Musika

Ezagun zaharrak bisitan

Jamie Cullumen kontzertuarekin hasiko da Donostiako 60. Jazzaldia, gaur iluntzean. Igandera bitarte, 88 emanaldi izango dira. Dee Dee Bridgewater, Marc Ribot eta Bill Bruford sarituko dituzte.

Dee Dee Bridgewater abeslari estatubatuarrak duela hamar urte ere kantatu zuen Trinitate plazan; bertan ariko da ostiralean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Dee Dee Bridgewater abeslari estatubatuarrak duela hamar urte ere kantatu zuen Trinitate plazan; bertan ariko da ostiralean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2025eko uztailaren 22a
04:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurpegi berriak eta sona handiko musikariak sarritan bildu izan ditu Donostiako Jazzaldiak bere egitarauan. Eta ohitura horri segitu dio aurten ere, ibilbide laburragoa duten artistak ez ezik, jaialdian hainbatetan izandakoak ere ageri baitira 60. aldiko programazioan. Gaur iluntzean hasiko da festibala, eta, igandera bitarte, 88 kontzertu izango dira, hamabi agertokitan banatuta.

Jaialdian ezagun zaharra den musikari batek izango du aurtengo aldiari hasiera emateko ardura. Izan ere, Jamie Cullum lautan izan da aurrez Donostian; izan bakarka edo izan taldearekin, izan big band baten laguntzaz edo izan DJ lanetan, izan Trinitate plazan izan Kursaaleko auditoriumean edo izan Zurriola hondartzan. Abeslari eta piano jotzaile ingelesak 20 urte inguru zituela bisitatu zuen lehen aldiz jaialdia, 2009an, eta 2013an, 2015ean eta 2019an itzuli zen. Seguruenik, haren energia eta alaitasuna gogoan izango dituzte kontzertu haietakoren batean izandako zaleek. Eta aurten, bitan izango dute ikusteko aukera: Kursaalean joko du gaur, 20:00etan, eta Zurriola hondartzan bihar, 20:45ean.

JAMIE CULLUM
Jamie Cullum Trinitate plazan, 2009ko jaialdian; abeslari eta pianista ingelesak abiatuko du aurtengo jaialdia. JUAN HERRERO / EFE

The Beach Boys taldearen emanaldia izango da biharkoen artean gehien espero direnetako bat. Jaialdia hainbatetan saiatu da Kaliforniako banda Donostiara ekartzen, eta hainbatetan utzi behar izan du asmoa bertan behera. Hirurogei urteko ibilbidean, estatubatuarrek mundu osoan bildu dute arrakasta  beren doinu udatiar, surflari eta alaiekin, eta Brian Wilson taldearen sortzaile eta liderra hil zela hilabete pasatxo denean zabalduko dituzte doinu horiek Jazzaldian. Bihar arratsaldean izango da hori, Kursaalean.

Jazzaldiak aurten sarituko dituen hiru musikarietatik, Bill Bruford izango da lehena oholtzara igotzen: Pete Roth gitarristaren hirukoteko kide gisa ariko da bateria jotzaile ingelesa, bihar, Kursaalaren atzealdeko terrazetako batean (Fnac gunean), 22:15ean. Erresuma Batuko 1960ko eta 1970eko urteetako rock progresiboaren izen handietako bat da Brufordena. King Crimson eta Yes taldeetako kide izan zen, eta 1986an jazz elektrikoko Earthworks taldea sortu zuen; 2009an zuzeneko emanaldiak utzi zituen, baina iaz erabaki zuen Rothen hirukotean agertokietara itzultzea. Jaialdiaren antolatzaileek nabarmendu dute musikari «sofistikatu eta zehatza» dela, bateria beti «konposizioaren zerbitzura» jartzen duena, «sentsibilitate erritmikoa ez ezik melodikoa ere erakutsita, eta bolumenaren gainetik espresioari eta xehetasunari bidea irekita».

Marc Ribotek ere jasoko du jaialdiaren aitortza, irizten baitiote «berdingabea eta sailkaezina» izateaz gain, «azken hamarkadetako asmamen eta sormen handieneko gitarristen artean» dagoela. «Haren musika esperimentazioaren eta inprobisazioaren munduari lotuta dago beti, erabateko askatasunetik abiatzen da, eta zaletasun berezia erakusten du rock gordin, zuzen eta zaratatsuarekiko». Musikari estatubatuarrak sona handiko artistekin kolaboratu du bere ibilbidean, hala nola Tom Waits, Laurie Anderson, McCoy Tyner, Marianne Faithfull, Alan Toussaint, Caetano Veloso, Jamaaladeen Takya, Sun Ra, Norah Jones, Elvis Costello, Iggy Pop eta John Zornekin. Hainbat proiektu propio gidatu ditu berrogei urteko ibilbidean, eta hainbatetan izan da horiek aurkezten Donostian. Ostiralarekin, Hurry Red Telephone aurkeztuko du Trinitate plazan —beste bi kontzertu ere emango ditu jaialdian: larunbat goizean San Telmo museoan ariko da, bakarka, eta igande eguerdian, berriz, Viktoria Eugenia antzokian, Ceramic Dog taldearekin—.

MARC RIBOT
Marc Ribot gitarristak hiru kontzertu emango ditu aurten Donostian; irudian, 2016koan. GORKA RUBIO / FOKU

Haren ondotik, Dee Dee Bridgewaterrek hartuko du Trinitate plazako oholtza, zeina bitan zapaldu duen aurrez. Jazzeko ahots laudatuenetakoa da estatubatuarrarena, «multifazetikoa, ausarta eta esploratzailea», jaialdiaren arabera, eta aldi berean aitzindari eta tradizioaren zaindari izatea ere goraipatu du. «Bridgewaterren karrera beti izan da musika generoen arteko zubia». Horregatik guztiagatik jasoko du Jazzaldiaren aitortza. We Exist! aurkeztuko du ostiraleko emanaldian, «emakume handien aktibismoaren eta artearen aldarrikapen bat, iragana eta oraina lotzen dituen hausnarketa bat, egindako bidearen errepasoa eta egiteko dagoenaren leihoa»; Carmen Staaf (pianoa), Rosa Brunello (baxua) eta Shirazette Tinnin (bateria) izango ditu lagun oholtzan.

Urtero bezala, Trinitate plaza izango da jaialdiaren bihotza. Eta aurten bertan ariko diren musikarien artean ezagun zahar gehiago ere badira, Ribot eta Bridgewaterrez gain: Steve Coleman saxofonista (Five Elements taldearekin), Kurt Elling abeslaria —Yellowjacketsekin—, Brad Mehldau pianista —bere hirukotearekin—, Dave Holland kontrabaxu jolea eta Chris Potter saxofonista —beren hirukotearekin—, eta Marco Mezquida pianista eta Juan Gomez Chicuelo gitarrista —beren hirukotearekin— ariko dira bertan.

Kursaaleko auditoriumak, berriz, Cullumen eta The Beach Boysen emanaldiez gain, Yeray Cortesena eta Nala Sinephrorena hartuko ditu, besteak beste.

Euskal taldeen 31 saio

Jazzaldiak euskal artistei eskaini izan die urtero egitarauaren parte bat, «figura emergenteak eta artista gazteak ekarrita ez ezik, garrantzi eta aintzatespen handiagoko musikarien kontzertuak proposatuta ere bai». Eta halaxe egin du aurten ere. Denera, Euskal Herriko 31 talde ariko dira jaialdiko agertokietan. Tokiko taldeak hautatzeko lehiaketa egin ondotik, hamar proposameni egin die lekua programazioan: Thomas Camille, Biper Swing, Ura Duo, Suite Seda, Eneko Dieguez Quartet, Alma Seben, FEMMM & Band, Velasquartet, Soul Cream eta La Quinta Planta taldeei, hain justu ere.

Horiez gainera, Anarik eta Bulegok ere joko dute, Zurriola hondartzan. Hala Los Diversos, Paul San Martin & Itziar Yague, Triz Quintet eta Irati Bilbao artistek nola hamabi DJk osatuko dute euskal musikarien multzoa.

Aurtengo 88 kontzertuetatik 55 doan izango dira. Zortzi hartuko ditu Zurriola hondartzak, 23 Kursaalaren atzealdeko terrazek, sei Hernaniko (Gipuzkoa) Txillida Leku museoak, bat Irungo San Juan plazan (Gipuzkoa) eta beste bat Maria Cristina hotelean. Beste bost kontzertu haurrentzat berariaz prestatutako Txikijazz programaren barruan egingo dituzte.

EGITARAUA

UZTAILAK 22, ASTEARTEA:

20:00: Jamie Cullum, Kursaalean.

UZTAILAK 23, ASTEAZKENA:

11:00: Baptiste Trotignon, San Telmo museoan.

12:00: Old School Funky Family, Tabakaleran.

12:30: J. Fox; Juanfe Perez, Viktoria Eugenia antzokian.

18:00: Arima Soul System: Lidia Insausti & DJ Makala, Nauticool gunean.

18:30: The Beach Boys, Kursaalean.

19:30: Minyo Crusaders, Frigo gunean.

19:30: Naissam Jalal, Fnac gunean.

19:30: Jazzatik: DJ Makala & Alex Sax Haro, Nauticool gunean.

 

20:45: Jamie Cullum, Keler gunean.

22:00: DJ Makala, Nauticool gunean.

22:15: Pianoforte, Frigo gunean.

22:15: Pete Roth Trio featuring Bill Bruford, Fnac gunean.

23:30: The War and Treaty, Keler gunean.

UZTAILAK 24, OSTEGUNA:

11:00: Bojan Z, San Telmo museoan.

12:00: Irati Bilbao, Tabakaleran.

12:30: Maite Akustik Quintet; Roman Filiu, Viktoria Eugenia antzokian.

18:00: Rosco, Nauticool gunean.

18:30: Yerai Cortes, Kursaalean.

18:30: JazzyBIT, Frigo gunean.

18:30: Thomas Camille, Fnac gunean.

19:30: Ope Loeb, Nauticool gunean.

20:00: Jessie Gordon Quintet, Frigo gunean.

20:00: Biper Swing, Fnac gunean.

20:00: Claire Martin Quartet + koktel afaria, Maria Cristina hotelean.

21:00: Steve Coleman & Five Elements; Kurt Elling and The Yellowjackets Celebrate Weather Report, Trinitate plazan.

21:00: Anari, Keler gunean.

22:00: Sr. Lobezno, Nauticool gunean.

22:30: Ura Duo, Frigo gunean.

23:30: EXTC, Keler gunean.

UZTAILAK 25, OSTIRALA:

11:00: Pierre de Bethmann, San Telmo museoan.

12:30: EME EME Project; El Cuarteto Federal, Viktoria Eugenia antzokian.

12:30: Claire Martin Quartet, Txillida Leku museoan.

18:00: Beltza Weekend Djs, Nauticool gunean.

18:30: Hermeto Pascoal & Grupo, Kursaalean.

18:30: JazzyBIT, Frigo gunean.

18:30: Suite Seda, Fnac gunean.

19:30: DLC KULTUR: Chica Tequila & Maisa Covaleda, Nauticool gunean.

20:00: Eneko Dieguez Quartet, Frigo gunean.

20:00: Alma Seben, Fnac gunean.

21:00: Marc Ribot Hurry Red Telephone; Dee Dee Bridgewater Quartet: We Exist!, Trinitate plazan.

21:00: Judith Hill, Keler gunean.

21:00: Claire Martin Quartet, Irungo San Joan plazan.

22:00: Budin, Nauticool gunean.

22:30: DLC KULTUR: Chica Tequila & Maisa Covaleda, Frigo gunean.

23:30: Crystal Murray, Keler gunean.

UZTAILAK 26, LARUNBATA:

11:00: Marc Ribot, San Telmo museoan.

12:30: Pere Bujosa Trio; Daniel Roman Jazz Quintet, Viktoria Eugenia antzokian.

12:30: Arima Soul, Txillida Leku museoan.

18:00: Roberto Tortuga, Nauticool gunean.

18:30: Nala Sinephro, Kursaalean.

18:30: FEMMM & Band, Frigo gunean.

18:30: Velasquartet, Fnac gunean.

19:30: Lew Tabackin Quartet, Txillida Leku museoan.

19:30: Soulero Satte, Nauticool gunean.

20:00: Soul Cream, Frigo gunean.

20:00: La Quinta Planta, Fnac gunean.

21:00: Brad Mehldau Trio; Dave Holland / Chris Potter: Kismet, Trinitate plazan.

21:00: Bulego, Keler gunean.

22:00: Divorce from New York, Nauticool gunean.

22:30: The Amy Winehouse Band, Frigo gunean.

23:30: Sidonie, Keler gunean.

UZTAILAK 27, IGANDEA:

11:00: Kirk Knuffke Quartet featuring Ray Anderson, San Telmo museoan.

12:00: The Amy Winehouse Band, Fnac gunean.

12:30: Marc Ribot Ceramic Dog, Viktoria Eugenia antzokian.

17:30: Oscar Peterson Centennial Concert, Kursaalean.

17:00: Itziar Yague & Paul San Martin, Frigo gunean.

17:30: Los Diversos, Fnac gunean.

18:00: XGFarru, Nauticool gunean.

19:30: Jordina Milla & Barry Guy, Txillida Leku museoan.

19:30: Patax, Frigo gunean.

19:30: Lidiuska, Nauticool gunean.

20:00: Chicuelo - Marco Mezquida: Del alma; Paco de Lucia Legacy, Trinitate plazan.

20:00: Triz Quintet, Fnac gunean.

21:30: Arima Soul System, Frigo gunean.

22:00: Sergio Velez, Nauticool gunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.