Zinema. Estreinaldiak

Fantek gaizkiaren inguruko klasikoak berreskuratuko ditu

Kim Ji-woonen 'I saw the Devil' eta Quentin Dupieuxen 'Rubber' lehiatuko dira, besteak beste, Bilboko jaialdian

I saw the devil filma Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen. BERRIA.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Krisiak jarritako trabei gaina hartu, eta «egitarau mamitsua» osatzeko ahalegina egin dute Fant jaialdiaren antolatzaileek. Sail ofiziala indartzen saiatu dira, halaber. Eta film luzeen atalean, nazioartean sona lortutako sei pelikula lehiatuko dira, maiatzaren 2tik 8ra. Honako hauek: Kim Ji-woon korearraren I Saw the Devil «polemikoa»; Thirst, Park Chan-wook korearrak banpiroezeginiko lana; Zhang Yimou txinatarrak Coen anaien Blood Simple filmaz eginiko remake-a, A Woman, a Gun and a Noodle Shop; Quentin Dupieux frantziarraren Rubber, Cannesen estreinatu ondoren «mundu erdia liluratu duen» filma; Griff the Invisible, Leon Ford australiarrak ondutako komedia poetikoa; eta Anno Saul alemaniarraren Die Tur izenburuko thriller-a.

Film laburren atalean, berriz, hamabost obra izango dira lehian. Haien artean, The Cow Who Wanted To Be a Hamburger dago, Bill Plympton estatubatuarrarena, baita La gran carrera ere, Kote Camacho gipuzkoarrarena. Golem aretoetan izango dira emanaldi guztiak, eta Juan Zapater, Luis Rosales eta Maria Eugenia Salaberri zinema kritikariek osatuko dute epaimahaia.

Antolatzaileek esan dutenez, sail ofizialeko zein gainerako zikloetako film gehientsuenek gaizkia izango dute ardatz nagusi. Bereziki Gaizkiaren irudipenak izeneko zikloan emango dituzten lanek. Kim Yi-young kultuzko zuzendariaren 1960ko The Housemaid filmaz Martin Scorsesek eginiko bertsioa eta William Friedkinen The Exorcist erakutsiko dituzte, besteak beste. Hain zuzen, sail ofizialetik kanpoko ziklo horietan zinema fantastikoaren jarraitzaileek harribitxi gisa aintzat harturiko lanak eskaini nahi dituzte Fanten antolatzaileek. Hala, Maisu handiak goiburu duen atalean, George Andrew Romero eta Tod Browningen film esanguratsuak ikusi ahal izango dira. Romeroren Survival of the Dead eta Browningen The Devil Doll eta The Unknown klasikoak.

23 finalista Nontzefilmetan

Halaber, Jacinto Molina Alvarez Paul Naschy (Madril, 1934-2009)omenduko dute, Zinemaren pozoia tituludun ekitaldian. Paul Naschy: El hombre que vio llorar a Frankenstein emango dute, Angel Agudorena, zuzendari espainiarraren lanik onenekin batera.

Horrez gain, Nontzefilmak lehiaketako lan irabazleen berri emango du maiatzaren 7an. Ines Intxausti, Kepa Sojo eta Aitor eta Izibene Oñederra izan dira epaile, eta 23 finalista aukeratu dituzte zinema zein animazioa sailetan. Finalisten artean daude, besteak beste, Kroma Koman,Logelarena,eta Larrua, Julen Ardanazena, zinemaren sailean; eta Txantxiku, Niko Vazquezena, eta Literalmente, Nestor Fernandezena, animazioan.

Donostiako Zinema Fantastikoaren Astean garaile izandako filmarekin itxiko dute Fant, maiatzaren 8an, Black Death Christopher Smithen filmaren emanaldiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.