Zinema. Estreinaldiak

Festa aireportuan

Borja Kobeaga bilbotarrak berriro ere komediara jo du bere bigarren film luzean: 'No controles'

Borja Kobeagaren No controles filmeko irudi bat. Z / BERRIA.
Gontzal Agote.
2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Espainian oso harrera ona izan zuen Borja Kobeagaren lehen film luzeak, Pagafantas-ek. Beharbada horregatik bilbotarrak estiloa ez aldatzea erabaki du. No controles-ek lehenengoaren ildoa segitzen du, komedia arin eta korala, ezaugarri bereziak pertsonaiak eta umorea ulertzeko molde propioa dituena.

Pelikulan kontatzen den istorioa orain dela egun batzuk gertatu zen, bukatu berri den urtearen amaieran, 2010eko Urtezaharrean hain zuzen. Kobeagak errealitatean gertatuko zena aurreikusi zuela ematen du, Sergio protagonistak ezin izanen baitu hegaldirik hartu, eta aireportuan harrapatuta geldituko da. Baina Sergioren baitan bestelako kontu inportanteago bat dago, nola irabazi bere neska-lagun ohiaren arreta. Eta lehenbailehen lortu behar du, laster batean Alemaniara lanera joan behar duelako.

Egoera horretan, hainbat bidaiari bitxi ezagutuko ditu, eta horiekin urtea agurtzeko festa bat egitea bururatuko zaio. Talde bitxi hori da pelikularen arima, bereziki Kobeagak sortu duen pertsonaia freak bat, Juan Carlitros xelebrea.

Pelikula honetan komedia giroan ikusiko dugu berriro Unax Ugalde. 2010ean halaxe egin zuen Bon Appètit-en, eta dirudienez gasteiztarra gustura sentitzen da genero horretan. Ugaldez gain, bi euskal aktore ezagunek hartu dute parte No controles-en: Marivi Bilbao eta Ramon Barea.

Biek ongi dakite zer den Kobeagaren aginduetara lan egitea. 2005ean Eramos pocos film labur arrakastatsuan hartu zuten parte. Film labur hori Oscar sarietarako hautagai izendatu zuten, eta zuzendariari bere lehen film luzea egiteko behar zuen bultzada eman zion. Horrez gain, Borja Kobeaga urtetan Euskal Telebistako Vaya semanita saio ezagunaren zuzendaria izan da.

'NO CONTROLES'

Zuzendaria: Borja Kobeaga. Aktoreak: Unax Ugalde, Julian Lopez, Alexandra Jimenez, Secun de la Rosa, Mariam Hernandez, Marivi Bilbao, Ramon Barea.

Herrialdea: Espainia.

Iraupena: 100 minutu.

Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.