Musikaria

Natxo de Felipe: «Ez nuen bueltatzeko inongo asmorik, eta derrepentean...»

Oskorri agurtu zutenetik, De Felipek 11 urte egin ditu oholtzetatik aparte antzean. Dioenez, eroso zegoen isiltasun horretan, baina lagunek tira eginda itzuli da Abandonatuak proiektuarekin, eta, behin kantura itzulita, buruan darabil hurrengo proiektua.

Natxo de Felipe musikaria, atzo, Bilboko Arriaga antzokian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Natxo de Felipe musikaria, atzo, Bilboko Arriaga antzokian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko irailaren 10a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eroso zitzaion isiltasuna. Ez da hori izan. Oskorrirekin lau hamarkada eta erdiko ibilbidea egin ostean eta proiektuari merezitako amaiera ematen asmatu zutela sinetsita, Natxo de Felipek (Bilbo, 1949) egintzat ematen zituen egin beharrekoak, eta, horregatik, ez zaizkio batere zamatsua egin orduz geroztik oholtzetatik aparte antzean eman dituen 11 urteak. Lagunek eta familiak erdi tira eginda itzuli dela iradoki du lehenik, baina, hori egia izanik ere, behin kantuan hasita, elkarrizketa amaieran irribarreak ihes eginda onartu behar izan du buruan darabilela jadanik hurrengo proiektua. «Baladak eta maitasun kanta batzuk egingo ditugu». Ditugu. Bai. Bere etxeko bakardadean egonda ere, sofa zabalago baten ertz batean eserita, tarteka, pluralean mintzo baita musikaria; dela Oskorrirekin egindako ibilbideaz ari delako, dela egun Abandonatuak proiektuan lagun duen Kuarteto Philiperenarekin bizi duena deskribatu nahi duelako, baina pluralean betiere. Dioenez, artistikoki bezainbeste edo gehiago, humanoki bizitakoak ekarri baitu bueltan kantura.

Arantzazuko basilika goraino zegoela eman zenuten lehen kontzertua Musika Hamabostaldian, eta saio gehiago iragarri berri dituzue. Urriaren 4an eta 5ean izango zarete Bilboko Arriagan, eta azaroaren 8an Gasteizen ere egongo zarete. Eta bidean dituzue emanaldi gehiago. Espero al zenuen halako harrera berorik?

Konturatuta nengoen gauzak nola aldatu diren. Jende asko oso izorratuta dago, eta ez dauka kontzertuak egiteko modurik, eta beste batzuek, aldiz, erraz betetzen dituzte areto handiak. Guk bagenekien gure lehenbiziko saioa behinik behin ondo joango zela, eta are gehiago Hamabostaldiaren babesean egonda, eta ez naiz harritu horrekin. Baina jendearen amodioak, berotasunak, horrek bai harritu nau. Hori bai, polita izan da, baina, bueno, noski, hainbeste urte izanda fan klub txiker bat behintzat ez badaukagu... Baina bai, harritu naiz. Ze, jendeak ez daki, baina gauza hauek martxan paratzeko aurrekontu handia dago, eta, gure kasuan, ez dago laguntza ofizialik ez ezer, eta diskoak ere gero eta gutxiago saltzen dira. Kontzertu gutxi batzuk aterako ziren esperantza bagenuen, ondo amortizatzeko. Eta Arriagakoak berehala sartu ziren, bigarren kontzertua sartu dute, Gasteizen ere lotuta daukagu, eta, azkenean, egingo ditugu dozena erdi edo hamar kontzertu.

«Guk bagenekien gure lehenbiziko saioa behinik behin ondo joango zela, eta are gehiago Hamabostaldiaren babesean egonda, eta ez naiz harritu horrekin; baina jendearen amodioak, berotasunak, horrek bai harritu nau»

Benetan ez zenuen sentitzen iritsi zaizun maitasun hori iritsiko zitzaizunik?

Bai, bai, baina badakizu, hau oso krudela da, eta jendeak —eta normala da— erretzen ditu produktuak eta ahazten zaitu berehala. Gainera, belaunaldi bakoitzak bere heroiak dauzka, eta orduan normala da hori gertatzea. Badaukat gure semearen ikastolako anekdota bat horri buruz. Behin joan ziren ikastolako umeak Durangoko feriara, eta gure semearen kurtsoko beste lagun bati amak dirua eman zion Mikel Laboaren azken diskoa erosteko. Orduan, mutila pozik zihoan diruarekin, eta, postura arrimatu, eta Mikel Aboaren diskoa eskatu zuen. Jakina, guk ez daukagu estaturik: nazio pobre eta miserable eta tristea gara. Espainian denek dakite zein den Paco Ibañez, zein diren Los Brincos edo zein den Miguel Rios. Baina hemen batzuek, askok, ikastolako umeek, ez dakite zein den Mikel Laboa. Guk, orain hamar urte, 11 urte, erretiratuta, zeinek jakingo du zein den Natxo de Felipe? Inor gutxik, baina ez da nire kezka. 

