioa: zutik egotea tokatzen zitzaion bati, eta beste seiak haren inguruan kokatzen ziren, makurtuta eta deabruen moduko kontortsioak eginez. Aldizkako egitura hori noizean behin eten da dantzari bat foku zenital baten azpian kokatu eta solo laburrak interpretatu zitzan, gainontzeko sei dantzariak ilunantzean geratzen ziren bitartean. Hala ere, eta ariketa dantzatu konplexuak sortzeko ahalegina gorabehera, haien interes plastikoa eta dantzak sortu beharreko emozioak oso maila baxuan geratu dira emanaldi osoan zehar.

Denen arropak izan dira arre koloreko gamakoak —urdin eta zuri bat edo beste kenduta— eta gabardina ere jantzi dute haietariko bizpahiruk. Bere garrantzia dauka arroparen kontu horrek, argienaz gain monotonia handia ekarri diolako emanaldiari, are gehiago kontuan izanda oihalen diseinu nasaiak sano eragozten zuela dantzarien balizko mugimendu definizioa antzematea.

Infernuaren irudikapenean ugariak izan dira izu jarrerak, eskuak zerura altxatzea gupida eskean eta gorputzen energia kolpeak. Ene uste apalean, ordea, mugimendu kolektiboetan eta besteen gorputzak behetik jasotzean ez dute goi mailako sinkronizaziorik edo fintasun nahikorik erakutsi. Talde eskultoriko geldoak ere eraiki dituzte, eta une batean batzuek prakak erantzi, beste batzuek alkandora —zio argirik gabe berriro— eta amaieran efektismo betean agertu dira biluzik bai gizonak bai emakumeak gerritik gora.

Amaitzeko, hemen aipatu nahi ditut inspiraziorik gabeko lan honek Andaluziako hainbat lekutan jasotako sariak: Koreografiarik onena (bitan), Dantza ikuskizunik onena (bitan), Emakumezko dantzaririk onena, Gizonezko dantzaririk onena, Jantziak (bitan), Argiak, gehi Andaluziako Juntak koreografoari emandako Kultura Saria.

Niri, behintzat, ez didate ezer galdetu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.