Bere zakila mantendu edo humanitate osoa salbatu. Parranda gau batean komunera pixa egitera sartu, hormako zuloaren bidez ahots ezezagun batek proposatutako sexu jolas anonimoa onartu, eta, ohartzerako, dilema horri aurre egin beharrean topatuko du bere burua Borja izeneko pertsonaiak Glory Hole film laburrean. Izan ere, gizateria osoaren destinoa alda dezakeen pertsona hautatuaren zain dagoen sekta oso bat dago proposamena egin dion ahots jostari horren atzean, eta, ohartzerako, haren eskuetan geratu da protagonista. Hormaren beste aldekoek diotenez, Borja da hautatutako pertsona hori. Apokalipsia saihesteko sakrifizio bat eskatzen diote, eta, beraz, erabaki egin behar. Azkar, gainera. Umorea, horrorea eta satira uztartzen ditu Andoni Fernandez zinemagilearen 16 minutuko lanak. Euskal Herrian sortutako hamar filmekin abiatuko dute bihar Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoa, eta Borjaren izu aurpegia erakusten duen lana izango da haietako bat.
Euskal Herrian sortutako film sorta batekin hasi ohi da jaialdia urtero, eta aurtengoa ere ez da salbuespena izango. Bertako sortzaileen alde ez ezik, etorkizunaren alde egindako apustu bat ere bada erabaki hori, Amaia Domingo jaialdiaren zuzendariaren hitzetan. «Ibilbide luze baten lehen urratsa da hau». Bihar, Bilboko Campos Eliseos antzokian egingo dute irekiera ekitaldia lehenik, eta haren ostean proiektatuko dituzte hamar filmak. 22:30ean izango da hori. Euskarazko lau lan proiektatuko dituzte, tartean.
Ekaitz Bertizek zuzendutako Erraka zoko hortan da euskarazko lau lan horietako bat. Nafarroako Bortzirietan girotuta dago, eta kontrabandoaren historia eta mitologia uztartzen ditu filmak. Igor Garcia Piñas zuzendariak aitonak kontatutako benetako pasadizo bat izan du abiapuntu Zezena eta umea filma osatzeko, eta landa munduan girotutako errealismo magiko kontakizun moduko bat izan da emaitza. Ane Pikaza eta Aitor Borobia dira bi aktore nagusiak, eta euskara hutsean filmatu dute. Danel Garaik eta Laura Barkinek laku batean kokatu dute Azpian izeneko lau minutuko labur zaindua, eta Oihan Gastesi eta Ander Arrieta zuzendariek filmaren izen bereko meatzearen barrunbeetara eraman dute ikuslea Arditurri lanarekin.
Euskarazko lan horiez gainera, beste sei film labur ere proiektatuko dituzte biharkoan. Fernandezen Glory Hole da lan horietako bat. Eta beste bost lanek osatzen dute zerrenda: Daniel Gomez Mugikak zuzendutako El agujero lan psikologiko eta onirikoak, David Ontoriaren Aziza y el último hombre bueno fantasia film antifaxistak, Egoitz Diaz Ibargoitiaren Última salida zonbi filmak, Aitor Molinaren Hariaren amaieran lan mutu sinbolikoak eta Bea Lemaren izen bereko komikian oinarritutako eta Euskal Herriko Uniko estudioak sortutako El cuerpo de Cristo lan ederrak, hain zuzen.
Laburrak, handian
«Gora Fant eta gora euskal zinema!». Jaialdiaren bezperan, prentsaren aurrean izan dira lan horietako batzuen sortzaileak, eta poza adierazi dute guztiek, Fanti esker, euren lana pantaila handian erakutsi ahal izateko aukera izango dutelako. Eta Igor Garcia Piñas zinemagileak egindako aldarrikapenak laburbildu dezake talde osoak aipatutako esker on sentsazio konpartitu hori.
Fantek bertako sorkuntza sustatzeko egiten duen ahalegina nabarmendu du Aitor Molina zuzendariak, esaterako. Kontatu duenez, Hariaren amaiera lana aurkezteko mundu osoko hamaika jaialdi aztertu baititu, eta, bilaketa horretan ikusi ahal izan duenez, «oso gutxik» bakarrik gordetzen diote leku bat lekuan lekuko sorkuntzari.
«Plataformak dena hartzen eta monopolizatzen ari dira, eta film luzeek ere zail izaten dute pantaila handira heltzea. Horregatik, sekulakoa da film laburrak areto handian ikusteko aukera eskaintzen digun babesleku bat badaukagula jakitea»
DAVID ONTORIA Zinema zuzendaria
David Ontoriak, esaterako, 2021ean hartu zuen parte lehenengoz Fanten. Ahí fuera izeneko filma aurkeztu zuen orduan, eta Aziza y el último hombre bueno lanarekin izango da jaialdian aurten. Oraindik ere koronabirusak eragindako osasun krisiari aurre egiteko neurriak indarrean ziren lehen aldiz bertan izan zenean, eta, horregatik, pozik azaldu da aurtengoan ere bertan egon ahalko delako. «Niretzat ohorea da Fanten egotea, eta, gainera, garai honetan, hil ala bizikoa iruditzen zait genero fantastikoari merezi duen garrantzia aitortzea ere».
Pantaila handian proiektatzearen garrantzia ere azpimarratu du Ontoriak. «Plataformak dena hartzen eta monopolizatzen ari dira, eta film luzeek ere zail izaten dute pantaila handira heltzea. Horregatik, sekulakoa da film laburrak areto handian ikusteko aukera eskaintzen digun babesleku bat badaukagula jakitea».
«Oso sari garrantzitsua da, eta nire hirian emango didate»
Aranzazu Calleja konpositoreak jasoko du Fant jaialdiaren ohorezko saria, eta sortzailea pozarren azaldu da aitortza horregatik. «Ikaragarrizko ohorea da». Aurrez ere, haren soinu bandak izan dituzten hamaika film proiektatu ditu festibalak, eta, dioenez, horrek are bereziago egiten du saria. «Oso sari garrantzitsua da, eta nire hirian emango didate, gainera».
Irribarre txikiarekin, Harrison Ford aktorea ere hartu du gogoan. Cannesko jaialdian Ohorezko Urrezko Maskorra jaso zuen aktore estatubatuarrak 2023an, artean 80 urte zituela, eta hark orduan emandako esker mezuaren ispiluan osatu du berea orain. «Bere ibilbidearen gainbeheran zegoenik ez pentsatzeko esan zien Fordek, oraindik ere erdialdean zihoalako. Eta nik ere horixe bera espero dut, baina benetan».