'Faborez 05' diskoak lau trikitilari bikote bildu ditu, doinu tradizionalen harian

Uztailaren 4an diskoaren aurkezpen erromeria egingo dute Zumarragan, Zelai Arizti kultur etxean

Mikel Serrano Zumarragako alkatea eta trikitilariak, atzo, Donostian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko ekainaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak bost urte daramatza diskogintzan, Faborez bildumaren bitartez belaunaldi berriko trikiti jotzaile gazteak errepertorio tradizionalarekin lotzen. Lan horren azken emaitza da elkarteak kaleratu duen Faborez 05 diskoa, bildumako bosgarrena.

Azken urteotan plazarik plaza dabiltzan lau bikotek parte hartu dute diskoan,baina diskogintzan esperientziarik gabeak dira gehienak. Olarte eta Urdangarin (Zumarraga-Ataun), Elortza anaiak (Zumarraga), Arkaitz Allur eta Idurre Arriola (Zarautz-Mendaro) eta Astiazaran II.a eta Izer bikoteek jo dituzte erromerietako pieza zaharrak.

Antzinako doinuak berreskuratzeko bidean, ikerketa eta dokumentazio lana egiten du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. «Bilduma oso garrantzitsua da, han eta hemen, erromeriaz erromeria hainbat urtetan entzun diren piezak euskarri seguru batean bilduta gordetzeko aukera ematen baitu», azaldu du elkarteak.

Faborez bildumako gainerako diskoekin egin duten bezala, bosgarren hau aurkezteko ere erromeria egingo dute. «Alde batetik, erromeria giroa sustatzeko, eta, bestetik, nola ez, diskoa jendaurrean ezagutarazteko eta zabaltzeko». Uztailaren 4an izango da aurkezpena, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.