DJ HARRISON
'Electrosoul'
Diskoetxea:ÂStones Throw Records.
Otsailaren hondarretan baino ez gaude, eta ziur naiz aurten disko gutxik eragingo didatela Electrosoul honek sortutako sorpresa eta miresmena, DJ Harrison (Devonne Harris) hip-hopeko musikari eta ekoizlea izanagatik ere, lana hiriko soinuetatik harago mugitzen baita. Honaino iristeko, baina, Richmond hirian jaiotako musikariak ibilbide luzea osatu du, Electrosoul iraupen luzeko bere 11. grabazioa baita.
Obra berri hau, hain zuzen, sendagai batek eragindako erreakzioaren ondorengoa da: ospitalean luze izan ondotik sortu zuen soul elektrikoan eta bestelako soinu beltzetan bustitako lan erakargarri bezain iradokitzailea. Horretarako, gertuko musikari eta lagunen parte hartzea sustatu zuen, haren izenaz sinatuta datorren lana bada ere komunitate txiki baten arnasa haizatzen baitu —aurreko lanak bakarka jaso zituen—. Eta, alde horretatik, emaitza ikaragarria da, besteak beste, hainbat abeslariren ahotsak entzun baitaitezke: Yaya Bey, Yazmin Lacey, Angelica Garcia… Horrekin batera, haren talde Butcher Brown-eko musikarien ekarpena ere aipagarria da. «Komunitate zentzu handiagoa izate hutsa… inoiz baino gehiago behar nuen sendatzen laguntzeko», esan du.
Horiek horrela, eta aipatutako kantarietatik hasteko, Yazmin Laceyk eta Yaya Beyk soul kutsuko bi kantutan parte hartzen dute, It's All Love eztian eta Stay Ready izugarrian, hurrenez hurren. Angelica Garciak, ordea, perkusioak bultzatutako Turn Away doinuan parte hartzen du. Grabazioko kanturik basatiena da, oihanekoa dirudi, nahiz eta minutu eta erdi pasatxo dirauen. Diskoan hamazortzi kantu biltzen dira, eta gehienak nahikoa laburrak dira.
Bozen presentzia horien aurrean, oreka ezartzera datoz Harrisonek diskoan zehar sakabanatu nahiz txertatu dituen pasarte instrumentalak, eta horietako gehienek interludio itxura hartzen dute. Pieza horiek giro dentsoagoetan murgiltzen dira, jazzean eta hip-hopean blaituta baitatoz: diskoa zabaltzen duen Fresh Squeezed Drums, jazz kutsuko pianoak egituratzen duen Sepia Visions, Curtis Joint funkzalea, Ballade de Vixen barea, eta drum and bass erritmoak agertzen dituen The Floyd.
Diskoko lehen kantu luzea ere aipagarria da, OG Players, entzuleari ate anbiguo bat erakusten baitio: espazioko izarretatik lurreratutako Funkadelic bandaren itzala islatzen du, eta Lenny Kravitzen disko batean ere izan zitekeen, gitarra riffek hartzen duten protagonismoa tarteko. Halere, entzulea kantuan bertan ohartuko da ez dela rock hezurdura klasiko baten inguruan ardazten den doinu gihartsu bat; izan ere, disko osoa ezustez eta kolorez josita dago, musikariak bizitzeko pasioa bildu eta zabaldu nahiko balu bezala. Haren diskoetxeak dioenez, «orain arteko haren albumen artean handinahiena eta sendagarriena da».
Finean, musika beltzetik sortutako lan bat, iraganera eta etorkizunera proiektatzen dena. Baina, era berean, gaixotu ondoren suspertu den eta komunitateari lotu zaion musikari baten adierazpena ere bada: «Arriskatu izana, zaurgarritasun hori, tonuan eta ahotsean antzematen da», dio. «[Diskoa] Entzutean eta sentitzean berezko zerbait bihurtzen den ezaugarria da hori».