Filmetako eszenak margolan bihurtu ditu Ana Riañok

'Errealitateak eta fikzioak' erakusketa lana bihartik aurrera egongo da ikusgai Bilbaoarten

Ana Riañoren erakusketa bihartik aurrera dago ikusgai Bilbaoarten. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Ana Riaño artista bilbotarraren Errealitateak eta fikzioak erakusketa egongo da ikusgai bihartik aurrera Bilbaoarten. Hemezortzi lanek osatzen dute, eta hilaren 22 arte iraungo du. Riañok kultura baina «bereziki» zinema atsegin duela adierazi du. Horregatik, ez da harritzekoa, Alfred Hitchcocken pelikuletako eszenak bere margolanetan aurkitzea. Notorious pelikulako musua eta North by Northwest-eko hegazkina ikus daitezke, besteak beste. «Nik gogoko dut zinema, irudi gehienak Hitchcocken lanetan oinarrituta daude. Filmak ikustean interesgarriak iruditzen zitzaizkidan eszenak hautatzen ditut gero lantzeko», azaldu du artistak.

Margolanen iturria zinema bada ere, bertako pertsonaiak errealak direla nabarmendu du. Fikzioaren eta errealitatearen arteko nahasketa horretatik datorkio izena erakusketari. Bere inguruko lagun eta senitartekoak bihurtu ditu margolanetan azaltzen diren elementuetako protagonista. «Mahaiaren inguruan botilekin azaltzen den irudiko bikotea, mutil-laguna eta ni gara», dio Riañok.

Hilabeteetako lana izan du bilbotarrak. Aurrena filmetako eszenak aukeratzen zituen. Ondoren iristen zen ingurukoen txanda. Riañok protagonistari antzeztu beharreko egoeraren berri ematen zion. «Kotxe batean agertzen den emakumeari esan nion enpresako dirua lapurtzen zuen langilearen larruan jarri behar zuela. Ez hori bakarrik, dirua ebatsi eta gero nagusiarekin topo egiten duen uneko beldur aurpegia antzeman behar zitzaiola». Egoera hori antzezteko bi eguneko lana izan zuten. Hala ere, pertsona batzuk beste batzuk baino aktore hobeak direla badaki. «Zenbaitek pausatzeko erraztasun handia dute. Beste askok, ordea, ez».

Errealitateak eta fikzioak zinemari gorazarre egiteko erakusketa da. Horretarako, margoek zinema pantailaren tamaina dute. Hala ere, badago txikiagoa denik ere. «Lan gehienak 16:9 formatuan eginak daude, baina, neurri horretatik kanpo gelditu zait bat edo beste», dio Riañok. Koloreari begiratuz gero, zuria eta beltza dira nagusi bilbotarraren margoetan. Hitchcocken garaia egoki azaltzeko bi koloreok ezinbestekotzat jo ditu artistak. Salbuespen gisa, urdin kolorea ageri da lan batean. «Nik zuria eta beltza gogokoago ditut. Gainera, aro horren isla dira».

Riañori Bilbaoartek iaz landutako proiektua erakusteko aukera eman dio, eta egindako lanarekin pozik da. «Margotzen hastean ez dakizu bukaerako emaitza nolakoa izango den. Margolan asko landu ondoren egokienak zeintzuk diren erabakitzen duzu». Bilbotarraren kasuan Bilboarten ikusgai dituenak dira artistaren irudi kutunenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.