Musikaria eta tresna (II)

Fa tonua berrasmatzen

Sei urte zituela zapaldu zituen aurrenekoz txistuaren hiru zuloak Palaciosek, eta ordutik, zaletasun, ogibide eta pasio du musika tresna. Txistuaren «mugak» apurtzea eta haren bidez «emozioak» transmititzea du eguneroko erronka.

Iñaki Palacios, Gasteizko Jesus Guridi musika kontserbatorioko areto nagusian. AITOR KARASATORRE / FOKU
Iñaki Palacios, Gasteizko Jesus Guridi musika kontserbatorioko areto nagusian. AITOR KARASATORRE / FOKU
edurne begiristain
2025eko abuztuaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

Txistua gordea duen maletatxo beltza eskuetan daramala sartu da Iñaki Palacios (Gasteiz, 1988) Gasteizko Jesus Guridi musika kontserbatorioko ate nagusitik, eta aise sumatu zaio etxean bezala sentitzen dela. «Hara! Iñaki, zenbat urte zu ikusi gabe! Zer moduz bizitza?», irribarre handi batekin agurtu du bertan lan egiten duen emakumezko batek, eta besarkada bat eman dio. Palaciosek ondoren esango digu ikasle garaitik ezagutzen dutela elkar, baina duela hamalau urte musika ikasketak amaitu zituenetik soilik «noizean behin» itzuli izan dela kontserbatoriora, «kontzerturen bat ematera edo Jazz Uhinak egitasmoak bertan eskaintzen duen saioren bat entzutera». Halere, iltzatuak ditu, guztiz, eraikin horren pareten artean igarotako urteak: «Gogorrak izan ziren, intentsoak, eta ordu asko sartu nituen».

Kontserbatorioko areto nagusian egin dizkiote erreportaje honetarako argazkiak, eta hara sartzean etorri zaizkio burura txistu ikasketak egin zitueneko garaiak. «Dena ia-ia berdin dago», murmurikatu du. Aretoa atentzioz behatu, eta atzera egin du denboran: «Hemen egiten genituen kurtso amaierako emanaldiak».

Argiztapena egokitu dutenean, oholtza gainean izan da minutu batzuk, Aitor Karasatorre argazkilariaren aginduei men eginez. Txistua jotzeko eskatu dio argazkilariak, eta Ama abestia jo du, bitan pentsatu gabe: «Ezbairik gabe, gehien maite dudan kanta da», aitortuko dio gero kazetariari.

Jesus Guridi kontserbatorioan elkartu da BERRIA Iñaki Palacios txistulariarekin; ez kasualitatez, ordea: han ikasi zuen, han maitemindu zen musikaz —eta bereziki txistuaz—, eta han jarri ziren txistulari moduan egiten ari den ibilbide oparoaren zutoinak. «Txistuak dena eman dit: lana, etxea... bizitza osoa». 

IÑAKI PALACIOS
Iñaki Palacios txistularia, Gasteizen. AITOR KARASATORRE / FOKU

5 edo 6 urterekin izan zuen lehen kontaktua txistuarekin, Gasteizko Musika Etxean. Beste hainbat umeren antzera, zenbait instrumentu ezagutzeko aukera eman zioten, eta horietako bat aukeratzeko eskatu ziotenean, txistua aukeratu zuen. Ez daki zergatik, ordea: «Askotan galdetu didate, baina ez dakit zehatz-mehatz zergatik, baina pentsatzen dut izango zela erraz jotzen nuelako». Palaciosen familian ez dago txistuarekin lotutako tradiziorik, baina bai musikarako zaletasunik —aita musika irakaslea da—, eta, neurri batean, gurasoek bultzatuta hasi zen gero txistua jotzen. «Jolas modura hasieran; beste haur batzuk Play Station kontsolan aritzen ziren bezala, nik txistua hartzen nuen».

Ingurukoek aise ikusi zuten trebea zela instrumentuarekin, eta ume koskorra izanda ere erraztasun handiz jotzen zuela. Eta, hala, 16 urte zituela erabaki zuen txistulari izan nahi zuela: «Irakasle batek esan zidan: ‘Txistua gustuko baduzu, zergatik ez dituzu ikasketak egiten?’». Eta egin zituen. Euskal Herriko Txistularien Txapelketa irabazi berritan sartu zen kontserbatorioan, lehen promozioan. Ehun hautagairen artean lehena izan zen, eta sei urteko ikasketak bost urtean burutu zituen.

