Ezin olaturik hartu

Disko gutxik esaten dute 'Pet Sounds'-ek bezainbeste. Brian Wilsonen buru osasunean eragin zuen, eta haren porrotaren ondorioak sufritu zituen urte luzez The Beach Boyseko konpositoreak.

mikel lizarralde
2016ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zeinek entzun nahiko du kaka zahar hau? Zakur baten belarriak dituen norbaitek?». Artista batek beste bati esanda itsusiak izango liratekeen hitzok are zakarragoak dira musika talde bereko batek beste bati botatakoan. Eszena irudikatzeko modukoa da: Brian Wilson eta Mike Love estudioan. Lehena The Beach Boysen arima da, taldea Kalifornia eguzkitsuaren ikur bihurtu duten hamaika ereserkiren egilea. Bigarrena, Wilsonen lehengusua, taldearen ahotsetako bat. Eta eszena hortxe. Lovek Wilsoni: «Zeinek entzun nahiko du kaka zahar hau?». Kaka zahar hori Pet Sounds da, gaur egun poparen historiako disko garrantzitsuenetakotzat jotzen dena, baina paradoxikoki bere garaian harrera hotza izan zuena. Pet Sounds, The Beach Boysen ibilbidea betiko aldatuko zuen diskoak, taldearen irudi osasuntsu, zintzo eta gustagarria irauliko zuenak, mende erdia bete du, eta oraindik ere itsasargia da hamaika talderentzat.

Ez da zaila ulertzea Mike Loveren eta Brian Wilsonen arteko (momentuko) haserrealdia. Edo ezin ulertua. 1961etik 1965era arte The Beach Boysek bizimodu bat ordezkatu zuen. Kalifornia, hondartza, maitasun nerabea, surfa eta baikortasuna biltzen zuten pop pilula eraginkorren makinaria osatzen zuten Brian Wilson konpositoreak, Carl eta Dennis anaia gazteagoek, Mike Love lehengusuak eta Al Jardinek. Surf oholak, neskak eta euririk onartzen ez zuten melodia —eta harmonia— agortezinak ziren eurenak: Surfer Girl, I Get Around, Surfin' USA, California Girls, Fun Fun Fun...

Baina Wilsonen buruan zerbait ari zen gertatzen, ordea, 1965erako. The Beach Boys Today! (1965) diskoan adierazia zuen Wilsonek bere kezkak aldatzen ari zirela, eta surfa nahiz autoak albo batera utzita, nerabezaroa atzean uzten ari zen artista bat erakusten zuten kantuetako askok. Era berean, Phil Spector ekoizleak bere lanetan ezarritako Wall of sound ezagunak txundituta —grabazioetan musika tresna eta ahots ugari nahastuz sortutako soinu geruza handia—, Wilsonek pop kantu hutsez osatutako bildumak gainditu nahi zituen ordurako. 1965eko abenduan The Beatlesek Rubber Soul diskoa kaleratu zuenean are eta garbiago ikusi zuen etorkizuna, eta Marilyn Rutherford emazteari esan zion: «Diskorik ikaragarriena egitera noa! Inoiz egin den rock disko izugarriena!». Disko hori Pet Sounds izango zen.

Barruko ahotsak

Mike Lovek Wilsoni esandakoak ulertzeko beste gako bat. The Beach Boysek hamaika disko grabatu zituen bi urteko epean; kapitalismoaren arauei segika, jarraitzen zuen kontzertu erritmo gogor batekin; eta, gainera, Capitol diskoetxeak material gehiago nahi zuen. Eta hor Wilsonek etena eskatu zuen. Kontzertuak utzi eta konposizioari emango zizkion bere orduak. Onartu zioten eskaera, nahiz eta, dirudienez, gogoz kontra izan, eta Wilsonek bere obra handiena izango zena eraikitzera bideratu zuen gogoa. Horrek, baina, izan zituen bere ondorioak. Drogak ez ziren berriak konpositorearentzat, baina LSDa bidean gurutzatu, eta horrek areagotu egin zuen bere sormen nahia. Gainera, ordurako bere ereduak ez zeuden Kaliforniako hondartzetan. Gorago zeukan jarria begia: Spector bera, Burt Bacharach, George Gershwin eta The Beatles.

Tony Asher poeta eta publizistari deitu eta 1965eko abendua eta1966ko urtarrila bitartean osatu zituen Wilsonek diskorako hamabi kantu, eta haiek grabatzeko Los Angelesko musikari onenak deitu zituen. Buruan zeukana —eta hark aitortuta, buruan zeuzkan soinu, melodia, harmonia eta konponketa guztiak— grabazio batean islatzeko behar zituen. Soinu bat eskatu eta soinu hori emango zioten; izan ume baten negarra, izan sirena hots bat. Taldekideek jarriko zituzten ahotsak.

Gauzak horrela, taldekideak estudiora iritsi eta Wilsonen eskaerei jarraiki, ahotsak grabatzen hasi ziren, nora zihoazen garbi izan gabe. Bai, ordea, hondartzatik eta olatuetatik urruti ibiliko zirela. Eta lan nekagarria izan zen taldekideek beraiek onartu zutenez. Mike Love: «Brianek intonazio aukera guztiak probatu nahi zituen, eta ondorioz, hamaika proba egin zituen. Horietako batean akats txikiren bat ikusiz gero, berriro grabatu behar genuen». Horri gehitu behar zitzaion grabazio bakoitzaren aurretik egin beharreko liturgia: taldekideak bildu, estudioko argiak itzali eta otoitz egin. Wilsonek «Jainkoa» zuen ondoan, 30 urte geroago adieraziko zuenez: «Pet Sounds-en lanean ari nintzenean amets bat izan nuen, zeinetan argi-koro bat nuen buru inguruan, nahiz eta ingurukoek ezin zuten ikusi. Uste dut argi-koro hori han zegoela. Jainkoa gurekin egon zen denbora guztian. Jainkoa nirekin zegoen. Ikus nezakeen; senti nezakeen».

Wilsonek agintzen zuen grabazioan, baina horrek ez du esan nahi presioak jasotzen ez zituenik. Taldekideek onartu zituzten haren nahiak, nahiz eta haietako asko ez ulertu, baina Hang On To Your Ego, droga haluzinatzaileei aipamena egiten zien kantuaren hitza eta izenburua aldatu beharrean egon zen Mike Lovek hala eskatuta. I Know There's an Answer tituluarekin igaroko zen aurrera.

Diskoa maiatzaren 16an iritsi zen dendetara, eta ordura arte The Beach Boysek egindakoarekin hausten zuen, bai melodikoki bai harmonikoki garairako berritzaileak ziren moldeak erakusten zituelako (God Only Knows, Caroline No), baina batez ere, taldearen irudiarekin zerikusi handirik ez zuelako. Malenkonia eta maitasun harremanei buruzko zalantza gehiegi eguzkipean entzuteko.

Diskoak kritika onak izan zituen, baina ez, ordea, oihartzun handirik. Capitol diskoetxeari ez zitzaion gustatu eta ez zekien zein publikori zuzendu behar zitzaion. Ondorioa? Berehala kaleratuko zuen The Best of... bat, taldearen norabide berria neurri batean lausotuko zuena. Gero etorriko zen garai berean grabatutako Good Vibrations, taldeari publiko helduago batekin adiskidetzeko balio izango zion kantua.

Hortik aurrera nolabaiteko kataklismoa. Porrotaren aurrean, Smile bere sinfonia berria izango zenaren prestaketan hasi zen Wilson, taldekideen eta konpainiaren babesik gabe. Baina ez zuen aurrera egiterik izan, eta grabatu gabeko disko galdu gisa gelditu zen etorkizunerako.

Wilson erotu egin zen amets hippyaren erorketari aurrea hartuta, eta urteetan bere jauregiko gelen artean ezkutatu zuen bere talentu irendua. Jim Morrison, Jimi Hendrix eta Janis Joplinek ez bezala, ez zuen ezta gorpu polit bat ere utzi, eta burua galdu duen aberaskume gisa ikusiko zuten hurrengo urteetan.

Pet Sounds geldituko zaio betirako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.