Kritika-Antzerkia

Fikzioa gainditzen du

Nerea Mazo eta Miren Gaztañaga, 'Kandida' antzezlanaren entsegu batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Nerea Mazo eta Miren Gaztañaga, 'Kandida' antzezlanaren entsegu batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Agus Perez.
2026ko otsailaren 5a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

'KANDIDA'

Testua eta zuzendaritza: Patxo Telleria. Zuzendari laguntzailea: Anje Oregi. Eszenografia eta jantziak: Ikerne Jimenez, Igone Teso. Musika: Adrian Garcia de los Ojos. Bideoak: Jone Novo. Argiak: David Rodriguez Medina. Antzezleak: Miren Gaztañaga. Mikel Martinez, Nerea Mazo. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 3.

 

Bilboko Arriaga antzokia beteta zegoela estreinatu da astearte batean Kandida antzezlana, Patxo Telleriaren testu batekin eta haren zuzendaritzapean.

Askotan esaten denez, errealitateak fikzioa gainditzen du, eta printzipio hori hartu du abiapuntutzat egileak. Ez dut hemen aurrerapen kaltegarririk egingo esaten badizuet Klara protagonistak (Nerea Mazo) bere lehen eleberria idatzi duela emakume etxegabetu bati etxean babesa ematearen kontura. Arrakasta izaten ari da liburuarekin, baina gauzak asko korapilatuko zaizkio kalean benetan bizi den emakume batek (Miren Gaztañaga) Klararen etxean geratzea eskatzen dionean.

Biek elkar nola ezagutu duten eta gau hartatik aurrera istorioak nola eboluzionatuko duen jakin nahi izan ezkero, antzezlana ikusi behar, baina gutxienez aurreratu diezazuket Telleriak etekin polita atera diola jatorrizko egoerari, etengabeko paralelismoak ezarriz Klarak bizi duen errealitatearen eta eleberriko fikzioaren artean, eta ekuazioan beste aldagai batzuk tartekatuz, hala nola Klararen egoera pertsonal zaila edota editorearen rola (Mikel Martinez), liburuaren jarraipen baten bila tematuta dabilena.

Testuak nolabaiteko intriga puntua, noizbehinkako umore tanta txikiak eta kutsu sozialeko gaiak –etxegabetzeen kontua ezinbestean– azaleratzen ditu, eta pertsonaien parte-hartzea hainbat eratan gauzatu da: egilearen mikrofono bidezko adierazpenak liburuaren aurkezpen saioan, kalean bizi izandakoak sare sozialetara igotzen dituen bideoen proiekzioak, eleberriko pasarte batzuen irakurraldiak eta, jakina, berezko antzezpen naturalak.

Emanaldian zehar gaztelaniaz hitz egin du askotan Miren Gaztañagaren pertsonaiak, batez ere sare sozialetan agertzen zenean, eta bizkaierazko ukitu batzuekin euskaraz egin duenean. Bestetik, ez da falta izan egilearen hain gustukoak diren hizkuntzaren inguruko txantxa txikiren bat, betiere fineziaz egina.

Eszenografiari dagokionez, haren diseinua dramaturgiaren laguntzaile izan da. Berez, oso gauza gutxi egon da taula gainean, mahai zuri bat eta kolore bereko banketa bi baino ez, baina atzeko panel bikoitz handiak rol nabarmena jokatu du protagonistaren bideo proiekzioekin eta Klararen etxearen itxura marrazki osagarriekin irudikatuz. Gainera, protagonistak idazte-prozesuan botatako paper-bolak txikiak izan dira hasiera batean eta erraldoiak gero, haren barne egoera itogarriaren metafora bisual eran.

Beste pieza bat, hortaz, Patxo Telleriaren ibilbidean, seguruenik testu bezala ere irakurtzea mereziko lukeena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.