Denboraren joanari, maiteminari, maitasunik aurkitu ezinari kantatutakoengatik da ezagun Françoise Hardy (Paris, 1944 - 2024), batik bat. Eta kantu horiek ezpainetaratzeko manera malenkoniatsuagatik; ahots eztiz, baina triste antzean. Baina baita ere, orobat, Hardydelako, 1960ko hamarkadaz geroztik, frantsesezko pop musikaren erreferente nagusi: ye-ye musika estiloaren olatu betean ibilbidea abiatu, eta chanson française-arekin eta rock izpiekin jostatuta, besteak beste hark urratutako bideetan murgildu zen Frantziako musika urrezko beste aro batean, modernitateari loturik. Doinu eta hitz askorengatik du sona Françoise Hardyk, abeslariak 1962an kaleratutako Tous les garçons et les filles kantua kasik ereserki gisara hartzeraino da maitatua, eta, akaso, pieza horrek azken mende erdian lortutako arrakasta da artistak utzitako ondarearen frogarik handiena. Atzo zendu zen, 80 urterekin.
Hogei urte baino gehiago zeramatzan Françoise Hardyk eri: minbizi linfatikoa izan zuen lehenbizi –koman izan zen 2016an–, eta zintzurrekoa diagnostikatu zioten ondotik. Sarri aitortu zuen gaixorik egoteak sufrimendu emozional handia eragiten ziola, eta, izatez, inoiz aitortu du prest zegoela hiltzeko. Hain zuzen ere, hiltzeko laguntza edukitzeko eskubidearen aldarrikatzaile sutsu izan zen Hardy: tinko egin zuen borrokan eutanasiarako eskubidearen alde, Frantziako presidente Emmanuel Macroni gutunak idazteraino, eske horrekin. Haren heriotzari dagokionez, Thomas Dutronc semeak eman du notiziaren berri, baina ez du beste informaziorik helarazi: «Ama joan egin da», zabaldu du sarean.
Erlazionatuta
Hardyk ziztuan lortu zuen arrakasta: telebistan. Ordurako, kontratu bat sinatua zuen Vogue diskoetxearekin, baina 1962ko Frantziako hauteskundeen kanpainan albistegi saio bateko etenean eginiko emanaldi batek bultzatu zuen haren ibilbidea. Hain zuzen ere, Tous les garçons y les filles de mon age kantatu zuen hartan. Urteetara, artistak aitortu du orduan apenas zekiela partiturak irakurtzen ere, eta musika idazten ere ez zekiela.
Ordutik hasita, 50 urte baino gehiagoko ibilbidean 30 albumetik gora eman ditu Hardyk. Hauek dira lan ezagunenetako batzuk: Le premier bonheur du jour, (1963), Mon amie la rose (1964), La maison ou j’ai grandi, (1966); Comment te dire adieu? (1968), Soleil (1970), Tant de belles choses (2004), eta La pluie sans parapluie (2010). 2018an kaleratu zuen azkena: Personne d'autre. «Mundu materiala agurtzeko nire modua da hau», adierazi zuen Hardyk disko hori eman berritan. Bestalde, aurrez, memoria liburu batean jaso zituen bizipen eta gogoeta ugari: Le désespoir des singes et autres bagatelles (2009).