«Intentsitate handiko» urteak izan ziren haiek; dedikazio osoz bizi izan zuen garai hura, txistuari guztiz emana. Ikasketak amaituta, Bartzelonara joan zen konposizio eta teknologia berrietan trebatzera, eta han, ustekabean, bizitza aldatuko zion dei bat jaso zuen: Basauriko (Bizkaia) Musika Eskolatik deitu zioten txistu irakasle izateko. «Patua izan zela sinetsita nago. Dei hura hartu izan ez banu, agian ez nintzateke izango gaur egun naizena».

Tradizioa modernizatzen

Nabari zaio ez dituela etiketak gustuko, baina adeitasunez hartzen ditu txistua berrasmatu duela esaten diotenen laudorioak. Musika tresna xumea izanik ere txistua «emozioak transmititzeko» gai dela uste du. Esplikatu du hiru tonalitatetan jo daitekeela —fa naturalean, fa sostenituan eta sol-en—, eta gehien erabiltzen dena fa naturaleko tonua dela, «gozoena» delako, entzulearentzat «atseginena». Fa sostenituko txistua agudoagoa da, eta kalean jotzeko indartsuagoa izan daiteke, baina «karrankariagoa» ere bada. Sol tonalitateko txistua, berriz, gutxitan erabiltzen du musikariak.

«Kalean edo ekitaldi instituzionaletan baino ez da entzuten, baina gero eta gutxiago jotzen da. Belaunaldi berriek ez dakite zer den ere»

Basauriko Musika Eskolan irakasle da gaur egun: hemezortzi ikasle ditu, 7 urtetik 70 urtera bitartekoak, eta metodologia berritzaileak baliatzen ditu, ikasleen gustuko musika txistura moldatuz. Jabetzen da txistua ez dela bereziki erakargarria belaunaldi berrientzat —«tresna zaila delako, exijentea»—, baina batez ere Euskal Herrian oso lotua dagoelako tradizioarekin edo folklorearekin. Haren irudiko, «muga asko ditu»: «Kalean edo ekitaldi instituzionaletan baino ez da entzuten, baina gero eta gutxiago jotzen da. Belaunaldi berriek ez dakite zer den ere».

Txistuaren muga horiek apurtzen aitzindaria izan da Palacios, eta pasioa akuilu izan du musika instrumentuari bestelako jite bat emateko. Bere ikasleei, adibidez, ez die ohiko moldean irakasten txistua jotzen: «Haiek gustuko duten edozein kanta txistuarekin jo ahal dela erakusten diet. Nik kanta hori entzun, transkribatu, harmonizatu eta play-back antzeko bat prestatzen diet, gero haiek horren gainean txistua jo dezaten, nire gitarrak lagunduta». Horrela esanda erraza ematen du, baina ez da, Palaciosek aitortu duenez: «Lan handia da, baina haiei asko gustatzen zaie banda baten parte izatea, eta ongi pasatzen dute». Eta, hala, txistuaren doinuekin ikasi dute Xabi Solanoren, Huntzaren eta Izaroren abestiak jotzen, eta baita kalejirak, fandangoak eta arin-arinak ere; «horiek ere ikasi behar baitira, noski».

Ikuspegi zabalagoa

Txistua ikasleei erakusteko ikuspegi «ezberdina» hartzeaz gainera, musika tresna horren unibertsoa modu zabalean ulertzen du Palaciosek. Tradizioari lotua, baina modernitateari irekia. Eta bide horri jarraituta egin du bere ibilbidea, ohiko txistulariaren iruditik nolabait aldenduta. Lau disko kaleratu ditu —Lurra, ardoa, dantza (2017), Harria (2019), Baltik (2021) eta Argizaiola (2024)— eta guztiekin bilatu du helburu bera: txistuaren doinuak berritzea. 

Lurra, ardoa, dantza diskoan, Arabako Errioxako lurraldearen nortasuna eta izaera indartzea izan zuen helburu, hainbat musika tresna erabiliz; Harria-n, txistua eta harrizko txalaparta uztartu zituen; Baltik-en, Irlandako doinuetan arakatu zuen, eta Argizaiola-n, folka eta doinu elektronikoak nahastu zituen. Lan guztietan eta haiei lotutako kontzertuetan bidelagun izan ditu hainbat artista, kirolari eta abar: Iñaki Perurena, The Gale’s, Mikel Urdangarin, Kalakan, Lide Hernando...

«Ez dut disko bat egiten aurrekoaren jarraipen gisa. Niretzat, proiektu bakoitzak desberdina izan behar du. Hori da helburua: ikusleari zerbait berezia eskaintzea», esplikatu du. Publikoari zerbait diferentea eskaintzeko nahi horrek eraman zuen, hain justu, txistuarekin esperimentatzen hastera eta estudioko aurreneko lana grabatzera. Korrontzi taldeko Agus Barandiaran lagunak animatuta egin zuen urratsa, eta pozarren dago orduan hartutako erabakiarekin. Estudioko lanez gain, izan du bestelako esperientzia «aberasgarririk» ere: Eusko Legebiltzarrerako Izaro kanta konposatu du, eta uztail hasieran bere hiru obra jo zituen Donostiako Orfeoiarekin batera Kursaalen.

«Nik beti irudikatzen dut abesten ari naizela, abesti bakoitzaren atzean istorio bat dagoela; hori kontatu nahi diot ikusleari»

Ez da ohikoa emozio hitza txistuari lotuta entzutea, baina, Palaciosen ustez, lotuta egon behar dute biek ala biek. Argi baitu jotzen ikas daitekeela, baina zailena musika transmititzea dela: «Nik beti irudikatzen dut abesten ari naizela, abesti bakoitzaren atzean istorio bat dagoela; hori kontatu nahi diot ikusleari».

Xede horretan baditu inspiratzen duten musikari franko, baina, kuriosoki, txistulari bi baino ez ditu erreferente: Garikoitz Mendizabal eta Jose Ignacio Ansorena. Gainerakoek, ia gehienek, ez dute txistua jotzen: Euskal Herrian Korrontzi taldea du gustuko, eta hemendik kanpo, Project Smok, Talisk eta Aldoc taldea, eta Alan Doherty eta Ali Levack bakarlariak ere.

Musikari gisa garai gozoa bizitzen ari da Palacios, eta esku artean dituen proiektu andanaren artean ilusio berezia egiten dion bat aipatu du: bere partiturak bilduko dituen liburu bat emango du argitara Durangoko Azokan. Hala ere, aitortu du ilusioarekin batera baduela beti kezka bat buruan bueltaka: txistulari berrien errelebo falta. «Gaztetxoek beste interes batzuk dituzte, eta, nerabezaroa pasatuta, oso gutxik jarraitzen dute». Ez du uste tresna gisa desagertuko denik, baina bai gero eta gutxiago erabiliko dela: «Hemendik hogei urtera oso litekeena da kalean txistularirik ez ikustea».

Bi txistu, eta beti hidratatuta

lñaki Palaciosek txistuak gordetzeko erabiltzen duen estutxeak hogei urte ditu; barruan, konpartimentu banatan sartuta, txistuen atalak eta haiek garbitzeko materiala. Bi txistu ditu Palaciosek: eskolak emateko erabiltzen duena, eta zuzenekoetara eramaten duena. Biak beltzak, egurrezkoak eta Keller markakoak, soinu kalitate «hobea» dutelako. Beste instrumentu batzuen aldean, txistua ez da garestia —300 eta 600 euro artean balio dezake—, baina kalitate onekoa izatea garrantzitsua da profesionalentzat. Markaren eta egur motaren arabera, soinuaren ñabardurak ere alda daitezke: «Fender gitarra bat eta Gibson bat igualak ez diren bezala, txistuen artean ere ezberdintasunak daude».

Ez da tresna sofistikatua, baina bai zaindu eta egunero erabili beharrekoa: «Txistua ez bada erabiltzen, ez du bere soinu garbia gordetzen». Eta musikariak azaldu duenez, beti hidratatuta egon behar du, batez ere barrutik, egurrak bere propietateak gal ez ditzan. Soinua soilik ez, tresnaren mantenua ere garrantzitsua da: txistua garbitzeko, aho-piezatik sartzen den zapi berezi bat erabiltzen du, eta barruko ur partikulak kendu eta egurra egoki hidratatuta mantentzen ditu.

Hiru zulo ditu txistuak —bi aurrealdean eta bat atzealdean—, eta ezkerreko eskuarekin jotzen da, eskuinarekin danbor txikia jotzeko aukera uzteko. «Ez du zentzu handirik ezkerreko eskuak pisu handiena eramateak, baina tira», dio

 

IÑAKI PALACIOS-TXISTUA
Iñaki Palaciosen txistuak estutxean gordeta. AITOR KARASATORRE / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.