Ezkontza batetik zuzenean helduko dira oholtza gainera Mikel Pagadizabal, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburu aktoreak. Jantzi dotoreak soinean, barrea eragiteko gogoz dira, eta horretarako prestatu dute Bodologuak ikuskizuna. Bihar estreinatuko dute Azpeitian (Gipuzkoa), Soreasu antzokian, 21:30ean.
«Club de la Comedia euskaldun bat izango litzakeena» eskainiko du hirukoteak, Egoitz Lasa aktoreak azaldu duenez. Hala ere, ikuskizunak izango du bere osagai partikularra: euren umorea. «Gure umore estiloarekin jendeari kontatu nahi dizkiogun harrikadatxoak edo burutazioak han izango dira».Euren buruei egiten dizkieten galderei erantzuna emango diete, «barrea eraginez», betiere. Euskalduna izatearen buruko minak, Elizaren inguruko kontuak, elkarte gastronomikoak, euskaldunen oporrak, opariak, etxeko animalien arropak eta teknologia izango dituzte hizpide ordubete pasatxoko saioan.
Bakarrizketak egongo badira ere, «ikuskizun oso bat»eskainiko du taldeak. Hari bat egongo da hiru pertsonaien artean; beraz, elkarrizketak ere izango dira. «Bakoitza bere kontuak argitzera joan da, bere monologotxoa egitera, baina zuzenean ezkontza batetik joateak eragina izango du istorioan, eta gauza batzuk aldatuko ditu», Lasak dioenez.
Aktoreak gidoilari
«Guk esan eta zuek barre egitea». Horixe da ikuskizunaren helburua. Horrekin batera, izan dute bestelako helbururik ere: publiko guztiarengana heltzea, esaterako. «Denentzako dago, eta, batik bat, gure umore hori ezagutzen duen publiko horri esango nioke barre egingo duela, eta gozatuko duela antzoki batean», azaldu du Lasak.
Sei bat bakarrizketa eskainiko dituzte guztira, hiruren artean sortutako testuekin. «Gure sorkuntza da, eta Txintxeta taldearen barruan elkartu gara jardun horretan. Talde berria da, eta hasieran gaudela sentitzen gara. Proiektu berri baten hasiera da, gure eskutik sortutakoa». Antzerkian eta telebistan esperientzia duten sortzaileek osatzen dute taldea; horretan, euskara eta umorea, biak batera, jorratzen dituzte. Anartz Zuazuak zuzendu du Bodologuak antzezlana. Elkarrekin aritzea esperientzia berria izango bada ere, aurretik lan egindakoak dira hiru aktoreak; Wazemank eta Noaoa saioetan, esaterako.
Azpeitiko 29. Euskal Antzerki Topaketen barruan estreinatuko dute saioa. «Berez», datorren urtea hastearekin batera helduko da Bodologuak ikuskizuna berriro ikusteko aukera.
Ezkontzatik oholtzara
'Bodologuak' lanarekin barrea eragiteko prest dira Pagadizabal, Lasa eta Aranburu; Azpeitian estreinatuko dute bihar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu