Marcos Giralt Torrente (Madril, 1968) aspaldidanik da gaztelaniazko literaturaren barruan idazle kanonikotzat hartuetako bat. Hasiera-hasieratik jaso zuen harrera ona ipuingile eta nobelagile gisa, baina bere ibilbide literarioaren mugarri nagusia Tiempo de vida (Anagrama, 2010) nobelarekin etorri zen. Lan horrekin eskuratu zituen bai heldutasun literarioa bai kritikarik sendoenak, niaren literaturan bete-betean kokatzen den testu autobiografiko baten bidez.
Izan ere, familia izan da beti Giralt Torrenteren benetako laborategi narratiboa. Familian gertatzen baitira, haren literaturan behin eta berriz erakusten denez, gizakiaren esperientziarik ederrenak zein beldurgarrienak. Harreman intimoak, lotura afektiboak eta haustura emozionalak ardatz hartuta, egileak zehaztasunez eta sakontasunez behatu, hausnartu eta kontatu ditu bere lanik adierazgarrienetan.
Azken eleberrian, Los ilusionistas (Anagrama, 2025), idazleak beste urrats bat egiten du bide horretan, eta bere amaren familiaren erretratu zorrotz eta ia autopsiko bat eskaintzen dio irakurleari. Harrera bikaina izan du lan honek, eta, kritikaren arabera, askorentzat haren nobelarik biribilena da: El Cultural aldizkariak eta El País egunkariak, urte amaierako zerrendetan, urteko liburu onenen artean bosgarren postuan sailkatu dute nobela. Gainera, azken lan horrek 2025eko liburu onenari ematen zaion Francisco Umbral saria jaso du.
Hondurasko liburu azokatik itzuli berritan, eleberri horren harira, BERRIA egunkariarekin hitz egin du idazleak, bere ibilbideaz, memoriaz eta familiak literaturan duen lekuaz gogoeta eginez.
Denbora luzez barruan landu duzun kontakizuna denez, nolakoa izan da idazketa prozesua? Nola joan da testua forma hartzen?
Nobela hau betidanik izan dut barruan. Nolabait esateko, idazle egin ninduen kontakizun bera da. Aspaldidanik nuen idazteko asmoa, baina, aitaren gaixotasuna eta ondorengo heriotza tartean gertatu zirenean, hari heltzea erabaki nuen, eta kontakizun hau atzeratuta geratu zen. Hala ere, gertakariekiko distantzia bitala ezinbestekoa zen testua inpartzialtasunez idatzi ahal izateko. Denboraren igarotzea behar-beharrezkoa izan da aitona ulertzeko, eta, aldi berean, gainerako pertsonaiei maitasunez eta patxadaz begiratzeko.
Zer da, zure ustez, ilusionista bat? Zer esanahi du kontzeptu horrek nobelan?
Ilusionista batek errealitate paraleloak asmatzen ditu, askotan babesleku gisa. Alabaina, sarritan irudikatutako errealitate horiek errealitatea bera baino latzagoak izaten dira. Horregatik, nobelan ageri diren lau ilusionistek errealitate bikoitz hori bizi dute etengabe.
Nobela idazten ari nintzela, maiz etorri zitzaizkidan burura Panero familia, baita Sanchez Ferlosio familia ere. Bi kasuetan, seme guztiek oso bizitza desordenatuak izan zituzten, aurrez espero ez ziren ibilbideak eginez. Nik ez dut desbideratze hori trantsizio historikoarekin lotzen; aitzitik, gizarteak artistari ematen dion posizio anbiguoarekin lotzen dut. Izan ere, artista, aldi berean, ahalguztidunen inguruan ibil daiteke, eta etxe barruan, berriz, miseria edo gabezia latzak pairatu. Aipatutako familia horietan, batetik, ezagutza-iturri elitistak zeuden —atzerrian gertatzen ari zenaren berri zuzena, esaterako beat belaunaldiaren inguruko ezagutza—, eta, bestetik, etxe barruan egoera pertsonal eta ekonomiko oso zailak zituzten. Niri iruditzen zait familia horietan zerbait berezia gertatu zela bidean, eta kontraesan horrek berak piztu zuen nire interesa. Horixe izan da, hain zuzen ere, nobelan hausnartu nahi izan dudana.
Aitona-amonen arteko eskutitzak txertatu dituzu, eta, gainera, azalean zure amaren argazki liluragarri bat ageri da. Zein artxibo lan mota egin duzu material horiek biltzeko eta egokitzeko?
Aitona, Gonzalo Torrente Ballester, bigarrenez ezkondu zenean, 1960ko hamarkadan, izeko Marisek bidalitako eskutitz sorta bat aurkitu zuen. Gutunek eduki sexual esplizitua zuten, eta aitak eskatu zion gordetzeko, emazte berriak ikus ez zitzan. Handik urte batzuetara, bigarren eskutitz sorta baten berri izan zuten; hori aitonak nire amari eman zion 1980ko hamarkadan. Hirugarren sorta, berriz, bigarren emaztearen eskuetan zegoen. 2004an bildu ziren hiru gutun sortak lehen aldiz. Idazleak erabili duen artxibo nagusia hiru eskutitz sorta horiek izan dira.
Amona Josefinaren egoera ez zen salbuespena garai hartako Galizian. Aitarik gabeko familia asko zeuden, izan arrantzaren ondorioz, izan emigrazioaren eraginez. Berezitasuna, ordea, familia banaketaren moduetan dago: aitak Madrilen idazle ibilbidea garatzen zuen bitartean, distantziatik eragin handia izaten jarraitzen zuen, bai esaten zuenaren bidez, bai ezarritako kontrolaren bitartez.
Nobelan, zure ama Xeherezaderen figurarekin lotzen da. Haren bidez azaltzen al da premia ia existentzial hori kontatzeko beharra?
Liburu hau ez litzateke existituko amak errealitatea kontatzeko premiarik izan ez balu. Guraso bakarreko familietan intimitatea bereziki intentsua izaten da, eta horrek intentsitate bital handia sortzen du eguneroko bizitzan. Amaren kontakizunen bidez ehuntzen dira familiaren arteko loturak, eta lotura horiek irudimenezko familia baten barruan gordetzen dira.
Oinordetza horren ondorioz naiz gaur naizen pertsona, eta horrexegatik sentitzen dut lur sendoa dudala oin azpian.
«Pertsonaiak konplexuak dira, sakontasuna dute, eta errealitatea, azken finean, poliedrikoa da. Nire begiradak, gainera, errukia ere badu. Eta hori guztia posible izan dadin, zintzotasun erradikal bat beharrezkoa da»
Zure ibilbidean zehar estiloa pixkanaka finduz joan dela sumatzen da. Nola deskribatuko zenuke bilakaera hori zure ikuspegitik?
Hastapenetan, nire estiloa korapilatsuagoa zen: sintaxia bihurritu egiten nuen, ahalik eta literarioena izan zedin. Tiempo de vida idatzi nuenetik, ordea, nire estiloa helduagoa bihurtu da. Liburu autobiografiko batean, ezinbestean, ahots literario bat ere aurkitu behar da; izan ere, ahots autobiografikoa bera ere eraikuntza bat besterik ez da.
Material autobiografikoa lantzerakoan, nola lortu duzu tonuaren eta distantziaren arteko oreka egokia, hurbilegi edo urrunegi ez geratzeko?
Ez nuen Tiempo de vida idatzi zauriak ixteko, bizitzak berak nola itxi zituen kontatzeko baizik. Kontakizunak ezin zuen tranparik izan: aita biluzten banuen, neure burua ere biluztu behar nuen ezinbestean. Antzeko prozesu bat dago azken nobelan ere. Pertsonaiak konplexuak dira, sakontasuna dute, eta errealitatea, azken finean, poliedrikoa da. Nire begiradak, gainera, errukia ere badu. Eta hori guztia posible izan dadin, zintzotasun erradikal bat beharrezkoa da.