begona del teso
Eppur si muove

Ez duzu zure nahierako zinema gutiziatuko

2026ko irailaren 12a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dugu ikasi, ez dugu ikasten eta, omen, sekula ez dugu ikasiko. Jakin beharko genuke, ba, ezta ekoizle betearazlea izanda ere, inork ez du bere nahiera, gustu edo desiora egin filmik aurkituko. Ez dago bilatzerik eta ez dago eskatzerik.

Aspaldi samarrean bukatu ziren Hollywoodeko handi-mandi haien garaiak. Haiek bai, haiek baziren ahalorotakoak. Estudioetatik agertzen ziren, Wyomingetik edo Budapestetik alde, ospa, ihes, gizon eta emakumeak munduak adoratuko zituen izarrak bilakatzeko ahalmena bazuten. Izar batek eduki behar bide zuen izena asmatzeko ere bai. Ez zara, ez, gehiago Norma Jean izango, maitea. Gaurkotik eternitateraino Marilyn Monroe deituko dizute adoratzaileek. Ez, lagun, inork ez du Rodolfo Pietro Filiberto Raffaello Guglielmi di Valentina d'Antonguolla ezagutzen, baina hitzematen dizut, 2026an sonatuak izango dira planetan zure mendeurrenaren ospakizunak.

Kaliforniara iritsi zirenean ingelesez tutik mintzatzen ez ziren etorkin austro-hungariar saiatu haiek gauza ziren gero Cahiers du Cinema-k benetako autoretzat joko zituen zuzendariak kale gorrian uzteko, gupidarik gabe; pelikula gobernatzen hasiak baziren ere. Hiru gidari, George Cukor, Sam Wood eta Victor Fleming izan zituen, kasurako, Gone with the Wind-ek, dirua mahai gainean jartzen zuen ekoizleak hala aginduta.

Desagertu zen, orain dela asko akabo ere, Hernanin jaiotako Elias Kerexeta bezalako ekoizlearen figura xuabeagoa baina gogorra ere. Egun Donostiako Zine Eskolari izena ematen dion pertsonaia baino ezer gehiago ez den Kimika eta Zuzenbidea ikasitako Real Sociedadeko futbolari honek libre izan nahi zuen herrialde (Espainia, hots) zinema errebeldea sostengatu, babestu eta burdinaz (literalki) markatu zuen baina. Gipuzkoako falangisten buru zenaren seme hark Carlos Sauraren, Manuel Gutierrez Aragonen, Antxon Ezeizaren, Julio Medemen pelikulak munduko jaialdietako gailurretara eraman zituen. Bazuen estiloa. Bazituen manerak. Bazuen aiurria. Ona eta txarra. Biak dira ezinbestekoak pelikulak aurrera atera ahal izateko. Victor Erizerekin, etsenplurako, bere gorabeherak izan zituen. Egia berak ekoitzi zizkiola El espíritu de la colmena eta El Sur, baina egia biribilagoa bi pelikula horietan bigarrena nahierara moldatu zuela Elias ekoizle guztiahaldunak (gure artean, eskerrak Kerexetak filmaren manejoa eskuratu zuela, eskerrak…). Orson Wellesek nola, Karrantzan jaiotako Erizek ez du ekoizleekin suerte onik izan. Maite-maite zuen Juan Marseren El embrujo de Shanghai nobela zinemaratzeko proiektua, noiz eta kamera jada piztua zuela, Andres Vicente Gomezek eskuetatik kendu zion eta Fernando Truebari eman…

Jakitun gara, ezta? Ez gaurko ekoizleek, ez egungo edo biharko egileek ezin dute beren gogoa aseko duen filmik ez sortu, ez ekoiztu, ez banatu. Ez eta guk geuk ikusi ere

Baditugu Euskal Herrian ekoizle finak. Moriarti jaunak, esaterako. Gipuzkoako Trintxerpetik aritzen diren Vitrine Filmseko Silvia Cruz eta Julieta Juncadella (Zinemaldian Tsai Ming Langen Weichen aurkezten dute), Señor y Señora osatzen duten Leire Apellaniz eta Aritz Moreno (Karateka dakarte Donostiara), Bizkarsoro eta Karpeta urdinak ondu izan dituen Iparraldeko Gastibeltza, Koldo Almandozen Azken agurra kudeatzen duen Marian Fernandez Pascualen Txintxua Films, edo La misteriosa mirada del flamenco sekulakoa beste batzuekin batera bermatu zuen Irusoin…

(ID_17643401306905) Koldo Almandozen \'Azken agurra\' filmaren filmaketa.
Koldo Almandoz, erdian, Azken agurra-ren filmaketan. DAVID HERRANZ

Alta, nahiz eta mundu zabalean barreiatu beren proposamenak, horiek guztiek ere ez dute David O. Selznick, Goldwyn anaiek, Samuel Bronstonek izan zuten edo orain Frantziako Karmitz familiak duen indarrik pelikulak euren nahierara egin daitezen agintzeko. Sortzaileek apurka-apurka, kostata, borrokan bezala epaitegietan ere lortu izan dute euren filmen gaineko kontrola (sekula ez erabatekoa…). Ikusleok ere gure maniak ditugu… Dena da, ofizio honetan kontu baldintzatzailea…

Jakitun gara, ezta? Ez gaurko ekoizleek, ez egungo edo biharko egileek ezin dute beren gogoa aseko duen filmik ez sortu, ez ekoiztu, ez banatu. Ez eta guk geuk ikusi ere. Hala eta guztiz, temati jarraitzen dugu gure apeta gainezka egingo duten pelikulak erreklamatzen? 

Zergatik esaten dut hori oraingoan? Bartzelonako Rambletan eta Tarragonako Cambrilsen izan ziren atentatuak, sarraskia, komunitateen arteko bake giroaren urraketa, politikarien arteko norgehiagokak gai hartzen dituen Cronos filmak sorrarazi duen iskanbila, nahasmendua, ika-mika dela eta.

Estatuaren konspirazioaren aldekoak kontra agertu dira, biziki, sutsu, oldarki. Katalanez mintzatzen bada ere Polizia gustuko ez dugunoi ez digu inolako graziarik egin mosso-ei eskaintzen dieten gorazarrea. Film basak bilatzen dituztenei botagura eragiten die bukaerako elkarbizitzaren aldeko mezu politikoki zuzenak (woke oso, oso). Inork ez bide du onartzen generoko exijentzia guztiak betetzen dituen akziozko thriller poliziako bat denik, besterik gabe. Norberak erreklamatzen, exijitzen die Fernando Gonzalez Molina zuzendariari eta gidoigileei norbera egiteko kapaza ez den filma. Nik ez. Niri pena ematen dit Guillermo del Tororen lehenbiziko film beldurrezkoaren izenburu bera izateak ez duela burutzen, ekoizten pelikularik bat egiten duena bere ideologiarekin, bere zinema ametsekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA