JOSEBA TAPIA ETA KOLDO IZAGIRRE
'Mister Eleizegi'. Diskoetxea: Zakurraren biolina.
Ez dakit nork esan zuen. BERRIAn Garbiñe Ubedak egindako elkarrizketa mamitsua amaitzeko, honela jaso zuen kazetariak Tapiak, edo Izagirrek, aipatutakoa: «Erran gabe doa urrun gaudela ikerketa zientifikoetatik, baina gertu ibili gara sentimenduetatik. Alegia, nortasun intimo posible batetik hurrean». Intentzio bat baino haratago, Mister Eleizegi honen laburpen bikaina izan daiteke, eta bide batez, dena esan behar, iruzkingile xixtrin honen lana xamurtzeko modu bikaina. Edozein modutara, ez litzateke gehiegikeria izango esatea Altzoko Handiari eskainitako lanen zerrendan, eta ez dira gutxi, kantu-bilduma hau dela hura modu gizatiarrenean eta era berean modurik poliedrikoenean erretratatzen duena. Eta horixe da aitortu behar zaion lehenengo balioa: bai testuetan, bai musikan erakusten duen ikuspuntu... eizagirretapiarra. Dagoeneko zenbait lan eder eta zorrotzetan ondu dutena: Apoaren edertasuna, Agur Intxorta Maite, Eta tira eta tunba, Tximela Kapitainaren Izarrak...
Hasierako Arrunta-k ongi kokatzen gaitu; noizean behin otso, batzuetan zerri, askotan asto eta besteetan zakur den Migel Joakin Eleizegiren, eta ziurrenik, garai hartako Altzoko adin bereko edozein gazte baserritar eta, beraz, pobre baten profilean. Baina, Migel Joakin fenomeno bihurtu zuten eta Europan zehar erakutsi zuten;Â Europako motzak kantuak ongi azaltzen du hori, baina batez ere, lehenengo pertsonan kantatuta dagoenez, gogoangarria da nola bihurtzen den altzokoarena Tapiaren ahotsa.
Hordago-k modu bikainean erakusten ditu Parisen jasotakoak, eta nola español giant koldarra ez zen kikildu. Eta nola itauntzen duen, lotsarik gabe, Newton bera ere Lady sagar-en, eta nola bat egiten duen portuko belagileekin, bereziki irlandarrekin, Tamesis-en, eta nola herriz herri erakusten zuten eta etengabe karlista eta liberalek haien alde edo kontra egitera bultzatu nahi zuten Astoak arrantzan kantuan. Eta nola jeloskor begiratzen zuten batzuek, eta nola jaso zuen elizaren kondena Altzoko sermoia ironikoan. Eta bukaerarako Ni naizen hau erretratu poetikoa, eta, ondoren, antiheroi guztiei dagokien patu gordina, C’est fini obsesiboa. Zikloa itxi da.
Azpimarragarriak dira hainbat kontu lan honi dagokionez. Alde batetik, musikalki ere hein handi batean garaiarekin lotuta dagoela: valsak, pasodobleak, mussete ukituak. Baina kantu batzuetan (Ni naizen hau) melodikoki Tapiak eremu pertsonalagoetara eramaten duela entzulea azken urteetan hartu duen kantautore senari eutsiz. Bestalde, laburrera jotzeko joera nagusi den honetan, zer-nolako lana den hain testu luze eta mamitsuak musikatzea, kantua amaigabe bihurtu gabe. Eta trikiti-jotzaileak horren alkimia ezagutzen duela erakusten du berriro ere; inongo luzimendu estrarik gabe, inongo espanturik gabe, istorioa aletzen digunean, hari protagonismo izpirik kendu gabe.
Egia da, entzuteko, arretaz entzuteko, disko bat da, eta horrela eginda ikusiko duzue, nola entzunaldiz entzunaldi, topatzen dizkiozuen ñabardura berriak hitzei, doinuei eta baita Migel Joakin Eleizegiri berari ere.