Hilberria. John Barry

Filmen jazz zipriztintzailea

Juan Luis Zabala
2011ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Zinemarako sortutako musikaren arloan, inor gutxik utzi du John Barryk adinako arrastorik. Bost aldiz jaso zuen Oscar saria, eta behin Urrezko Globoa. Horretaz gain, antzeko saririk eman ez bazioten ere, haren lana mundu osoan ezagutarazi dute James Bond agentearen abenturak kontatzen dituzten filmek. Herenegun hil zen John Barry, bihotzekoak jota, New Yorken, 77 urte zituela.

Born Free filmerako egindako lanak bi Oscar sari eman zizkon John Barryri, 1967an: soinu banda onenarena eta kantu onenarena. Gero, beste hiru bider irabazi zuen soinu banda onenaren Oscar saria: The Lion in Winter, Out of Africa eta Dances With Wolves filmetako soinu bandengatik, 1969, 1986 eta 1991n, hurrenez hurren. Out of Africa-rako egindako lanak Urrezko Globoa irabazteko ere balio izan zion. Bafta saria ere eman zioten, 2005ean, musikagile gisa egindako ibilbide osoari egindako aitorpen gisa.

Beste film ezagun askotarako musika ere sortu zuen Barryk: Midnight Cowboy (1969), The Cotton Club (1984), Peggy Sue Got Married (1986), Chaplin (1992), Indecent Proposal (1993), The Scarlet Lettre (1997)… Bestalde, James Bonden filmetako musika bezala (Dr. No, Goldfinger, You Only Life Twice…), oso ezaguna da John Barryk The Persuaders telesailerako sortutakoa ere.

Bill Ruso jazz musikagilea izan zuen aurreneko irakasleetako bat, eta hasieratik jaso zuen jazzaren eragin nabarmena. Haize tresnen eta soka tresnen konbinazioan oinarritutako musika molde pertsonala jorratu zuen. Musikaren bidez, ekintza biziko eta sentsualitate handiko eszenak indartu ohi zituen filmetan. Gazterik sortu zuen bere musika taldea, The John Barry Seven, filmetarako eta telesailetarako lan egiten hasi aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.