Mari kalean, portuaren aldamenean dago Donostia 2016ko Bulegoa. Kaleko sarrera nagusian, bulegoaren izenaren azpian, margo zuriz Viva la vida! (Gora bizitza!) idatzi du norbaitek. Barruan, bulegoaren bi ateetan kartel bana daude, Zorionak ekipo! Lortu dugu ba! Gora Donostia 2016 leloarekin eta talde teknikoko langileen argazkiekin. Giro bera nabari zen ostegunean bulego barruan ere. Madrilerako bidaia, ospakizunak... Irribarretsu baina neke aurpegiarekin sumatzen zitzaien bulegoan lanean ari ziren gehienei. «Poza, izugarrizko poza» sentitzen duela zioen Eva Salaberriak (Donostia, 1964). Donostia 2016ko kultur hiriburu izateko aukeratu ostean, aurrera begira egiteko duten lan guztia du buruan bulegoko zuzendari gerenteak.
Zer pasa zitzaizun burutik Manfred Gaulhofer epaimahaiburuak Donostiaren izena jakinarazi zuen unean?
Ez dakit... Nik konfiantza handia nuen. Egia da prest ginela baiezkoa nahiz ezezkoa jasotzeko. Azken txanpa honetan bi egoera horietarako prestatu dugu dena, eta izan nuen sentsazioa izan zen, «bueno, lortu dugu». Eta poza. Baita etxera bueltatzeko gogoa ere; jende askorekin lan egin dugu, eta haiekin momentua partekatzeko gogoa sentitu nuen.
Madrilgo ekitaldiaren aurretik denek eusten zenioten esperantzari, baina zenbaterainoko itxaropena zenuen zuk hiria aukeratua izateko?
Bagenekien epaimahaiak zaila izango zuela, guk bezala besteek ere ziur lan izugarria egin dutelako. Bagenekien ere aurkeztutako proiektuak arriskuak zituela, ez delako proiektu konbentzional bat, orain arte garatu direnen modukoa; ez delako 2016rako programazio bat, hori Donostiak badu dagoeneko. Gurea prozesu bat martxan jartzen duen proiektu bat da, lan sistemak aldatu nahi dituena. Oso argi ditugu proiektuaren zergatiak, eta emaitzak gero bideak erakutsiko dizkigu. Ekimen sorta bat aurkeztu dugu, noski, nondik joango den azaltzeko, baina defentsan bertan azpimarratu genuen moduan, hori ez da ezaugarri nagusia. Horrek arriskuak dituela bagenekien. Baina, aldi berean, lanean eman ditugun urte hauetan, etengabe jaso duguna izan da bide horretatik joan behar genuela. Egon garen leku guztietan oso harrera ona jaso dugu, konplizitate handia. Konfiantza handiarekin joan ginen. Bagenekien faboritoen artean ginela, azken hilabeteotan galdutzat ematen zuten askok, baina frogatu da proiektuak baduela bere potentzia, eta hori da baloratu dutena.
Zein izan da, zure ustez, proiektuaren indargune nagusia? Zer gustatu zaio gehien epaimahaiari?
Nik uste, prozesuaren ideia hori. Eta baita ere hona etorri zirenean ikusi zutela ez zela lau pertsonak buruan zuten proiektu bat; aukera izan dute kontrastatzeko gizarte baten ametsa dela. Bada beste zerbait, agian guri normala iruditzen zaiguna, baina kanpotik etorri diren guztiek behin eta berriro nabarmendu digutena: sinesten dugun gauzetan hemen jartzen dugun indarra eta emozioa baloratzen dutela, ikusten dela esaten dugun horretan sinesten dugula. Proiektuaren koherentzia ere asko baloratu dute; pertsonak erdigunean jartzea, transformatzeko borondatea, hezkuntza eta kultura horretarako tresnak izatea, ezberdinen artean elkarrekin aritzeko gogoa... helburu horiek guztiak kultur programazioan ikusi dituzte, baina baita ere antolaketan, finantzaketan, aurkezpenean... Poroetatik ateratzen zaigula ikusi dute, eta baloratu dute.
Aurkezpenetik ere oso pozik atera zineten astelehenean. Nolako harrera egin zizuen epaimahaiak?
Aurrekoan gertatu zitzaigun bezala, sartu eta barrea, irribarrea. Beste guztiak nahiko konbentzionalak izan direla dirudi. Ministerioak mahai bat prestatu zuen hiri bakoitzeko ordezkariak esertzeko, eta guk ez dugu erabili; espazioa geureganatu genuen.
Beraz, epaimahaikideek sumatzen zuten, iaz bezala, ez zenutela aurkezpen konbentzionalik prestatuko...
Bai, noski, Kontxako gure eserlekuarekin sartzen ginela ikusi zutenean, alkatea eta alkate ohia bizikleta banarekin, dantza, musika... Hori ere asko baloratu dute, bai iaz, bai orain. Aurkezpen proposamena ez zen soilik gauza formal bat, nola forma eman kontatu nahi genuen horri, baizik eta forma horrekin gauzak kontatzea. Maia anaiek egin zuten dantza ez zen dantza soil bat, bazuen esanahi bat, kantatu genuen Xabier Leteren Izarren hautsa-k ere bai... Ez da soilik forma polit bat ematea, eta hori proiektuan ere ikusi dute, badirela forma ematen dioten ekimenak, baina eduki batekin. Ongi pasa zuten, eta guk ere bai. Esan beharra daukat disfrutatu egin dugula, eta pentsatzen dut hori ere sumatuko zutela.
Azken hilabeteotan faboritoen artean zinetela baina beste askok galdutzat ematen zutela aipatu duzu. Horretan udalean egon den aldaketak izango zuen zer ikusirik? Zure ustez, zenbaterainoko eragina izan zezakeen horrek azken erabakian?
Begira; hona etorri zirenean, epaimahaikideek esan ziguten kultur proiektu bat baloratzeko zeudela, eta behar zuten gauza bakarra zela proiektua babestu behar zuten erakundeen babesa eta lidergoa. Egoera politikoari buruz hori baino ez zitzaien interesatzen, eta alde horretatik lasai geunden, hori lehen bazegoelako, eta orain ere bai, gainera are zabalago. Epaimahaikideengan konfiantza handia genuen independenteak izango zirela; pentsatzen dut ez zela erraza izango, baina lasai ginen.
Nola baloratzen duzu Juan Karlos Izagirre alkate berriak eta bere taldeak izan duten jarrera?
Uste dut oso ondo egin dutela. Oso ondo ulertu dute proiektu honek egiten duen apustua prozesu bat dela, abiapuntu honekin gehitzen eta aberasten joango dena. Parte hartzea oso garrantzitsua izan da orain arte, eta izango da; zabala izan bada ere, ez gara mundu guztiarengana iritsi. Gehitzeko gaude, eta uste dut oso paper ona egin dutela alkate berriak, Bildu taldeak eta beste talde politikoek ere. Madrilen oso giro ona izan dugu.
Alkateak euskararen garrantzia nabarmendu zuen Madrilgo ekitaldian. Zertan lagun dezake izendapenak euskararen normalizazioan?
Uste dut garrantzia handia izango duela. Europan hizkuntz gutxitu asko daude, eta guk bide izugarria egina dugu, erreferenteak gara. Lehen txostenean esaten genuen helburua zela pertsonak jabetzea hizkuntza bat ikastean eta bizitza hizkuntza horretan egitean ez dizula soilik hori eskaintzen: askoz gehiago ematen dizula, hizkuntza horrek espero ez zenituen aukerak ematen dizkizula, aberasgarriak. Euskararekin hori frogatu dezakegu, Europan eta hemen bertan. Ideia ez da gauzak euskaraz edo erdaraz egitea, bizitzea baizik, eta proiektu honek euskarak eta beste hizkuntz gutxitu horiek duten alde erakargarria azalduko du. Ongi egiten badugu, eta gai gara, harro sentituko gara.
Euskal Herrian normalizaziorako eta elkarbizitzarako bidean ere lagun dezakeela iritzi diote hainbat arduradunek. Zer iritzi duzu zuk?
Ziur nago baietz. Aukera ezin hobea dugu esku artean, eta proiektu honek rol izugarria izango du. 22 urte daramatzat udalean lanean, azken hamabost urteak parte hartzearen arloan, eta esperientzia handia daukagu parte hartze prozesu txikietan. Ziur nago gauza txikietan funtzionatzen duenak handietan ere funtzionatzen duela. Esango nuke, kultur programa batean parte hartzea sartzeari begira, bi urteotan ikusi ditudan gauzak ez ditudala hogei urtean ikusi. Kulturak, hezkuntzak, aurpegi atsegin batekin, mahai gainean jartzen ditu praktikaren eta diskurtsoaren arteko kontraesanak. Ezberdinen arteko elkarlana helburu duen proiektu batek guztiak astinduko gaitu, hiritarrak, politikariak, enpresak... kontraesan horiek, bakoitzaren motxilak, agerian jartzeko eta kudeatzeko. Denon artean egin daiteke, eta aukera ezin hobea da.
Erakunde eta indar politiko guztien batasun hori izan da gakoetako bat. Aurrerantzean ere hala izango da?
Hala izango dela uste dut. Mezuak ez ditugu soilik hiritik jaso, Gipuzkoatik, Bizkaitik eta Iparraldetik ere iritsi zaizkigu. Jendea pozik dago, eta poz hori bada irabazteagatik, baina baita agertu den batasun politikoagatik ere; jendea hori baloratzen eta eskertzen ari da. Azken egun hauetan talde politikoek eta erakundeek azaldu duten jarreragatik proiektua indartuta atera dela uste dut, eta ziur nago hori mantendu egingo dela.
Madrilen giro onean ibili zaretela aipatu duzu. Zer izan da zuretzat esperientzia horretatik aberasgarriena?
Denak elkarrekin egon garela da politena. Proiektu hau orain arte kolektiboa izan da. Bakoitzak bere rola jokatu du, enpresek, erakundeek, teknikariek... elkarrekin, baina nahastu gabe. Madrilen talde bat izan gara, eta hori oso ederra da niretzat. Halako proiektu bat ezin da gauzatu hori ez badago, lan asko baitago hainbat arlotan egiteko. Konfiantza eta konplizitatea baldin badaude, nork bere lekua zein den ulertzen badu eta halako proiektu handi bat nondik nora bideratu behar dugun ulertzen badugu, gauzak ondo joango dira, ziur. Madrilen hori sentitu dut, ondo joango dela.
Galtzaile atera diren zenbait hirik ez dute batere ongi hartu erabakia. Helegitea jartzeko aukera aipatu du Zaragozako alkateak, esaterako. Zein iritzi duzu kritika horiei buruz?
Ez dugu horretan sartu nahi. Gu pozik gaude atera denarekin, horrek ez du atzera egingo eta seguru egun batzuk pasatakoan dena lasaituko dela. Jarrera horiek seguru aski beste dinamika batean sartzen dira eta beste logika batierantzuten diote. Gu lasai gaude.
Orain lan taldean aldaketak egongo dira? Taldea handituko duzue?
Hau guztia gauzatzeko antolaketa malgua behar dugu. Orain arte irabazteko proiektu bat egin behar genuen, eta orain fase berri bat hasi dugu. Lanean egon garenok asko ikasi dugu, proiektua inork baino hobeto ezagutzen dugu. Hamar urteko proiektu batek behar eta fase ezberdinak ditu, eta hori guztia egokitu egin behar da, ezagutza ez galtzeko; une batean ardura bat hartu duenak agian beste bat izango du orain. Orain ikusi behar dugu nola kokatzen garen fase berrian; profil berriak ere beharko ditugu segur aski, lehentasunak markatu behar dira... Datozen hilabeteetan egin beharko dugun lana izango da, isilekoa.
Santi Erasok jarraituko ote duen ez du argitu. Zer espero duzu zuk, bera izan denean proiektuaren arduradun nagusienetako bat?
Berak esan ohi du, eta nik oso gogoko dut, jostunaren eta hacker-aren arteko lana egin duela, eta egia da. Jendearekin lan egiteko espazio eta denbora bat sortzea izan da talde honetan egin duguna. Egia da Santi eta biok izan garela proiektuaren aurpegiak, baina talde lana izan da. Esan bezala, hurrengo fasean nola antolatuko garen hitz egin behar dugu, baina hori hurrengo asteetan egingo dugu, oraindik ez dugu hortaz hitz egin. Gure energia guztiak irabazteko bidean egon dira orain arte.
Nola imajinatzen duzu Donostia 2016an?
Buf... [irribarrez]. Uste dut oso indartsua izango dela hurrengo urteetan gertatuko dena, egingo dugun bidean aukera pila izango ditugula gauza berriak egiteko. Lana gogotik egingo dugu inguruko herriekin harremana eta elkarlana indartzeko, baita Europakoekin ere. Dagoeneko ari gara. Iñaki Salvadorrek, gurekin lehen aurkezpenera etorri zenean, esaldi bat esan zuen, niri errepikatzea asko gustatzen zaidana, proiektu honen muina delako: esan zuen bere hiriak ateak eta leihoak zenbat eta gehiago ireki, orduan eta gehiago gonbidatzen duela bertan geratzera. Horrelako Donostia bat amesten dut 2016rako, hiri ireki bat, hemendik kanpora atera eta ikasteko aukera emango diguna, baina hemen ere gauzak eginez, garena erakutsiz, eta besteengandik ikasiz. Lana ongi egiten badugu, eta uste dut gai bagarela horretarako, 2016an halako hiri bat izango dugu.
Eva Salaberria. Donostia 2016ko Bulegoko zuzendari gerentea
«Ezberdinen arteko elkarlanak guztiok astinduko gaitu»
Kulturari lotuta, elkarbizitza eta parte hartzea oinarri dituen proiektua aukeratu dute Europako kultur hiriburu izateko, «arriskuak» zituena, Salaberriak azaltzen duenez. Gauzak ongi eginez gero, 2016ra bitartean Donostian aukera asko irekiko direla uste du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu