Folkera errenditu gabeko folka

Lehen lanean baino kantu propio gehiago eta soinu indartsuagoa du Kherau taldearen 'Aukhera' diskoak

Kherau taldeko kideak, Aukhera diskoaren aurkezpenerako egindako argazki batean. RUBEN PENA.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Sartu dira entsegu lokalera musikariak, eta hasi dira eskuetan darabilten kanta berria entseatzen. Bada denbora beren lehen diskoa kaleratu zutela, eta eskainia dute kontzertu sorta bat ere Euskal Herrian eta nazioarteko hainbat folk jaialditan ere. Folk boskote bat dira, funtsean, baina rock ukitu argia hartu die orain kantak. Eta taldekoek zalantza: «Hau ez dakit jo ahalko dugun». Eta, hain zuzen ere, hor dator jauzia. «Zergatik ez? Guri gustatzen zaigu!». Aske aritu nahi izan du Kherauk bere bigarren diskoa sortzerakoan. Aske eta presarik gabe. Folka egin dute, baina folkaren klixeei gehiegi erreparatu gabe. Zer etorri, hura jo. Kito. Eta 14 kantako diskoa osatu dute jarrera horrekin: Aukhera (Gaua). Bederatzi abesti propio sortu dituzte, bost doinu herrikoi moldatu.

Aurrez ezarritako ideiarik gabe sartu ziren estudiora, eta aurrez ezarritako eperik gabe. «Gu pozik gelditzeko moduko lana egin nahi genuen, eta ez genuen nahi presek hori baldintzatzerik», azaldu du Ibon Ordoñez gitarra jotzaileak. Ia urtebete eman dute Aukhera grabatzen, eta aurreko diskoan baino kanta propio gehiago sartu dituzte oraingoan. Eta indartsuagoa atera zaie musika, Aitor Esteban baxu jotzaile eta abeslariaren hitzetan. «Zuzenean konturatu gara kanta martxosoak gehiago gustatzen zaizkigula geldoak baino, eta modu naturalean joan da gogortzen soinua, konposizioa eta kanten estiloa. Baina ez da izan aurrez hartutako erabaki bat». Eta folka oinarri harturik, musika klasikoari, rockari eta metalari ere tartea utzi diete, Isiltasun ituna, Orreaga eta Salbatzaile kantuetan, hurrenez hurren.

Tartea eskaini diote esperimentazioari ere. Labeak, aspiragailuak eta industria makinak grabatu dituzte, adibidez, eta filtratu ostean, giroa sortzeko erabili dituzte zenbait abestitan. Denbora jolas bat ere egin dute hitzetan. Aipatzen dute 36ko gerra lehen kantan, eta bada salaketa kutsuko abestirik ere. Iraganera jota azaldu dute egungoa, maiz, eta etorkizunera ere jo dute oraingoa deskribatzeko. Laumilagarrenetik abestia aipatu du adibidetzat Estebanek. Herrikoia da kanturako hautatutako doinua, baina futurista da gaia. 4000. urtetik atzera begira jarri du bere burua kantuan taldeak. Ahots errobotikoz: «lehen hezur ta azal / orain bi zenbaki / erreparatu arren / zeruko izar bati / arima zer ote zen / gaur inork ez daki».

Jarrera asanblearioa

Taldearen jarrera «asanblearioa» nabarmendu du Gaizka Peñafiel Infernuko hauspoa blogaren sortzaileak. «Talde guztiek dituzte zaleak, baina besterik da zale horiek era pertsonalean tratatzea, eta haiek egiten dute». Ondarroako itsasertzeko kantaren grabaketa aipatu du adibide gisa. 100 pertsona inguru batu zituzten estudioan Kheraukoek. Taldearen zintzotasuna ere nabarmendu du blogariak. «Badakite musika estilo hau ez dela gehien saldua, baina haien estiloa da, eta hor sakontzea jotzen dute urtetik urtera».

Ezagutu ditu nazioarteko folk jaialdiak taldeak, baina orain Euskal Herriko musika eszenan sustraitu nahi dute beren burua. Estebanek eman du azalpena: «Beste bide horiei uko egin gabe, baina talde modura herrigintzan eta euskalgintzan txertatzea da orain gure asmoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.