Bere akordeoiarekin, tex-mex musika mundu osora zabaltzen aitzindaria izan zen Leonardo Jimenez Flaco kantari, musikari eta soinu jotzailea. Bere estilo bereizgarrian, Mexiko iparraldeko eta Texasko doinu tradizionalak beste genero batzuekin nahastu zituen, hala polkarekin nola countryarekin, bluesarekin eta rockarekin. Horregatik, Texasko musika gordetzeko, berritzeko eta ezagutzera emateko lana nabarmendu izan zaio batez ere. Ostegun gauean zendu zen musikaria, 86 urterekin, eta hurbilekoak alboan zituela, haren familiak berri eman duenez.
San Antonion sortu zen Jimenez (Texas, AEB), 1939an, jatorri mexikarreko familia batean. Patricio haren aitona eta Santiago aita ere musikari ezagunak izan ziren, eta conjunto deritzon estilo tradizionala jorratu zuten. 7 urte baino ez zituela, aitarekin zuzenean jotzen hasi zen Jimenez, eta nerabezaroan bere taldea osatu zuen. Hainbat urtez San Antonioko inguruetan jotzen aritu zen.
1960ko urteetan elkarlana hasi zuen Doug Sahm musikariarekin, Sir Douglas Quintet taldean, eta beste hainbat artistarekin kolaboratuko zuen aurrerantzean. 1976an, esaterako, Ry Cooderren Chicken Skin Music diskoan parte hartu zuen, eta Cooder Show Time lanean ere bai hurrengo urtean —Europan barrena biran ere ibili ziren elkarrekin—. Geroago, Peter Rowanekin beste bi disko grabatu zituen. Eta aurrerago, The Rolling Stones, Bob Dylan, Linda Ronstadt eta Dwight Yoakam musikariekin ere kolaboratu zuen. Baita Oskorri taldearekin ere —Landalan (1995) diskoan lagundu zuen taldea—.

1986an bere lehen Grammy saria irabazi zuen, Ay te dejo San Antonio diskoarekin. Eta 1990eko hamarkadan, tex-mex generoaren ordezkari nagusi bilakatu zen Texas Tornados taldearekin, aitortza gehiago helduko zitzaizkion. Los Super Seven taldeko kide ere izan zen.
Zazpi hamarkadako ibilbidean, denera, sei Grammy sari bildu zituen —ibilbide osoa aitortzen ziona barne—, baita beste hainbat aitortza ere.