Izan zirenak (IV): Arteleku

Fabrika bat arteari leku egiteko

Donostiako Loiola auzoko fabrika zahar bat biziberritu zuen Arteleku kulturguneak: artistentzako estudioak, tailerrak, hitzaldiak eta beste antolatu zituzten. Eskumena aldundiarena zen, baina eguneroko jarduna, bertako artisten irizpideen araberakoa.

Artelekuren inaugurazioa 1987ko maiatzan. TABAKALERA
Artelekuren inaugurazioa 1987ko maiatzan. TABAKALERA
Odile Bourguignon Goñi
2026ko abuztuaren 14a
04:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Goizean ireki, 09:00etan, eta 21:00etan ixten zuten Arteleku, Donostiako Loiola auzoko fabrika bat zena. Baina tarte horretan bertaratzen zirenek ez zioten, ohiko fabriketan legez, produkzio kapitalistaren legeei erantzungo: ez zuten merkantzia kapital bihurtu behar, ezta egunero etekin ekonomikoa areagotu behar ere. Artea zen helburua. Artea eta esperimentazioa eta eztabaida politikoa eta ekoizpen artistikoa. 1987tik 2014ra bitarte, Gipuzkoako Foru Aldundiak Arteleku izeneko fabrika eraberrituaren ateak ireki zituen, eta, bitarte horretan, mundu osoko hamaika artista pasatu ziren bertatik. Mundu osokoak, zeren Donostian zegoen, bai, baina «bokazio internazionalista» zuen. 

Santiago Eraso izan zen Artelekuko zuzendari kulturgunea sortu zenetik 2006ra bitarte. Garai haren oroitzapen ederra du, eta, orduan bezala, kulturaz kritikoki pentsatzearen garrantzia azpimarratzen du gaur egun ere: «Kostarik kosta, artisten autonomia errespetatzen genuen. Baliabide guztiak erabiltzeko abagune handia zuten, eta, estudioak edukitzeaz gain, burdinola, aroztegia eta errementeria ere bazeuzkaten. Ekoizpenerako fabrika bat zen, baita pentsamendurako fabrika bat ere: filosofoak, arkitektoak, militanteak eta beste gonbidatu ohi genituen».

(ID_17865389503895) (/EZEZAGUNA)
Artelekuren inaugurazioko irudi bat, 1987ko maiatzekoa. TABAKALERA

Eta, gaur egun, badago Donostiako Arteleku kulturgunearen artxibo digital bat, Artelekuren «memoria gorde» eta memoria hori «herritarren eskura» jartzen duena. Nornahik, nolanahi nabigatu dezake hartan, eta argazkietan, askotariko artikuluetan eta erregistraturiko bideoetan geldialdia egin.

Baina Artelekutik igarotako artistek beren memoria propioa dute: Azucena Vieites artista hernaniarra, adibidez, Arteleku ireki eta berehala hasi zen joaten. Arte Ederrak ikasten ari zen Bilbon, eta arreta eman zion fabrika zahar horretan egin asmo zutenak, iragarri baitzuten Mari Puri Herrero margolari bilbotarrak tailer bat emango zuela han: «1989ko urria, astelehenetik ostiralera. Ikasleen gehieneko kopurua: 20. Matrikula: 10.000 pezeta».

Vieites gazteak, zenbait ikaskiderekin hitz egin, eta izena eman zuen ikastaroan: «Tarteka, gogoan iltzatuta gelditzen dira irudi batzuk, eta badut Artelekun hasi nintzeneko bat. Eskaileren goialdean ni, beherantz begira, eta nirekin batera, Itziar Okariz, besteak beste». Belaunaldi berekoak dira Vieites eta Okariz, eta, garai hartan ez bazekiten ere, urte batzuen buruan haiek izango ziren tailer emaile. Han bertan, Artelekun.

Asier Mendizabal eskultore ordiziarra, berriz, bere herriko institutuan ikasle zela joan zen lehenengoz Artelekura: «Oraindik oso ondo jakin gabe zer zen, eta erabaki gabe nik neuk zer lotura izango nuen artearekin, kasik imajinatu gabe ere». Pello Mitxelena artista Mendizabalen institutuan aritu zen irakasle, eta, Mendizabalen irakasle izan ez zen arren, interesa piztu zion ikasle gazteari, eta, noski, Mitxelena Artelekun aritzen zen.

Mendizabalek ere gogoan du trena hartu eta Artelekura lehen aldiz joan zenean ikusitakoa, harentzat momentu «epifanikoa» izan baitzen, «nolabait»: «Gogoan ditut Pello Mitxelenaren piezak —horiek ikustera joan nintzen—, baina gogoan ditut garai batean geltokietan egoten ziren fotomatoi horietako batekin eta ispiluekin egindako argazkiak, Xabier Ubedarenak, gogoan ditut Sergio Pregoren lanak... Gerora, lehenengo aldian ikusitako horiek indar handia hartu dute niregan». Eta ez zen hala izan, baina Mendizabalek lehen aldian ikusitako erakusketa horretan egon zitekeen Vieitesen obra ere; Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako sorkuntza beken bitartez antolatzen baitzituzten halakoak. Erakusketa horiek Uztaro zuten izena, eta Vieitesek 1993an aurkeztu zuen bere lana, beka horri esker.

«Hasiera-hasieratik ohartu nintzen Arteleku toki berezia zela: zenbat jende, eta zenbat jende desberdin... Han ezagutu nituen oraindik ere lagun eta kide ditudan asko, eta, nolabait, han eman nion neure buruari artista izateko baimena»

ASIER MENDIZABALArtista

Mendizabal ez zen itzuli denbora batez. Baina beste bi ekitaldik Artelekurako bidea eginarazi zioten berriro ere: lehena, Francisco Jarautak eman ohi zituen mintegietako bat eta, hurrena, Angel Badosek eta Txomin Badiolak antolatutako tailer bat. Honela zioen tailer horren iragarkiak: «1997ko ekainaren 2tik urriaren 3ra. Parte hartzaileen gehieneko kopurua: 15. Matrikula: 65.000 pezeta».

Orduan, Mendizabal Londresen bizi zen, Iñaki Garmendia artista ordiziarrarekin batera. Azaldu duenez, hori ez zen oztopo izan: «Horregatik bakarrik itzuli nintzen Londrestik hona». Eta erabaki horrek haren patua aldatuko zuen: «Hasiera-hasieratik ohartu nintzen Arteleku toki berezia zela: zenbat jende, eta zenbat jende desberdin... Han ezagutu nituen oraindik ere lagun eta kide ditudan asko, eta, nolabait, han eman nion neure buruari artista izateko baimena».

Artea pedagogiarako

Zeharo desberdinak izaten ziren uda eta negua Artelekun, beroarekin batera bertako jarduna biziagotu egiten baitzen: tailerrak, hitzaldiak, mintegiak... Eta beroa apaltzean, eguneroko lanean ibiltzen ziren artistek betetzen zituzten Artelekuko estudioak eta lantegiak. Mendizabal ere aritu zen negu batez Artelekuko estudio batean lanean. Eta, dioenez, «denetarik» egoten zen han: «Urteetan lanean aritutako jende asko egon zen, askotan ahaztu egiten ditugunak eta ez ditugunak Artelekuren historiaren parte gisa hartzen». Hain zuzen, erakusketak eta hitzaldiak antolatzeaz gain, proiektuak ekoizten ere aritzen ziren artistak. Sorkuntzarako tartea zuten, alegia. 

(ID_17865388899655) (/EZEZAGUNA) Arteleku, 2005eko urtarrilean
Arteleku, 2005eko urtarrilean. TABAKALERA

Liburutegia ere bazuten, eta, Erasok gogoratu duenez, hark zuzendaritza hartu zuenean hirurehun liburu biltzen zituen, eta, kargualdia amaitzerako, berriz, 30.000. Vieitesek han pasatzen zuen denbora gehien: «Topaleku bat ere bazen, zure antzeko gauzak egiten zebilen jendearekin elkartzeko». Eta, besteak beste, 1994an Artelekuren erraietatik sorturiko Erreakzioak artisten kolektibo feministaren sortzaileetako bat ere izan zen Vieites, Estibaliz Sadaba artista bilbotarrarekin batera. «Sumatu genuen diskurtsoa eta errepresentazioa garatzea falta zela artearen eta feminismoaren arteko bidegurutze horretan», azaldu du Vieitesek. Fanzineak egin zituzten, baita jardunaldiak antolatu ere. 

