Filosofiaren eta poesiaren arteko zubiak aztergai Jakinen lan berrian

Igerabideren poema luze bat eta hainbat egileren testuak biltzen ditu liburuak, Joxe Azurmendik atondurik

J. Azurmendik, J. R. Makusok, M. Etxanizek eta F. Juaristik parte hartu dute lanean, besteak beste. GORKA RUBIO / ARP.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Filosofiaren eta poesiaren arteko muga sarri lausoa edo irristakorra izan daiteke, sarri gurutzatu edo laztandu egiten dira, baina bada alde nabari bat bien artean, Felipe Juaristi idazlearen hitzetan. Filosofiak «mundua interpretatzen du», edo interpretatu nahi du, eta poesiak mundua «esan» egiten du. Hala ere, poesiak badu «plus bat» filosofiaren aldean, idazleak dioenez: «Poesia filosofiarekin lehiatu baldin badaiteke, da edertasunaren gehigarriarengatik. Filosofiak ez du zertan ederra izan; filosofiak izan behar du argia, eta adierazi behar du adierazi behar duena hitz gutxirekin. Poesiak hitz ederrak behar ditu, baina esanahi bat dutenak era berean».

Juaristi da Jakin argitaletxeak Irakurgaiak sailean plazaratu duen Filosofia eta poesia lan dibulgatiboan parte hartu duten egileetako bat. Parmenidesi poema izeneko testua argitaratu du liburuan Juaristik, 2010eko irailaren 27tik urriaren 5era Donostian eta Bartzelonan egindako Ontologiako IX. Kongresu Internazionalean jorraturiko gai nagusia abiapuntutzat harturik. Euskal Herriko Unibertsitateak eta Universitat Autonoma de Barcelonak antolatu zuten kongresua, gai nagusitzat Filosofia eta hezkuntza integral baten eskakizun demokratikoa harturik. Izenburu orokor horren azpian sailetako bati Parmenides: pentsatze filosofiko eta pentsatze poetikoaren erroa deitu zioten, eta haren barruan gauzatu zen euskarazko atala, Parmeniada izenburuarekin.

Juan Ramon Makuso poeta eta filosofoa izan zen euskarazko atal horren arduraduna, eta harenPoesia eta arrazonamendua: bi urertz testua irakur liteke liburuan. Makusok testuan dioenez, poesiak eta pentsamenduak patu bat dute: «Biak ezin dira banandu, biak baitira gizakiak duen ariketa nobleena: sortzearena. Sortu, itzaletik ezberdintzeko. Sortu, haitzuloan eraikitzeko berez gizakiak ez duena».

Juan Kruz Igerabide idazle eta poetak Parmeniada poema luzea argitaratu du liburuan, kongresuan haren zati bat baino irakurri ez zuelarik. Honela hasten da poema hori: «Nire gogoak ez narama hankek baino urrunago/ ez dut behorrik ez zaldirik ez mandorik/ ez bide ospetsurik ez ohorerik ez jakintza gorenik / ez neskatxa leunik bide-erakusle...».

Platon eta Homeroren talka

Liburua Joxe Azurmendi poeta eta filosofoak apailatu du, Jakin-Irakurgaiak saileko beste hainbatetan egin duen modura. Eta liburuan bere bi testu sartu ditu. Filosofiaren eta poesiaren arteko lotura aztertzeko, Platon eta Homeroren artekoa eta Heidegger eta Holderlinen artekoa aztertu ditu Azurmendik. Haren ustetan, Heideggerrek, «arrazoimen modernoaren krisian, poetarengan bilatzen du laguna edo itsumutila etorkizun iluneranzko bidean. Daseinaren munduan gaua baita; eta itzalia jada metafisika, filosofian ilun dago berriro». Bestalde, Heidegger eta Holderlin aipatu orduko, Platon eta Homeroren arteko harremana ere gogora datorkio pentsalariari: «...Platonek berak horrela ikusi nahi izan du bere burua eta filosofiaren hastapena: alde batean, mitoa, poetak (Hesiodo, Homero); bestean, Logosa, presokratikoak eta, oroz gain, Platon bera, poesiarekin borrokan. Filosofiak ez bide du bere nagusitasun osoa bermatu ahal Homero errepublikatik desterratu duen arte».

Hilobiz hilobi izenekoan Azurmendik bidaia moduko bat proposatzen du Europako hainbat idazle eta pentsalariren hilobiak bisitatuz: Walter Benjamin, Antonio Machado, Paul Valery...

Kongresuan ez zuen parte hartu Maider Etxaniz irakasleak, baina existentzialismoaren inguruan ikertzen ari denez gero, libururako ekarpena egiteko eskatu zion Azurmendik, ziur aski literaturan eta euskal literaturan eragin handiena izan duen pentsamendu korrontea izan delako. Existentzialismoaren nondik norakoak azaltzeaz gain, Miguel Unamunok Txillardegirengan eta Xabier Leterengan izan duen eragina aztertzen du Etxanizek bere testuan, eta honako ondorio nagusi honetara ailegatzen da bukaeran: «Existentzialismoak, euskal Literatura Modernoan mundu ikuskera berria planteatzeaz gain, antropologia berria ere planteatu zuela, eta horrek mundu zaharraren eta berriaren arteko etendura suposatu zuela».

Javier Agirre filosofia irakaslea da liburuan parte hartu dutenetako bat. Parmenidesen egiarako bidea poesiatik artikulua idatzi du hark liburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.