Arteari eskaintzen zaion arreta eskasaz «nazkatuta» daude Nafarroako artistak. Instituzioen «ezaxolari» aurre egitearren, ArteNA Nafarroako Arte, Kultura eta Elkartasun elkartea sortu dute. Elkarteko lehendakari Maria Jesus Castillejok esan du dagoeneko Nafarroako bazter askotako 30 kide baino gehiago direla, eta elkartearen ezaugarriak azaldu ditu: «Asmo aldarrikatzailez, proiektu ilusionagarri bat jarri dugu martxan, Nafarroan dauden 600dik gora artistarentzat elkargune izan dadin, eta haien artelanak zabaltzeko balio dezan».
Manifestu baten bidez, Nafarroako artistek gaur-gaurkoz duten egoera salatu du elkarteak: «Gero eta zailagoa da artelanak bukatu eta erakustea; espazio periferikoetara jo behar izaten da horretarako, hau da, jendea joaten ez den tokietara». Artelanak saltzea ezinezkoa dela gaineratu diote horri: «Artistaren biziraupena kolokan dago beti, eta beste lan batzuekin osatu behar izaten du bakoitzak bere jarduna». Horren ondorioz «norbere buruaren mezenas» bihurtzen direla nabarmendu dute: «Ikerketa, sortzea, produzitzea, erakustea eta zabaltzea, dena hartu behar du bere gain artistak, eta askotan tailer batean bukatzeko artelanak, edo, okerrago, zaborretan».
«Apurrak besterik ez»
ArteNAko kideek instituzioak egin dituzte gaur egungo egoeraren erantzule: «Arte plastikoak, bisualak eta grafikoak apenas laguntzen dituzten. Kulturari esleitzen zaion aurrekontuaren zati handiagoa hartzen dute beste arte mota batzuek, eta guri apurra besterik ez zaigu ematen». Haien ustez, administrazioaren jokamolde horrek «prestigio galera» dakarkie adierazpide artistiko batzuei, bai eta «zaharkitu kutsua» ere.
Funts publikoekin «gauzak egiteko molde esklusibo eta klasista bat» sustatzen ari direla gaineratu dute, halaber: «Bertan oso artista gutxi hautatzen dituzte, proiektuak, egoitzak, erakusketak edo topaketak izan ditzaten».
Artearekiko atxikimenduak batzen ditu ArteNA elkarteko kideak: «Oihu egin nahi diogu munduari. Gure artea bizirik dago, eta jendeak ezagutzeko eskubidea du». Artea aldarrikatzea dute helburu behinena, bai eta jarraitzaileak berreskuratzea ere: «Gure sormenaren, ametsaren eta pentsamendu kritikoaren parte izan daitezen nahi dugu».