Kritika. Literatura

Fantasiarekin espekulatzen

Espekulazioak Arrate Egaña
2025eko azaroaren 30a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

'espekulazioak'

Egilea: Arrate Egaña. Argitaletxea: Erein.

Arrate Egañaren hirugarren ipuin liburua da Erein argitaletxean argitaratu den Espekulazioak obra. 2012an egin zuen saltoa helduen literatura bezala etiketatzen den zirkuitura, Paradisua ipuin liburuarekin. Hamar urte geroago argitaratu zuen bere bigarrena, Itzalen distira obra; askoz ere gutxiago itxaron behar izan dugu narratibako haren hirugarren proposamena irakurri ahal izateko. Egañak bere-berea duen estiloa da nagusi oraingoan ere, lengoaiari dagokionez. Zorrotza da, zuzena, eta idazleak gehiegizko bueltarik eman barik idazten dakiela erakutsi du beste behin. Egunerokoan gotortzen dira liburua osatzen duten zazpi ipuinak, giza harremanetan, baina, batez ere, pertsonaia bakoitzak bere familiekin, ingurukoekin eta lanarekin duen interakzioan. Hari tematiko horrek narrazio guztiak lot ditzakeen arren, teknika narratibo aldetik askotariko konposizioak eta fokalizazioak aurkituko ditugu: tabernako barraren atzetik protagonistak ikusten duen guztiaren erreportajea egiten digu Hiperakusia kontakizunak; planoak biderkatzen dira Urangistak testuan; edo etenik gabeko hirugarren pertsonako narratzaileak paranoia bat antzeratzen digu Korrikalaria-n. 

Egañaren unibertso literarioa ezagutzen duen irakurlearentzat ezaguna izango da aipatzen ari naizen deskribapen errenkada; alderdi horiek konstanteak dira idazlearen ipuingintzan. Hala ere, oraingoan, aurrekoetan aurkitu ez dudan ñabardura batez jantzi ditu istorioak: fantasia kutsuz. Hegoamerikar tradizioko errealismo magikoa gogorarazi didate hainbatek; ez nituzke, dena den, ipuinok estetika horretan sailkatuko, nahiz eta kutsu fantasioso hori ezin ukatuzko alderdia den. Ezin ukatuzkoa eta estimatzekoa, halaber, horren bitartez aurreko bildumetan aurkitu ez dudan bizitasuna eta tentsioa transmititu didatelako oraingoek. Argitalpen honetako ipuin guztiak ez dira, berez, fantastikoak, nahiz eta guztiek daukaten euren misterioa, eta hain zuzen ere, fantasiarekin horrenbeste jolasten ez direnak iruditu zaizkit apalenak, gatzik gabekoak. Fantasiak, ostera, estrategia narratologiko aberatsagoz jantzi ditu hala ezaugarritu diren ipuinak: horietan tentsioa gehiago zaindu da, irudiek bestelako esanahi bat hartu dute, eta espazio txikiagoan, askoz ere ñabardura gehiago iradoki dizkidate. Egañaren estiloak ipuin fantastikoenak iruditu zaizkidan horietan jotzen du goia, duda barik. Talde horretakoak dira Energia subrogatua eta Korrikalaria.

Espekulatu kontzeptua asko erabiltzen da gaur egun, batik bat, hipotesiak egitearekin lotuta, alegia, ondasunak erosi eta haietatik irabaziak lortzeko asmoarekin lotuta. Hitzaren etimologiari erreparatuz, ostera, bestelako esanahi batekin ere egingo dugu topo: ispiluen gardentasunarekin du zerikusia bigarren adierak, simetrikotasunarekin, ispiluak bueltatzen digun irudiarekin. Eta, esango nuke, kasu honetan, hitzaren etimologiak gehiago esaten duela ipuin liburuaren izaeraz, zabalduta dagoen erabilerak baino: fantasiak pertsonaiei (eta irakurleei) diren horren benetako isla itzultzen die, errealitatearen distira, nahiz eta isla hori ganbila izan batzuetan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.