Nafarroako bertsolari txapelduna

Xabat Illarregi Marzol: «Ez neukan irabazteko presiorik, baina baneukan gogoa, eta banuen gosea»

Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi du, eta kontent dago egindako lanarekin. Euskarak irauteko behar dituen baliabideak eskaintzearen beharra aldarrikatu du, eta zin egin lanean jarraituko duela.

Xabat Illarregi Marzol, Leitzan, Nafarroako txapelarekin. IÑIGO URIZ / FOKU
Iratxe Muxika
Leitza
2025eko abenduaren 1a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gaur egin nahi dut sekula egin/ dudan finalik onena/ zuek ez baina nik betirako/ oroitu nahiko nukeena». Oroituko dute gehiagok ere, ziur aski. Larunbatean izan zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, Iruñeko Nafarroa Arenan, eta izen bat nabarmendu zen bereziki: Xabat Illarregi Marzol. Hark etxeratu zuen txapela, 1.205 puntu bereganatuta. Eta etxean da orain, Leitzan (Nafarroa), «pixkanaka-pixkanaka» larunbateko digestioa egiten. Irribarretsu hurreratu da herriko plazara.

Zer moduz zaude? 

Ongi, nekatuta, egia esan. Egun gogorrak izaten ari dira neke aldetik, bertsoak eta txapelketak dakarren tentsio hori dena pasatutakoan indarren erorialdi bat izaten delako, eta txapela irabazteak dakartzan elkarrizketak erantzun behar izaten direlako. Baina, batez ere, pozik, geroz eta gehiago disfrutatzen egunak ekarritakoaz. 

Bai buruz eta bai gorputzez, nola indarberritzen da final batetik? 

Oraindik ez dakit, ez dudalako errekuperazioa osorik egin. Baina, tira, segun. Ongi ateratzen zaizunean neke handia izaten da, baina poza ere bada, eta orduan neke hori errazago digeritzen da, eta errazago eramaten da. Egun ez hain on bat eduki ostean, ze hori ere tokatu zaigu finaletan, gehiago kostatzen da buelta ematea neke horri eta egun horri. Niri egun ona izatea eta pozik ateratzea tokatu zait, eta, bueno, errekuperazioa xamurra izaten ari da.

Egun ona zenuen, baina zer gorputzaldi zenuen oholtzara igotzerakoan? 

Egia esan, azken asteak nahiko zailak egin zitzaizkidan. Inoiz baino tentsio handiagoan bizi nuen final hau, borrokatu nahi nuelako eta niretik eman nahi nuelako. Aurreko asteko hiruzpalau egun nahiko lotuta pasatu nituen, eta gero esan nuen: «Honi buelta eman behar zaio». Eta ostirala eta larunbata askoz lasaiago eta askeago pasatu nituen; ustez gorputzaldi onarekin nindoan. Oholtzara igotzea eta bertsotan hastea tokatu zenean, egun ona neukala ikusi nuen, baina lan asko egin behar izan nuen bertso bakoitzean eta ofizio bakoitzean niretik eman ahal izateko. 

«Ahalegindu behar izaten dugu jasotzen dugun horri bueltan bertso onak ematen, eta hori lan psikologikoa ere bada. Lan handia egin dut azkeneko urteetan horretan, eta egin beharreko lan bat da gero bertsotan asmatu nahi baldin bada»

Zortziko handian txukun abiatu zinen, ariketak ohi duen hoztasunean. Txikian hasi zinen askatzen, eta bakarkakoan lehertu. 

Zortziko handian lehendabiziko bi gaiak entzun nituen, eta oso emozionalak eta asko ukitzen gaituzten gaiak izan zirela iruditu zitzaidan, Israelena eta torturena. Eta nik ere antzeko zerbait izatea espero nuen. Autobus gidarien protestei dagokienez, sorpresaz harrapatu ninduen, ez da gai bat denok mugitzen gaituena edo oso emozionantea izan daitekeena, eta lana egitea tokatu zitzaidan. Zortziko txikian gustura aritu nintzen, baina bakarka sentitu nintzen sueltoen, edo, behintzat, niretik gertuen edo nire mailatik gertuen. Bi bakarkakoetan gertatu zitzaidan hori, eta ez zait askotan pasatzen; ofiziotan normalean errazago aritzen naiz. 

Nola sentitu zinen, oro har, tokatu zitzaizkizun gaiekin? 

Ez da erraza gaiak konpentsatzea, eta hori dena onartuta daukagu, inori kulparik eta ezer bota gabe. Tokatu zitzaidan beti hirugarren edo laugarren ofizioa izatea, eta, aurreko ofizioak entzunda, espero nuenetik beste zerbait jaso nuen. Hamarreko txikian ere oso gertutik bizi ditugun gaiei buruz kantatzetik guri antimilitarista baten paperetik kantatzea tokatu zitzaigun, eta sorpresaz hartu ninduen. Abortuaren gaia ez zen errazena, baina uste dut gai izan nintzela ongi kokatzeko gai horietan. Akaso emoziotik ez nuen asko kantatu, ez oso sentimentaletik. Beste paper batzuk egokitu zitzaizkidan, errebeldiatik edo beste jarrera bat hartzeko tokietatik kantatzekoak, baina gai onak iruditu zitzaizkidan. 

Seigarren zenbakia atera zitzaizun zozketan. Nola hartu zenuen? 

Ez zait leku txarra iruditzen, gustatzen zaizkit bosgarren eta seigarren postuak. Joanesek bosta hartu zuenean eta nik seia, elkarri begiratu genion eta esan genuen: «Ongi hasi da arratsaldea». Horrekin lasaitua hartu nuen, uste dudalako badaukagula halako konplizitate bat errazago aritzeko, edo bai erosoago, behintzat. Dena den, tokatzen den tokia onartzea tokatzen zaigu beti. Lehenengoa izango balitz ere, momentuan ez nuke pentsatuko txarra denik, baizik eta positiboki hartu behar dela. Eta zortzigarrena tokatu izan balitzait, berdin. Baina gustatu zitzaidan seigarren aritzea. 

Luzitzeko aukera bat izaten da bakarkakoa, eta doinua da hor ezinbesteko elementuetako bat. Berezia zen zurea, ezohikoa, elkarren jarraian jarritako lau oinekin hasieran. Nola aukeratzen da doinu bat bakarka aritzeko? 

Azken hilabeteetan hor ibili naiz, borrokan doinuarekin, zer aukeratu eta zer hartu. Finalera pasatuko banintz hor nahi nuen estutu. Txapelketa honetako aurreko bi saioetan doinu erosoak aukeratu nituen, nahita, gehiegi arriskatu gabe aritzeko eta gozatu ahal izateko. Eta final honetarako ez neukan doinu bat argi erabakita, baina doinu hori burutan nerabilen aspaldi. Aurreko txapelketan ere erabili nuen, baina gero ez nintzen ausartu finalean harekin kantatzera. Beste doinuren bat ere baneukan buruan, errazagoa zena moldez baina bihurri samarra izan zitekeena, eta saioan bertan erabakiko nuela pentsatu nuen. Apustua egin nuen azkenerako: ongi ateratzen bada ongi, eta gaziki ateratzen bada, ba gaizki. Ausartu nintzen nire burua estutzera, eta uste dut nahiko ongi atera zitzaidala. Batez ere finaletik horrekin noa pozik edo asebeteta, erabaki hori hartu, apustu egin, eta nahiko ongi atera zitzaidala ikusita. 

«Eta hori da batez ere inportanteena: hizkuntza honek eusteko behar dituen baliabideak eskaintzea, eta egiturak edukitzea horretarako. Ez hainbeste bertso final batek hainbeste jende biltzea»

Nola ibili zinen errimaz?

Ez nuen aparteko arazorik izan horrekin, baina bi bertsotan ia poto egitera nindoala ohartu nintzen, eta bi traba eduki nituen saioan; banago pena horrekin. Baina uste dut hainbeste bertsotan normala dela horrelako zalantzak edukitzea. Errima aldetik nahiko eroso sentitzen naiz normalki; ez naiz oso errima arraroak bilatu zalea, edo bertsoa ez dut egiten errimaren arabera. Ustez ongi moldatu nintzen, nahi nuen hori esateko baliagarri ziren errimak erabiltzen saiatu nintzen; hau da, ez nituen nahi errima bereziak sartu errima bereziak sartzeagatik. Uste dut alde horretatik asmatu nuela. 

Bero-bero zegoen publikoa; iritsi zen berotasuna oholtzaraino? 

Bai. Sartu ginenean dagoeneko nabaritzen zen jendea gogotsu zegoela; plaza berria zen, jendeak goxo hartu gintuen, eta ikusten zen asmatuz gero lehertu egingo zela plaza. Batez ere buruz burukora pasatzeko momentuan nabaritu nuen hori, eta alde horretatik plaza ederra zegoen, merezi genuenean berotasuna jasotzen genuen. 

Laugarren finala zenuen, ohitu zara hainbertze jenderen aitzinean kantatzera? 

Zenbaki batetik aurrera ez dago halako alderik; alegia, guk ez dugu nabaritzen 2.500 ikusle dauden, 3.000 dauden edo 1.700. Egia da horrelako oholtzek errespetua sortzen dutela, eta saiatu behar dela motibaziotik kantatzen beldurretik baino gehiago. Ahalegindu behar izaten dugu jasotzen dugun horri bueltan bertso onak ematen, eta hori lan psikologikoa ere bada. Lan handia egin dut azkeneko urteetan horretan, eta egin beharreko lan bat da gero bertsotan asmatu nahi baldin bada, baina, tira, plaza ederra zegoen eta gozagarria da horrelako plazetan kantatzea. Are, egun ona daukazunean. Eguna hain ona ez denean plaza hori guztia gainera etorri dakizuke, eta gozatu nahi duzun guztia sufritu dezakezu; ez da erraza izaten. 

Zein zen saioaren pertzepzioa seigarren aulki horretatik? Gai izan zinen bertzeen bertsoaldiak aditzeko? 

Momentuaren arabera izaten da hori. Batzuetan entzuten ari nintzen, eta beste batzuetan gaia ere ez nuen entzun, batez ere nik kantatu eta hurrengo ofizioan, nire lanaren errepasoa egiten ari nintzelako. Baina entzuten nituenean ikusten nuen ongi ari zirela, eta denek jo zutela momentu batean goia. Ikusten nuen anaia oso ongi ari zela, eta buruz burukorako bera neukan argi. Saioa ere oso ongi ikusten nuen, eta Julio, berriz, pixka bat ezinean zela. Hain bertsolari onak sufritzen ikusteak pena ematen du. 

«Esango dut egindako lanarekin pozik nagoela, esango banu ez nintzela ongi aritu errespetua faltatzea litzatekeelako. Sinesten dut final ona egin nuela; nere zalantzekin ere, balorazio positiboa egiten dut»

Buruz burukoan ikusten zenuen zeure burua? 

Atzo pixka bat aritu nintzen saioak entzuten, eta iruditzen zait nik momentuan sentitzen nuena baino saio hobea egin nuela; hau da, barrutik beste modu batera bizi nuela. Zalantza neukan buruz burukora pasatzeko aukerarik edukiko nuen edo ez, eta Joanesek esaten zidan berak ikusten ninduela pasatzeko moduan. Alfabetikoki abizenaren arabera Joanes Saioaren aurretik esan beharko litzateke, eta Joanes esan zuenez lehendabizi, pentsatu nuen ni izan nintekeela bigarrena. Poz handia izan zen. 

Halaxe erran zenuen finalaren aurkezpenean: «Bertsotan zer egiteko gai naizen erakutsi nahi nuke, eta horrek ondoriorik ekarriko balu oso pozik nengoke». Egindako lanaren erakustaldi bat izan zen larunbatekoa, baina geratu zaizu arantzarik? 

Beti egoten dira zuzentzeko gauzak, eta nire finaletik ere asko egongo dira seguru. Irristada pare bat izan nituen, bi traba txiki, poto egin behar nuela ohartu nintzelako. Atzera egingo banu, horiek kenduko nituzke, baina gauza normalak dira horrelako egun baterako. Eduki nuen gozatzeko momenturik, eta eduki nuen lana egin beharreko momenturik. Uste dut ezin dela sartu hain detaile txikitan, baizik eta balorazio orokor batean, eta esango dut egindako lanarekin pozik nagoela; esango banu ez nintzela ongi aritu, errespetua faltatzea litzatekeelako. Sinesten dut final ona egin nuela; nire zalantzekin ere, balorazio positiboa egiten dut. 

Bazenuen irabazteko presiorik? 