Eta halere, belaunaldi gazteagoek ere kontuan dute zure lana. Olaia Inziartek, adibidez, bere bigarren diskoaren parte den ‘Zenbat okupatzen du’ abestian kantatzeko gonbita egin zizun iaz.

Ni informatuta nago, eta zerbait interesgarria ateratzen denean, nik badakit bereizten. Ikusita neukan Olaia zuzenean, eta ezagutzen nuen haren lana. Baina badago noski generazio haustura bat. Harekin kantatzeko proposatu zidanean, hala idatzi zidan: «Ez dakit ezagutuko nauzun eta nahiko duzun nirekin kantatu». Ezagutu bakarrik ez, estimatu ere egiten nuela esan nion. Nesken artean badaude kantari batzuk modan daudenak eta agian arrakasta handiagoa daukatenak, baina azken urteetako artisten artean, nik estimatzen ditut Maite Larburu eta Olaia Inziarte.

«Arrakasta handiena daukaten produktuak ez zaizkit askorik interesatzen; eta ez da ni sistemaren kontra nagoelako: hori bistan da, banago, baina ez da horregatik»

Adi egoten zarela esan duzu, informatuta zaudela ere bai. Topatzen dituzu gustuko gauzak?

Batzuk bai, batzuk bai, baina badakit hori segada dela.

Zuk aipatu duzu adi egoten zarela.

Esango dizut arrakasta handiena daukaten produktuak ez zaizkidala askorik interesatzen. Eta ez da ni sistemaren kontra nagoelako: hori bistan da, banago, baina ez da horregatik. Gainera, boterea ere arrimatu egin da. Eta, koño, guk ezagutu gabeko mugimendu sismiko batzuk ere badaude, ze derrepentean ateratzen da kutxa gotorretik sosa. Baina artistikoki nire gonbidatuak izan direnak eta Arantzazun egon zirenak dira nire kuttunak. Badago jende oso ona Euskal Herrian, oso ona, eta arrakasta handiena daukatenak ez dira oso onak.

Oskorriren diskoetatik kanpo geratutako hainbat kanta berreskuratzeko itzuli zara orain.

Nik ez nuen inongo asmorik bueltatzeko. Guk egin dugu egin beharrekoa. Ondo nengoen. Batzuek galdetzen zidaten ea ez nuen sentitzen itzultzeko beharrik, eta ez! Nik badauzkat nire liburuak, nire musikak, nire espektakuluak, nire ibilerak. Nire emaztea neukan [Bego Prieto]. Bost urtean egon gara Alzheimer puta hori eramaten, eta lehen ere banekien, 18 urtetan hasi ginelako, baina nik hor jakin dut zer den benetako amodioa. Eta, orduan, ni entretenituta ibili naiz. Eta derrepentean…

Eta derrepentean…

Badaude atzera gabeko kontu batzuk. Duela bi urte Xabier Zeberiok eskatu zidan ea kantatuko nuen kanta bat Alos Quartetek Hamabostaldian emango zuen kontzertuan. Handik bi astera, ea bi izan zitezkeen, eta bueno. Handik hilabetera, beste bat bazuela, berezia, eta, tira, hiru egingo genituela, baina kito. Eta orduan, kontzertu haren ondoren, han plantatu zen Patrick Alfaya ea egingo nuen hurrengo urteko kontzertua, eta nik ezetz eta ezetz, baina, sakristian hantxe geunden denok, sardinak latan bezala, eta Xabierrek ere entzun zuen proposamena [De Feliperen seme ez ezik, biolin jotzailea eta orain Kuarteto Philiperenako kidea ere bada]. Nik ez nuen orduan harrapatu, harik eta galdetu nion arte: «Ea, seme, hik zer nahi duk? Benetan nahi duk aitak berriro kontzertu batzuk egin ditzala? Edo hik nahi duk aitarekin batera aritu?». Eta, orduan, hori beste kontu bat da. Emaztea ere bazegoen oraindino, eta esan ere egin genion. Orduan hasi ginen Oskorriren kantena egiten. Baina lehenagotik ere bazetorren kontua, ze Oskorrikoak urtero juntatzen gara Jean Phocasen etxean.

«Lau edo bost konpositore baginen taldean, eta errespetatu behar zen guztion sentsibilitatea. Taldeetan sekulako gorabeherak izaten dira, eta milagro bat izan da Oskorrin zelako katramila gutxi izan ditugun»

Eta?

Eta Jean Phocas urte mordo batean ibili da galdezka ea bagenuen editatu gabeko kantarik. Eta nik pixka bat zirikatzen nuen, eta esaten nion baietz, eta berak ea kanta onak ote ziren, eta nik baietz, oso-oso onak zirela. Baina gero ez nion kasurik egiten. Baina kontu hau atera zenean, orduan atera genituen kanta hauek kaxoitik. Baina banituen bi proiektu. Baladak eta amodiozko kantuak zeuden haietako batean, eta bestea zen orain atera duguna, Oskorriren diskoetara heldu ez ziren kantuekin. Baina ez ziren kanpoan geratu mailarik ez zutelako, baizik eta ez zutelako diskorako lekurik topatu. Askotan disko batean hamabi kanta kabitzen ziren, eta 22 genituen. Gainera, lau edo bost konpositore baginen taldean, eta errespetatu behar zen guztion sentsibilitatea. Taldeetan sekulako gorabeherak izaten dira, eta milagro bat izan da Oskorrin zelako katramila gutxi izan ditugun.

Musika ulertzeko duzun manera ere erakusten dute kantu hauek. Diskoko lehen kantako lehen doinuetatik argi igar daiteke, adibidez, zuretzat ez dagoela ezberdintasun nabarmenik goi eta behe kulturako musikaren artean.

Gu gure historia osoan ibili gara leku guztietatik ateratzen zen produkzio poetiko guztia harrapatzen, izan aldizkariak, fanzineak, liburuak edo bertsoaldiak, den-dena. Uste dut euskal kulturako gure ekarpena ez dela sekula probintziakerian oinarritu, nahiz eta askotan errekuperatu ditugun kantu zaharrak, baina, joño, balio literario inportante bat daukatelako.

Eta literaturan bezala, berdin musikan ere. Arantzazuko basilikako kontzertuan, esaterako, jendeak lotsati markatzen zuen erritmoa txaloka, azken batean kontzertu klasiko bat zelako, kuarteto batekin, eta jendeak errespetuz jokatu nahi zuelako. Horretaz oharturik, musika klasikoari beldurrik ez zaiola izan behar esan zenuen mikrofonotik. Aldarrikapen politiko bat ere bada hori?

Juan Carlos Perezi, bere Itoizko garaian, kazetari batek galdetu zion ea nola egiten zuen halako mailako musika. Eta berak erantzun zuen bera kezkatzen zela taldean jende ona edukitzeaz, txarra bazela bera. Hori esaten zuen, nahiz eta, noski, bera ez den musikari txarra. Eta gure taldetik ere pasatu da jende oso ona, jende oso preparatua. Egon da klasikotik datorren jendea preparazio handikoa, beste batzuk jazzetik etorritakoak, eta niretzat hori oso inportantea izan da.

«Oso nahastuta gaude pentsatzen baldin badugu tradizioaren eta modernotasunaren artean muga zehatz bat dagoela»

Azken diskoan ere argi igartzen da oso zurea den beste joera bat: tradizioaren eta berritasunaren arteko bereizketa handirik ez egitekoa.

Oso nahastuta gaude pentsatzen baldin badugu hor muga zehatz bat dagoela tradizioren eta modernotasunaren artean. Tradizioan badaude abangoardiako gauzak. Gure herria horretan oso aberatsa da; begira ze sozietate miserable, txikerra eta ziztrina den Zuberoa, eta zer-nolako artistak ematen dituen. 

Genuen. Geunden. Etengabe baliatzen duzu plurala.

Bueno, Oskorriz galdetzen duzulako.

Zure itzuleraz gehiago.

Solista batek bere taldea daukanean ez dago eztabaidarik, baina taldeetan ere, normalean, egoten da lider bat, eta lider horrek esaten duena nagusitzen da, baina nik nire iritzi finkoak izanda ere, saiatu naiz beti adi egoten, orekarako premiazkoa zelako, eta, gainera, eduki ditut lagun batzuk oso maila handikoak. Orduan, ba, plurala, baina ez maiestatikoa.

«Dauzkagun kontzertuekin koltxoi bat badaukagu egindako inbertsioa amortizatzeko, eta, beraz, uste dut baladena eta amodiozko kantuen proiektua datorren urtean egingo dugula»

Eta nork egin beharko dizu eskaria beste disko bat egon dadin?

Erantzun oso positiboa eta berehalakoa izan dugu, eta uste dut momentu honetan eta esku artean dauzkagun kontzertuekin koltxoi bat badaukagula egindako inbertsioa amortizatzeko. Eta orduan uste dut [irribarrez] bigarren proiektu hori, baladena eta amodiozko kantuena, datorren urtean egingo dugula.

Ez, duzu inoren eskakizunaren beharrik, orduan.

Hain izaten ari da esperientzia aberatsa, batez ere humanoki… Oso arreglista on batekin bagenuen tratua diskoko kantak moldatzeko, baina azkenean ezin izan zuen aurrera egin, animoz oso ondo ez zebilelako, eta orduan agertu zen Przemyslaw Pujanek, eta semeorde bat bezalakoa izan da. Oso polita izan da proiektua musikalki, baina batez ere humanoki. Oso sentibera naiz, ezta?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA