Fermin Leizaola (Donostia, 1943) etnografo eta espeleologoa hil da, 82 urte zituela. Ofizioz analista kimikoa bazen ere, afizioz espeleologiari eta etnografiari lotuta eman zuen bere bizitzaren zatirik handiena. Aranzadi zientzia elkarteko kidea izan zen —iaz arte Etnografia Saileko zuzendaria izan zen—, bai eta Eusko Ikaskuntzakoa ere. Etniker taldeko idazkaria ere izan zen. 2018an Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jaso zuen etnografiaren alorrean egindako «lan paregabearen» aitortza gisa.
Donostian jaio zen; lau anai-arrebetatik bakarra izan zen bertan jaiotzen. Izan ere, 36ko gerran gurasoak Angelun (Lapurdi) erbesteratu ziren, baina aitak Donostiara itzultzea erabaki zuen, eta bertan jaio zen, aitona-amonen etxean. Gerraostean, haurra zela, errazionamenduaren garaiak bizi behar izan zituen. 2024ko martxoan Kristina Berasain BERRIAko kazetariak elkarrizketa egin zion Leizaolari, eta zera esan zuen garai horren inguruan: «Horrek betirako markatzen zaitu».
16 urte besterik ez zuela izan zuen lehen kontaktua espeleologiaren munduarekin. Mineralogiaren zalea zen, eta, zehazki, 1958ko azaroan Aranzadik San Telmon zuen egoitzara joan zen, bertako Espeleologia Sailean sartzeko asmoz; baina, horrelako sailik ez zegoenez, Historiaurrea taldean eman zuen izena. Orduan ezagutu zituen, besteak beste, Jose Miguel Barandiaran, Perico Espada, Tomas Atauri, Jesus Elosegi... Talde hartan izena eman eta bi urtera, 1960an, Euskal Herrian egin zen lehen indusketan parte hartzeko aukera izan zuen: Aizpitarteko kobazuloetan (Errenteria, Gipuzkoa).
Maisu handiengandik ikasia
Barandiaran bera eta Julio Caro Baroja «maisu» izan ziren Leizaolarentzat. Lehenarekin Euskal Folklore aldizkarian idazkari zenean egin zuen lan estreinakoz, eta, geroztik, urte askoan aritu ziren elkarrekin lanean. «Gizon polifazetikoa» zen Baroja Leizaolarentzat. Harengandik, besteak beste, metodologia ikasi zuen. «Barojarengandik zera ikasi nuen, lurra zapaldu behar dela. Beti esaten zuen historia eta etnografia hankekin egiten direla», oroitu zuen elkarrizketan.
Historiaurrea taldean hasi eta gutxira, Espeleologia Saila berpizteko lanetan hasi zen Leizaola. Horretarako, Gipuzkoako mendi elkarteetako presidenteekin jarri zen harremanetan. San Telmoko Aranzadiko egoitzan egin zuen lehen deialdia, eta 45 pertsona agertu ziren hara. Horietako hamahirurekin osatu zuen Espeleologia Sail berria. Kobazuloak katalogatzen hasi zen taldea: bertako tenperatura neurtu, intsektuak aztertu... Jesus Elosegi Irazustak hasitako Gipuzkoako katalogo espeleologikoa osatzea zen haien asmoa. Sei bat urte ibili ziren horretan, ia gelditu gabe. Leizaola: «Eguberrietan eta aitaren urtebetetze egunean baino ez nintzen geratzen».
Baina espeleologiaren gainetik beste zaletasun bat gailendu zitzaion: artzaintzarena. Kobazuloetara joateko baserrien albotik igaro behar izaten zuen sarritan, edo kobazulo horien inguruko informazio eske jo behar izaten zuen baserritarrengana. Mundu horrekin «liluratuta» geratu zela aitortu zion BERRIAri: «Ni kalekume bat nintzen, eta bizimodu horren aurkikuntzak sekulako zirrara eragin zidan». Hori dela eta, kobazuloak alde batera utzi, eta etnografiaren arloari ekin zion. Zientzia hori bizimoduak aztertzeaz arduratzen da, eta bera artzaintzaren mundua aztertzen hasi zen. 1970eko hamarkadaz geroztik aritu zen horretan.
«Trasteen» garrantzia
Urteen poderioz artzaintzarekin lotutako objektuak biltzen eta katalogatzen joan zen Leizaola, Euskal Herriko bizimodu tradizionalaren lekukotzak dokumentatzeko asmoz. Orduak eta orduak pasatzen zituen mendian, bordetara eta baserrietara joanez: «[Artzainei] Esaten nien ezin zituztela tresna horiek erre edo zakarrontzira bota. Bi kaiku bazituzten, bat ematen zidaten». Horrelaxe osatu zuen bere bilduma.
Piezez gain, argazkiak eta liburuak ere biltzen zituen. Den-denak Donostiako bere etxean gordetzen zituen, baina, kopurua handituz zihoala ikusita, Urdiainen (Nafarroa) zuen etxean ere gorde behar izan zituen.
1989an, Aranzadik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Zaharkinak proiektua jarri zuten martxan, eta bertako koordinatzailea izan zen etnografoa. Zaharkinak-en helburua herritarrek euren etxe eta baserrietan zituzten objektuak aldi baterako uztea zen, horiekin erakusketa bat egiteko. Gipuzkoako hamazazpi udalerritan gauzatu zuten egitasmoa, eta 2004ra arte iraun zuen. 74.000 pertsona pasatu ziren orotara antolatutako erakusketetatik. «Nire poz handiena zera da, ikustea lehen ganbaran edo ukuiluan abandonatua zuten trastea orain etxe atarian zintzilik dutela. Tresna horietan dago gure izatea».
Iaz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailua zentroari 4.500 bat objekturen dohaintza egin zion. Aldundiak eraman aurretik, ordea, Aranzadiren egoitzan landu behar ziren: garbitu, etiketatu, argazkia atera, fitxatu... Leizaolak Aranzadiko Espeleologia Saileko kargua utzi zuenetik, Suberri Matelo eta Maite Errarte —egungo zuzendaria— ari dira lan hori egiten. Leizaolak, bada, badu bere lana egiten jarraituko duenik. Norbaitek bere ondarea zainduko zuela jakiteak «lasaitasun handia» ematen ziola aitortu zuen. 2019an, Donostiako Bidebieta auzoan etnografia laborategia sortu zuen Aranzadik, eta bertan egiten dituzte lan horiek.

Objektuak katalogatzeaz gain, hainbat ikerlan kaleratu zituen etnografoak; horietako asko aldizkarietan. Gainera, egindako ikerketa horien emaitzak ikertzaile gazteek jaso zitzaten konpromiso irmoa zuen, eta hainbat prestakuntza saio eman izan zizkien. 60 urtetik gorako ibilbidean egindako lana ez zen makala izan, eta hainbatetan aitortu zioten. Esaterako, 2009an Ondare saria eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak, ondarea ikertzeko eta zabaltzeko egindako lanagatik. 2018an, Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria eman zion, «etnografian eta hortik harago ere egindako ekarpenari» balioa emateko.