Ez nuen, ez. Egia da laugarren finala zela, eta batzuek esaten zidaten anaiak edo nik irabazi behar genuela. Aurreko finalean hirugarren gelditu nintzen, buruz burukotik koska txiki batera. Beste zazpi bertsolari oso on daude zure ondoan, final bat da, eta pasatu nintzen bezala gerta zitekeen ez pasatzea, edo laugarren egitea, eta nik badakit orain irabazi dudalako ez naizela Nafarroako bertsolaririk onena. Badakit pasa zitekeela beste aldera ere. Ez neukan presiorik, baina baneukan gogoa, eta banuen gosea. Beste pauso bat eman nahi nuen aurrera, eta uste dut irabazteko gose horrek egun on batean harrapatu ninduela. 

Nafarroako txapelketak ekintza politikoa dira hein handi batean. Nola bizi duzu hori? 

Nafar bertsolariok kontziente gara non bizi garen, eta ederra da larunbatean 2.500 pertsona Nafarroa Arenan biltzea, baina ederretik bezala dauka gure herriak gogorretik. Batez ere hizkuntzari dagokionez, eta euskarazko kultur diziplina bezala ere bai. Kontziente gara hortaz, eta bukaerako agurretan nabaritzen zen aipamen dezente egiten zirela alde horretatik. Larunbateko egunak beti uzten du zapore gozoa, baina badaukagu zer hausnartu: zertan ari garen, nola egongo den gure hizkuntza Nafarroan hemendik hogei urtera, eta guk hor zer paper daukagun. Hortik zihoan nire azken agurra, izango ditugulako berriz 2.500 pertsonako finalak, baina akaso haurrek Leitzan, Lesakan, Iruñean edo Tuteran ez dutelako euskaraz egingo. Eta hori da batez ere inportanteena: hizkuntza honek eusteko behar dituen baliabideak eskaintzea, eta egiturak edukitzea horretarako. Ez hainbeste bertso final batek hainbeste jende biltzea. 

«Gauza oso aldakorra da hau, orain egon zaitezkeelako puntan, baina hurrengoan finaletik kanpo. Aldakorra da, eta hala behar du»

Dagoeneko bazara plazaz plaza aritzen den bertsolari bat, baina txapeldun izateak ziurrenik baldintzatuko ditu zure hurrengo plazak, ezta? 

Ez dakit zehazki esaten. Ez dago gure esku, hori antolatzaileen esku dago, eta bertsozaleen esku. Baditugu urte batzuk plazan aritzen, ez asteburuero eta ez erabat erregularki, baina nabilen plazetan gustura ibiltzen naiz, eta ez dakit honek plazak ekarriko dizkidan. Akaso Joanesi eta bioi toka dakiguke saio gehiago egitea, baina ez dakit; ikusiko da. Bertsozaleak nahi duen plazetara joango gara. Uste dut naturaltasunez hartu behar dela, hemen notizia gara lehendabiziko bi asteetan, gero beste zerbait pasako da eta beste norbait etorriko da. Gauza oso aldakorra da hau, orain egon zaitezkeelako puntan, baina hurrengoan finaletik kanpo. Aldakorra da, eta hala behar du. Ikusiko da zer gertatzen den, nik etortzen dena pozik hartuko dut, eta listo. 

Nola begiratzen diozu heldu den urteko Txapelketa Nagusiari? 

Txapelketa honen aurretik ikusten nuen hiru urteko ziklo bat zetorrela niretzat, orain Nafarroako txapelketa, gero Euskal Herrikoa eta hurrengoan berriz Nafarroakoa. Eta gogoz hartu dut zikloa, hobetzeko beste pauso bat emateko asmoz. Euskal Herrikora gosez joango naiz, badakit asko daukadala ikasteko eta hobetzeko, eta uste dut badauzkadala motiboak lanean segitzeko eta txapelketa gosez hartzeko. Honekin ez dut ezer egintzat emango. Ez dakit zein den nire helburua zehazki, oraindik ez naiz hortan pentsatzen jarri; beste mundu bat da eta saiatu beharko dut hor kokatzen. 

Erreferente bat izanen zara zure bertso eskolako ikasleentzat. 

Umetan bertso eskolan ibiltzen ginenean ederra izaten zen gure irakasleak bertsotan ikustea. Julio, Eneko... horiek ikusten genituen, eta oso zaleak izan gara beti. Ikasle batzuk ikusten nituen lehengoan entzuleen artean, eta asko poztu ninduen horrek. Asko poztuko nintzateke lortu baldin badut behintzat haiek bertsoarekiko lotura bat sentitzea eta bertsoarekin gozatzea, eta espero dut beraien sari bezala hartzea txapela hau, bertsotan segitzeko motibazio baten gisan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.