Fiskaltzak 27 urteko zigorra eskatu du Imanol Arias aktorearentzat zerga iruzurragatik

Ana Duato lankideari eta biei hainbat zerga delitu egotzi dizkiete Nummaria auzian. Ariasek esan du «diru guztia» itzuliko duela.

Imanol Arias, 2018. urteko argazki batean. MARIA PAULINA RODRIGUEZ / EFE
2020ko martxoaren 6a
17:56
Entzun

Zigor eskaera gogorrak egin dituzte Imanol Arias euskal herritarraren eta Ana Duato valentziarraren aurka. Biak dira Espainiako telebista publikoko Cuéntame cómo pasó telesaileko aktore protagonistak duela hogei urtez geroztik. Orain, Nummaria auziko epaiketari egingo diote aurre; auziari abokatu batzuen bulegoaren izena jarri diote, Espainiako Fiskaltzak uste baitu bulego horrek bezeroen jarduera ekonomikoa ezkutatu izan diola Ogasunari. Bezero horietako bi dira Arias eta Duato, eta telesailerako lanean irabazitako diru ugari ezkutatu izana leporatu diete biei. Ariasentzat 27 urteko espetxe zigorra eskatu dute sei zerga deliturengatik; Duatorentzat, berriz, 32 urteko zigorra, zazpi deliturengatik.

Instrukzioko epaileak Auzitegi Nazionalari bidali dion dokumentuan Fernando Peña jo du bulegoaren arduraduntzat, eta hari egotzi dio «sozietateen egitura» horiek diseinatu izana, errentak ezkutatzeko. Fiskaltzak azaldu du bi aktoreek enpresa horien esku utzi zituztela haien irudi eskubideak, eta enpresek sinatzen zituztela kontratuak. «Gero, [aktoreentzako] ordainsaria adosten zuten, fakturatutakoa baino askoz ere diru gutxiagokoa, hilarteko errenta moduan», adierazi du ministerio publikoak.

«Egitura horren asmo bakarra zen jarduera profesionalaren errenta hilarteko errenta bilakatzea, legez kanpo jasotzeko halako errententzat araututako %60ko hobaria», gehitu dute. Fiskaltzaren arabera, Ariasek 2,7 milioi euroko iruzurra egin du; Duatok, 1,9 milioikoa.

Estatuaren abokatuak ere 28 urteko kartzela zigorra eskatu du bi aktoreentzat, 2009. eta 2015. urteen artean egindako zerga delituengatik. Denera 51 pertsona sartu dituzte auzian.

Akusazioen zigor eskaerak argitara eman dituztenean, Ariasek esan du «diru guztia» itzuliko duela, Europa Press berri agentziaren arabera. «Esaten didatena beteko dut», adierazi du. «Ezin dut ezer esan, eta ez dut ezer esan nahi. Ezin dut kolaboratu epaiketa paralelo batekin. Hiru urte daramatzagu honekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.