«Sumatu genuen diskurtsoa eta errepresentazioa garatzea falta zela artearen eta feminismoaren arteko bidegurutze horretan»

AZUCENA VIEITESArtista

Horixe zen Artelekuren bertuteetako bat: noizbait ikusle izandakoak zer erakutsia izaten zuela urte batzuen buruan. Ikusi, ikasi, sortu eta erakutsi. Mendizabalek 2005ean eman zuen lehen hitzaldia, Leire Bergarak eta Peio Agirrek gidatutako We Rule the School izeneko mintzaldi eta tailer zikloaren barruan. Bergarak eta Agirrek «aurreikuspen oso interesgarri» bat egin zutela iritzi dio Mendizabalek: «Ohartu ziren artearen eta pedagogiaren arteko loturak bazuela, garai hartan, indar partikular bat. Eta, denborak aurrera egin ahala, frogatu da halaxe dela». Eta denborak aurrera egin ahala, hitzaldi horren arrastoa beste gauza batzuetan ere nabaritu du Mendizabalek: «Gerora konturatuko nintzen, baina markatu ninduen nolabait, zeren, gerora, hezkuntzarekin, pedagogiarekin eta artearekin izan dut beste ezerekin baino konpromiso handiagoa». 

Garai berrien mamua

Mugarri bat izan zen 2002an. Aldaketa bat behar zuten. Eta hala oroitu du Mendizabalek: «Halako batean, Artelekuk, Santiren erabakiz [Eraso], bere burua birpentsatu behar du bere garaietara egokitzeko, baita artearen beste ideologia batera egokitzeko ere».

Garai hartan, Mendizabal Amsterdamen zegoen, beka batekin, baina hori ere ez zen oztopo izan Artelekura itzultzeko, Ibon Aranberriren «enkargutxo bat» sartu baitzen tartean. Izan ere, gunearen berriztapena irudikatuko zuen proiektu bat eskatu zion zuzendariak Aranberriri; halaxe ekin zion Garai txarrak izeneko lanari, eta Mendizabal ere tartean zegoen, noski. «Ibonek —oso maltzurki, baina oso modu zehatzean eta zurrunean— Garai txarrak izena jarri zion proiektuari. Horrek aurrea hartu zion etorriko zenari, zeren borondate onenarekin egin zen aldaketa horrek atzean utzi zuen Artelekun ordura arte artea ulertzeko zegoen ideologia oso bat. Onerako eta txarrerako». 

(ID_17865389626845) (/EZEZAGUNA)
Arteleku berriz zabaldu zuten eguna, 2002ko ekainean. TABAKALERA

Orduko panorama artistikoan, ohikoak ziren museoak eta erakusgelak, baina artea sortzeko fabrika eraberritu bat ez. Erasoren iritziz, Arteleku instituzio «anomaloa» izan zen, «zentzu literalean»: «Anomaloa izan zen artearen sisteman hartzen zuen lekuari zegokionez, artearen sistemaren zentraltasunetik at baitzegoen». Eta, gainera, autoritate politikoaren gaineko nolabaiteko independentzia ere lortu zuten, izan izan baitzituzten eztabaidak, bai, baina, finean, inor ez baitzen «zentsuratzen, debekatzen edo indargabetzen» ibili.

Edonola ere, denek ala denek adierazi dute Artelekuren gisako kulturguneen falta sumatzen dutela: Vieitesek gogoan iltzatua daukan oasitzat jotzen du; Erasok, kritikotasuna lantzeko kulturguneen arteko aitzindaritzat, eta Mendizabalek, berriz, heterogeneotasunaren ertzak maitatzeko ikasgaitzat. Eta denek ala denek dute zalantza bera: posible al litzateke halakorik gaur egun?

MEMORIAREN ARRASTOA

 

(ID_16333240) (Jon Urbe/@FOKU) 2026-08-03, Donostia. Lehen Arteleku kultur gunea zegoen kalearen ikuspegia 03-08-2026, San Sebast...
Lehen Arteleku kulturgunea zegoen kalearen ikuspegia. JON URBE / FOKU

 

Etxeak eraiki dituzte lehen Arteleku zegoen tokian. Auzo bat sortu dute, baina bestelakoa zen panorama duela berrogei urte. Santi Erasoren iritziz, kokalekuak garrantzi nabarmena izan zuen Artelekuren garapenean, begirada mundu osoan jarriz gero Donostia hiri txiki bat baita, eta Artelekuk hiri horren periferiako fabrika zahar bat habitatu baitzuen: «Periferian bizi izanak modua eman zion erosoa, irekia eta ez-normatiboa izateko, burokrazia oso gutxikoa. Modua eman zion arte instituzio batek bete beharko lukeen funtzioa betetzeko: lengoaia eta sorkuntza formen indarra zabaltzea». Hain zuzen, Asier Mendizabalen iritziz, Arteleku urrutiko lekua zen, eta, horregatik «inori» ez zitzaion «askorik inporta» zertan ibiltzen ziren han. Baina memoriak iraun egiten du, eta Txomiñeneko plaza batek, hain zuzen, Arteleku izena du egun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA